Imanol Pradales lehendakariak Idoia Montón, Josu Bilbao eta Tractora Kooperatiba Elkarteari eman dizkie Gure Artea 2024 sariak

0

Imanol Pradales lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, Gure Artea 2024 sarien banaketaren buru izan da gaur. Sari horiek Euskadin arte plastiko eta bisualen arloan ematen diren sari garrantzitsuenak dira. Idoia Montónek ibilbide artistikoaren saria jaso du; Josu Bilbaok jarduera sortzailea aintzatesten duen saria, eta Tractora kooperatibak arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesten duena. Ekitaldia Orconera fabrika zaharrean egin da, egun topagune bihurtua ondare industriala balioan jartzeko.

Bere hitzaldian, lehendakariak azpimarratu duenez, Gure Artea sariekin “Euskadi Berria, biharko gure Herria, imajinatzen, konfiguratzen eta aurreratzen ari zareten pertsonak aintzatetsi eta balioan jartzen ditugu”. Lehendakariaren arabera, sarituek argi erakusten dute “Euskadin harrobia dagoela, talentu sortzaile izugarri handia dagoela”, eta hura zaintzeko konpromisoa hartu du. “Euskadin dugun sistema kulturala indartu nahi dugu: zuek artistek tresnak izan ditzazuela zuen potentzial guztia garatzeko, leku bat egon dadila zuen lanak erakusteko, eta gizarteak zuen obraz gozatu ahal izateko”, adierazi du.

Era berean, sarituen artean emakumeen presentzia nabarmendu du lehendakariak. Izan ere, bere hitzetan “gure panorama artistikoan erabakigarriak zarete, eta sari hau gidari eta akuilu izango da zuen urratsak jarraitu nahi dituzten gainerako pertsonentzat”.

Bestetik, ekitaldian izan dira Kulturako sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti, baita artearen eta kulturaren sektoreko beste agintari eta ordezkari batzuk, eta Barakaldoko alkatea ere, udalerri horretan egin baita sari-banaketa. Aurten Ismael Manterola arte historialariak, Carmen Garmendia erakusketa koordinatzaileak eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre artistek osatu dute Gure Artea 2024 sarien epaimahaia.

Ibilbide artistikoa aintzatesten duen saria: Idoia Montón

Gure Artea sarien epaimahaiak erabaki du aurten Idoia Montón artista donostiarrak jasotzea ibilbide artistikoa aintzatesteko saria. 30 urte baino gehiagoko ibilbidean, epaimahaiak “bere jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreiritzirik gabea nabarmendu du, ohiko kanonetatik desegina, joera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatuz. Bere lana erresilientea izan da eta modatatik kanpokoa”.

Artista bi dimentsioko eskulturarekin hasi zen, eta papiroflexiatik pinturan barneratu da, ahots pertsonal eta berritzailea eraikitzeko. Eskulturarekin lehen arrakasta izan zuen arren, pinturara itzuli zen, “bi diziplinak berez abstraktuak direla” iritzita.

Bere proiektu berrienetan, egungo krisi-garaiari erreparatu dio, eta errealitate horretara “ikuspegi kritiko batetik hurbildu da, pinturaren praktika erradikalizatzen ari dela jabetuta”. La Guerra bere argitalpenak Irakeko Kurdistanen egindako egoitzarekin lotzen duen bere lanaren azken bost urteak erakusten ditu.

Epaimahaiaren arabera, bere lanaren ezaugarri nagusiak dira “moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzea, genero, lengoaia eta teknikei dagokienez”. Bere lanak Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium Museoaren eta San Telmo Museoaren bildumetan daude. Orain, erakusketa bat prestatzen ari da Bartzelonako Konvent kultur elkartean 2024ko udazkenerako.

Jarduera sortzailea aintzatesten duen saria: Josu Bilbao

Epaimahaiak erabaki du aurten Josu Bilbao bermeotarrak jasotzea Gure Artea saria, bere jarduera sortzailea aintzatesteko.

Epaimahaiaren ustez, Josu Bilbao “artisten belaunaldi berri bateko kide da, eta artista horien lanek interes bera dute, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa”. Bere praktika artistikoa “interbentzio eskultorikoak egiteko erabiltzen dituen materialak eta espazioak behatzetik eta haiekiko elkarrizketatik abiatuta taxutzen da. Bere sorkuntzak etengabeko ikerketa-prozesutzat hartzen ditu”, eta bere lan guztietan agertu izan da “austeritate” kontzeptua. Josu Bilbao Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterra egin zuen. Epaimahaiaren arabera, “prestakuntza bikoitza da, eta bi jatorritako materialekiko interesa erakusten du: eskultura eta ahozko tradizioa”. Sari hau lortzeko arrazoien artean, epaimahaiak bere jarrera berezia azpimarratu du, “praktikaren beraren potentzialtasunetik abiatuta jarduteko modu bat aldarrikatzen baitu, hau da, artistena, erakusketa-espazioen erabiltzaile gisa”. Gainera, bere sormen-lanak bakarkako lana gainditzen du, eta garrantzitsua da, epaimahaiaren ustez, “euskal testuinguru artistikoari egindako ekarpenak aitortzea, artistei beren erakusketa-prozesuetako egoeretan laguntzeko”.

Josu Bilbaoren lana Bilduma Partekatuan dago (Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera). 2023an Arte Plastikoetako Leonardo beka jaso zuen. Orain, bi erakusketa indibidual prestatzen ari da: Artium Museoan eta Espai 13n, Miró Barcelona Fundazioarena, biak 2025erako.

Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesten duen saria: Tractora Koop.E.

Tractora Koop. E.k Gure Artea saria jasoko du, arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko. Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta dira proiektuaren buru.

Tractora 2018an hasi zen lanean, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko ere. Epaimahaiak sari hau Tractorari ematea erabaki du, “euskal komunitatearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagatik, bere jardueren kalitateagatik eta berezitasunagatik, bere proiektuak beste sektore kultural batzuekin lankidetzan garatzeagatik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagatik eta balioesteagatik, eta horien garapenean eta sustapenean duen garrantzi artistiko-kulturalagatik, abian jarri dituzten 3 programen bidez”. Lehena Kinu da, ikus-entzunezko praktika artistikoari lotua; Barrunbe egoitzen programa bat da, lankidetza-proiektuak sustatzeko; eta Foku erakusketa-programa bat da, testuinguruko artista garrantzitsuen ibilbidean arreta jartzea eta horretarako sarbide informatua ahalbidetzea helburu duena.

Hau izan da epaimahaiaren balorazioa: “Artisten prozesuak zaintzeko duen konpromisoa, bakoitzak bere berezitasunean behar duen azpiegitura material, ekonomiko, administratibo eta afektiboa eraikiz. Emaitza jauzi kualitatibo bat da artisten ekoizpenetan”.