Gobernu Kontseiluak Plazak Betetzeko Dekretuaren aldaketa onartu du, Ertzaintzan behin-behineko atxikipenak egin ahal izateko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Segurtasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretua aldatuko du. Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen bezala, dekretuaren 10. artikulua aldatuko da, funtzionario berriak eta barne-sustapenaren bidez kategoria berrietara iristen direnak atxikitzeko araubidea Ertzaintzaren antolaketa-beharretara egokitzeko.

Gaur onartutako aldaketak behin-behineko atxikipena ahalbidetzen du, egungo behin betiko atxikipenaz gain, polizia-zerbitzuaren funtzionamendu hobea bermatze aldera. Behin-behineko atxikipena funtzionario sartu berriei aplikatuko zaie, bai eta barne-sustapenaren bidez kategoria berrietara sartzen direnei ere, dagozkien hautaketa-prozedurak amaitutakoan. Aldaketa horren helburua lanpostuak betetzeko prozedurak optimizatzea da, giza baliabideen kudeaketa eraginkorra eta Ertzaintzan dauden lanpostu hutsen estaldura arina bermatuz.

Aldaketa horren bidez, zerbitzuan dauden 8.000 langile erreal lortzeko oinarriak ezarri nahi dira; izan ere, aurreko barne-lehiaketetan sortutako lanpostu hutsak bete ahal izango dira, sartzeko eta mailaz igotzeko sustapenetarako deialdia eginez. Horrela, Ertzaintzan lanpostu hutsik ez geratzea lortu nahi da, urrats garrantzitsua baita gabeziak ezin direlako bitarteko edo aldi baterako langileen kontratazioarekin ordezkatu, beste funtzionarioen kidegoekin ez bezala.

Lanpostuak Betetzeko Dekretua aldatuta, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren giza baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna hobetuko du, herritarrei zerbitzu publiko onena eskaintzeko.