Euskadik tabakismoaren aurkako borrokan eta osasuna babestearen arloan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ustez, Osasun Ministerioak gaur planteatutako Tabakismoaren Plan Integrala bat dator Euskadiko Adikzioen VIII. Planean (2023-2027) zehaztutako helburu eta ildo estrategikoekin. Plan hori iazko irailean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta, guztira, lehentasunezko 58 ekintza aurreikusten ditu Euskadi osasungarriagoa eta sentsibilizatuagoa izan dadin substantzien kontsumoak eta adikzio-jokabideek eragindako arriskuen aurrean.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan Tabakismoa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko 2024-2027 Plan Integrala (PIT) ezagutu ondoren, Euskadi Planean jasotako neurriak behar bezala ezartzeko lege-garapenaren eta finantzaketa-mekanismoen zain dago.

Nabarmentzekoa da Osasun Ministerioak Euskadik egindako ekarpenak txertatu dituela Planean, osasunaren babesaren arloan eskumena duten administrazio publikoen arteko kogobernantzari, komunikazioari, akordioak hartzeari eta koordinazioari dagokienez.

Tabakismoa osasun publikoko arazoa da mundu osoan, eta kalte egiten dio pertsonen osasunari. Horregatik, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela aurrera egitea osasunaren babesaren eta tabakismoaren aurkako borrokaren arloan.

Hala, Euskadin indarrean dagoen Adikzioen Planak —euskal instituzioek adikzioei eta droga-mendekotasunei aurre egiteko lau hamarkadako ibilbidean egin duten zortzigarrena da— dagoeneko jasotzen ditu Ministerioaren Tabakismoa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Plan Integralean planteatutako zenbait ekintza, hala nola lurrungailuen erabilerari buruzko neurriak.

Euskadiko Adikzioen VIII. Planak bost emaitza-helburu nagusi ezartzen ditu. Horiek Planaren indarraldian lortu nahi diren aurrerapenak adierazten dituzte. Zehazki: Euskadiko biztanlerian kontsumo eta jokabide adiktiboen hasiera saihestea edo atzeratzea; haien prebalentzia murriztea; sortzen dituzten kalteak minimizatzea; adikzioei lotutako osasunaren arloko desberdintasunak murriztea; eta adikzioei lotutako estigma murriztea.

Helburu horiek lortzeko, gainera, beste helburu instrumental batzuk planteatzen dira, urteotan garatu beharreko politika, programa eta jarduketei dagokienez lehentasunak bideratzeko gida gisa:

  • Portaera osasungarriak sustatuko dituzten eta substantzien kontsumoa eta adikzio-jokabideak desnormalizatzen lagunduko duten inguruneak aktibatzea, haien eskuragarritasuna eta eskaintza murrizteko egiturazko neurriak barne. Arreta berezia jarriko da familian, eskolan, lanean eta komunitatean.
  • Osasuna eta prebentzioa sustatzeko programak indartzea eta hobetzea, bizitzaren bilakaeraren ikuspegiaz (esku-hartzeak bizi-etapa bakoitzaren berezko beharretara egokituta) eta pertsonen kapitala eta baliabide emozionalak indartzea nabarmenduta.
  • Gizarteratzen laguntzeko asistentzia- eta babes-zerbitzuak indartzea eta hobetzea, ekitatearen ikuspegitik eta arreta berezia jarrita kalteberatasun-egoeran dauden pertsonengan.
  • Adikzioen arloko ezagutza eta berrikuntza garatzea eta zabaltzea.
  • Adikzioen arloan sektorearteko ekintza eraginkorragoa finkatzea.

Iaz Euskadin abian jarritako Plana prestatzeko, hainbat erakunde eta instituziotako 70 lagun baino gehiagok parte hartu zuen, baita eragindako pertsonek, haien familiek eta beste eragile sozial eta komunitario batzuek ere.