Euskaraldia hasteko astebete falta denean, Eusko Jaurlaritzak «jantzitxapa» kanpainarekin parte hartzera animatzen ditu herritarrak

0
  • Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Euskaraldiaren arduradunek Euskaraldiari lotutako ekimenak aurkeztu dituzte
  • Euskaraldia euskararen aldeko hizkuntza elementuak aldatzeko ekimena da, eta maiatzaren 15etik 25era izango da

Datorren maiatzaren 15ean hasiko da EUSKARALDIA eta Eusko Jaurlaritzak komunikazio kanpaina bat jarri du abian, herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatzeko. «Jantzi Txapa» leloarekin, herritarren inplikazioa eskatzen da lagunen artean, merkataritzan edo lan-esparruan.

Gaur goizean EiTBren egoitzan egin den aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzak bereziki azpimarra jarri du euskara hitz egiteko urratsa ematen ez duten pertsonak: «denok gara garrantzitsuak euskararentzat».

Nola parte hartu?

Parte hartzeko izena eman behar da Euskaraldiaren webgunean.

Izena ematerakoan, parte hartzeko bi roletako bat aukeratu behar da:

  • Ahobizi: ahobizi gisa aritzea aukeratzen dutenek euskaraz hitz egingo diete euskara ulertzen duten guztiei aipatutako 11 egunetan. Era berean, euskaraz hitz egiten edo ulertzen ez dakiten pertsonei ere euskaraz hitz egingo diete lehenik, eta hizkuntza hori ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiten jarraitzeko konpromisoa hartuko dute.
  • Belarriprest: Belarriprest izatea erabakitzen dutenek ez dira beti euskaraz hitz egitera behartuta egongo, noiz egin erabakiko dute, baina euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz hitz egitera gonbidatuko dituzte.

Parte-hartzaileak txapa bat jantziko du, bi roletako zein hartzen duen adieraziz, bere partaidetza ikusarazteko eta gainerako gizarteari euskara ulertzen duela eta, beraz, beraiekin horrekin euskaraz komunikatu daitekeela ikusarazteko.

EITB

«Egun On», «Gaur Egun», «Teleberri», Orain online albiste zerbitzuak eta baita Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere, bertatik bertara jarraituko dituzte maiatzaren 15ean hiriburuetako hasiera ekitaldiak zein hilaren 26ko balorazio agerraldia. Halaber, ETBko «Biba Zuek» eta Euskadi Irratiko «Baipasa» irratsaioa Getxoko Portu Zaharrean dagoen Gure Zirkutik emango dira, bertan egingo baita hasiera ekitaldia. ETBko albistegietan, gainera, egunero pieza berezi bat egingo da 11 egun horietan, Euskaraldia hainbat alderditik jorratuta. 11 egun, 11 gai dinamikari jarraituz, EITB Taldeko irratsaioetan eta sareetan ere euskarak esparru ezberdinetan duen presentziari erreparatuko diote. Halaber, Radio Euskadiko lankideek aurtengo Euskaraldirako hartu duten konpromisoaren berri emango dute promo laburren bitartez eta entzuleak animatuko dituzte gauza bera egitera.

ETBko programazioan egunero egingo zaio tartea ekimenari eta Bulegok Euskaraldiarentzat sortutako «Gure bihotzaren taupadak» kanta izango da saio eta tarte berezien soinu banda. Horrez gain, maiatzaren 18an, Antton Telleriak eta Ilaski Serranok aurkeztuta «Euskaraldia Lau Haizeetara» saio berezia izango da ordutegi nagusian. Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta euskarazko hizkuntza praktikak errotzeko ahaleginean laguntzea izango du helburu. Emozioz, istorio hunkigarriz eta umorez beterik egongo da.

Euskaraldi bete-betean Milioi bat ordu, milioi bat esker kanpainan murgilduta egongo da PRIMERAN plataforma, milioi bat ordu euskaraz kontsumitu direla balioan jartzeko. MAKUSIn, Euskaraldiak proposatu duen programa didaktikoaren berri emango dute eta gure etxeko txikienek Hur Iratxoarekin kontzeptu berriak ikasteko aukera izango dute.

Gaztea unibertsoak ere landuko du Euskaraldia hainbat formatutan, elkarrizketa, aipamen eta konexioen bidez.

GUAU audio plataformak, beste eduki batzuen artean, «Ahalaken» soinu-fikzioaren estreinaldia dakar. Adimen Artifizialaz landutako proiektu transmedia honek euskararen jatorria du abiapuntu, eta gure hizkuntzaren misterio, aberastasun eta indar sinbolikoari erreparatzen dio. «Ahalaken» aurkezteko prentsaurrekoa egingo da maiatzaren 20an Donostiako San Telmo museoan.

Bestalde, flashmob erraldoi bat antolatu du EITBk maiatzaren 23rako, «Gure bihotzaren taupadak» abestia dantzatzeko, «Go!azen»eko aktoreen laguntzarekin eta Nahia Sillero aktorea ekitaldiaren gidari dela. Donostiako Alderdi Ederren izango da 19:30ean eta deialdi zabala da euskararen alde guztiok bertan batera parte hartzeko.

Horrez gain, EITBk grabaketa seta prestatu du, lankideen zein gure egoitzetatik pasatzen diren gonbidatu eta kolaboratzaileen parte hartzea sustatzeko. Helburua da bakoitzak bere bideoa grabatzea, Euskaraldiarekin bat egiten duela adieraziz, eta sareetara igotzeko #Euskaraldia2025 eta #EuskaraldiaEITB hastghak erabilita.

EITBren hedabide eta plataformetan sortzen diren edukiak sareetan zabalduko dira eta Euskaraldiari jarraipena egingo zaio Instagramen @eitblive profilean. Halaber, hilaren 23ko flashmoba streaming bidez zuzenean emango da eitb.eus-en.