Mikel Jauregi sailburua Petronorren izan da deskarbonizazioaren eta trantsizio energetikoaren aldeko horren apustua ezagutzeko

0

Petronor funtsezko bazkidea da Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen lankidetza publiko-pribatuko proiektuetan industria-deskarbonizaziorako, Basque Zero Industrial Super Clusterrekin, eta trantsizio energetikorako, Hidrogenoaren Euskal Korridorearekin

 Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Muskizen izan da bertatik bertara ezagutzeko Petronorren jarduera eta Bizkaiko enpresa horrek industriatik eta teknologiatik deskarbonizazioa bultzatzeko abian dituen proiektuak. Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak hartu du sailburua, zeinak lagun izan dituen Andoitz Korta Industriako sailburuordea eta Mikel Amundarain EEE – Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia.

Findegiko instalazioak ibiltzeaz gainera, sailburuak ezagutu ahal izan ditu gero eta berriztagarriagoak diren erregaiak produzitzeko bidea ematen duten ekintza guztiak, hondakin organikoak (landare-olio erabiliak, biomasatik eta nekazaritzako elikagaien industriatik datozen hondakinak…) barne hartzen baitira.

Jarraian, Euskadin hidrogeno berriztagarria sortzen duen 2,5 MW-eko lehen elektrolizadorea bisitatu dute, eta bertatik bertara ezagutu dituzte 2050ean zero emisio garbietara iristeko egiten ari diren beste proiektu batzuk.

Emiliano López Atxurrak adierazi duenez, “Petronor funtsezko eragilea da Euskadiko eta Arku Atlantikoko industrian, energian eta teknologian, eta trantsizio energetiko jasangarri eta eutsiaren parte aktibo izan nahi dugu. Sozietate, enpresa eta partikular guztiei horniduraren segurtasuna bermatuko dien trantsizioa da. Erronka honekin bat egin nahi duten pertsonentzako inbertitzeko eta balioa eta etorkizuna sortzeko proiektu berrien aldeko apustua egiten dugu”.

Bestalde, Mikel Jauregi sailburuak balorazio hau egin du: “Petronor eragile ekonomiko eta industrial garrantzitsua da Euskadirentzat, eta jasangarritasunerantz aurrera egiteko berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa baloratzen dugu”. Eusko Jaurlaritzak lankidetza publiko-pribatuko eredu bat sustatzen du etorkizuneko erronka eta aukerei aurre egiteko —besteak beste, deskarbonizazio industrialari eta trantsizio energetikoari—, eta Petronor funtsezko bazkidea da bi arlo horietan”.

Beste euskal enpresa nabari batzuekin, kluster industrialen osotasunarekin eta SPRI taldearekin batera, Petronorrek Basque Net Zero Industrial Super Cluster ekimenean parte hartzen du, Euskadiko industriak 2050erako zero emisio garbi lortzea helburu hartuta. Gainera, BH2C – Hidrogenoaren Euskal Korridorean ere eragile garrantzitsua da. Proiektu horrek Euskadin hidrogenoaren ekosistema bat sortzea bultzatzen du, sektore energetiko eta industrialen deskarbonizazioan aurrera egitea ahalbidetuko duen ekosistema, eta EEE – Energiaren Euskal Erakundearekin batera beste euskal enpresa batzuk lankidetzan aritzen dira horretan.

“Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago izango dituen Euskadi baten alde egiten dugu, eta Petronor ezinbesteko kolaboratzailea da konpromiso horietan”, nabarmendu du Jauregik. “Bide horretan aurrera egiteko, Industria Plan berri batean lanean ari gara, Euskadi Europako berrindustrializazioaren aitzindari izan daitekeela sinetsita. Horretarako, gure ekosistema ekonomikoaren eskutik ibiliko gara, enpresa-, teknologia-, zientzia- eta finantza-ehun osoa partaide eginda, gainerako erakunde, kluster eta gizarte-eragileekin batera”.