Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du gaur erreferentziazko autonomia erkidegoa dela Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funts europarrak eskuratzeko eta kudeatzeko garaian. Martxoaren 31n eguneratutako datuen arabera, funts horien onuradun zuzen izan dira 21.000 enpresa baino gehiago eta ABEE, 3.153 milioi euro lortuz.
Europako funtsei buruz hiru hilean behin Eusko Legebiltzarrean egiten duen agerraldian, Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren aburuz, “nabarmentzekoa da gure ehun ekonomiko eta industrialean Europako funtsak izaten ari diren zeharkako eragina, 24.411 aktore ekonomiko, sozial eta etxebizitza unitateri onura eginez”.
21.418 enpresa txiki eta ertainekin batera, 242 enpresa handik jaso dute funts guztien % 31, eta euskal empresa sareak motor ekonomiko gisa duen zeregina sendotu dute. Eragin ekonomikoa, hori bai, haratago doa: ia 700 fundaziok 294 milioi kudeatu dituzte (% 8), eta familiek 118 milioi jaso dituzte (% 3), Euskadik bereganatu duen 3.565 milioi euroko inpaktu sozial eta ekonomiko integrala osatuz.
Horrek guztiak zifra errekorrak utzi ditu: Euskadik 3.673 milioi euro lortu du mobilizatzea, aurreko hiruhilekoan baino 199 milioi gehiago. 1.299 milioi euro autonomia erkidegoaren kudeaketari dagozkio, 2.075 milioi euro estatuaren kudeaketari –horien artean, 215 milioi euro maileguetan eta 78 milioi euro bermeetan– eta 299 milioi euro euskal enpresek beste autonomia erkidego batzuetan irabazitako lizitazioei.
Torres Lehendakariordeak azpimarratu du Euskadik ahalmena duela funtsak % 74,4ko zehaztapenarekin egikaritzeko, Estatuko batez bestekoa (% 64,4) 10 puntutan gaindituz, eta nabarmendu du Europak esleitutako mugarri eta helburuen % 90 bete direla. Gainera, goraipatu du euskal enpresek “aparteko lehiakortasuna” erakutsi dutela Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (PERTE) 208 milioi euro –Estatuko funtsen % 8,3 eta erkidegoen % 6– bereganatuta, biztanleriaren pisuaren arabera legokiokeenaren ia bikoitza (% 4,7).
Azken hiruhilekoan, MRR funtsen egikaritzak 64 milioi euroko hazkundea izan du Euskadin. “Maileguak bultzatzeko fasean gaude. Euskadiko funtsen hazkundea gure enpresek Estatuko kudeaketa funtsen dirulaguntzak eta lizitazioak jasotzearen ondorio da”, ziurtatu du Torresek.
Egikaritze mailan aldaketarik handiena izan duten proiektuak hauek izan dira: egoitza zentroak berritu edo eraikitzea (38,1 milioi euro), mugikortasun iraunkorra (9,3 milioi euro), Lanbide Heziketa bultzatzea (8,5 milioi euro) eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako planak (4,9 milioi euro). “Emaitza horiek euskal ereduaren sendotasuna erakusten dute. Lanean jarraituko dugu Europako euro bakoitza ongizate eta hazkunde bihur dadin gure herritarrentzat, Euskadi Europako funtsen kudeaketan erreferente gisa sendotuz”, baieztatu du.