García Chueca sailburuak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio-azterlana onartu izana baloratu du, Bizkaian luzaroan itxarondako obra «estrategikoa» baita

0

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du urrats honekin Euskal Trenbide Sareak 2025ean eraikuntza-proiektuen onarpenean eta obren lizitazioan aurrera egin ahal izango duela.

 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Ministro Kontseiluak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio-azterlana onartu izana «albiste bikaina» dela adierazi du gaur, Bizkaian «luzaroan itxarondako obra estrategiko honetan» aurrera egiteko. Azpiegitura berriak salgaientzako berariazko trenbide-trazadura berri bat sortzea dakar, Ezkerraldea zeharkatzen duen aldiriko sarea erabilera horietatik libratzea ahalbidetuko duena, Santurtzi eta Olabeaga (Bilbo) artean 12 kilometroko linea bat sortuz, 484,7 milioi euroko inbertsioarekin.

Informazio-azterlana onartzeak azpiegitura berriaren proiektuaren «administrazio-fasea amaitzea» dakar, sailburuak azaldu duen bezala. Garraioetako arduradunak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako kudeaketa-aginduari esker, orain Jaurlaritzaren txanda izango da. Hemendik aurrera, Euskal Trenbide Sareak (ETS) epeak ahal den neurrian arintzeko aldi berean landu dituen eraikuntza-proiektuak onartuko ditu, eta, García Chuecak azaldu duenez, urrats horren ondoren, obrak lizitatzen hasi ahal izango da.

Sailburuak adierazi duenez, «azpiegitura oso garrantzitsua da, mugarri izango dena: lehenik, trenak aterako ditu hirietatik, eta Ezkerraldeko eta Bilboko herritarren bizi-kalitatea hobetuko du, eta, bigarrenik, ekonomia bultzatuko du, portua hobeto eta modu jasangarrian lotuz».