NAREk Kolonbiako eta Ekuatore Gineako giza eskubideen hiru defendatzaile hartu ditu

0
  • NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programak giza eskubideak eta gizarte-justizia defendatzeagatik bizitza arriskuan duten pertsonak babesten laguntzen du
  • 2011tik, Kolonbia, El Salvador, Honduras, Guatemala, Peru, Nikaragua edo Mendebaldeko Saharatik etorritako 42 pertsona hartu ditu.

Bilbo, 2025eko ekainaren 9a.- NARE – Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programak Kolonbiatik eta Ekuatore Gineatik etorritako 3 emakume hartuko ditu aurten. Aktibista horiek lurraldearen eta sexu-aniztasunaren defentsan lan egiten ari dira, eta aldi baterako hartu dituzte Euskadin, beren herrialdeetan jasaten dituzten jazarpen eta mehatxuek eragindako higadura fisiko eta emozionaletik errekupera daitezen eta babes eta elkartasun politikorako sareak handitu ditzaten.

Hauek dira NAREk hartzen dituen ekintzaileak: Anaidalyt Delgado Lezama, Kolonbiako gatazka armatuaren biktimen aldeko borrokan inplikatuta dagoen gizarte-liderra eta Antioquiako Desplazatuen eta Emakumeen Elkarteko (ADMA) kidea; eta Maria Isabel Obono Obama Mangue eta María Esther Mbang Nguema Mangue Ekuatore Gineako LGTBIQ+ populazioaren giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

NARE programak, 2011tik, Kolonbia, El Salvador, Honduras, Guatemala, Peru, Nikaragua edo Mendebaldeko Saharatik etorritako giza eskubideen 42 defendatzaile hartu ditu. Aurten, lehen aldiz hartu ditu Ekuatore Gineako pertsonak.

NARE programari buruz

NARE programaren helburua da haien jatorrizko herrialdeetan giza eskubideen eta gizarte-justiziaren defentsan egiten duten jardueragatik bizitza edo integritate fisiko eta emozionala arriskuan duten pertsonak babesten laguntzea eta, horretarako, Euskadin 6 hilabetez, gutxi gorabehera, hartzea.

Denbora horretan, defendatzaileek agenda politikoa garatzen dute hainbat erakunde publikorekin eta gizarte-erakunderekin, nazioarteko laguntza-sareak ehundu eta indartze aldera. Sare horiek haien herrialdeetara segurtasun-baldintza handiagoetan itzultzen lagunduko diete, baita haien jatorrizko herrialdeetan giza eskubideen defentsan lanean jarraitzen ere.

Gainera, harrera-aldi horretan, atsedena har dezakete eta indarkeria soziopolitikoak eta indarkeria matxista eta LGTBIQ+fobikoek sortzen dituzten inpaktu fisiko eta emozionalei erantzun diezaiekete. Hartara, pertsona horiek indartsuago itzul daitezke.

NARE programak Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritza du buru, eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntza du, baita Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen koordinazio teknikoa ere.

Euskal Herriko Kolonbiarren Elkarteak (ASOCOLVAS), Más Mujeres erakundeak eta Sudergintza Kooperatibak osatuko dute aurten Laguntza Sarea. Erakunde horiek lan-ibilbide luzea egin dute, bertan hartu diren emakume defendatzaileen lurraldeetan eta gaietan.

Hegoa Institutuak (Euskal Herriko Unibertsitatea), Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak (Deustuko Unibertsitatea), Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak, Eskubidez erakundeak eta Eusko Legebiltzarrak osatzen dute laguntza akademikoa, antolatzailea eta instituzionala.

Giza eskubideen defendatzaileak beren jatorrizko herrialdeetara itzuli ondoren, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak eta lankidetzaren eta elkartasunaren arloko Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek osatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzak jarraipen-bisita egiten die tokian bertan, hartutako pertsonen eta haien erakundeen egoera pertsonalaren eta kolektiboaren jarraipena egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eta elkarteen babesa ikusarazteko eta, horrela, haien babesean eta segurtasunean laguntzeko.

Aurtengo parte-hartzaileei buruz

ADMA (Antioquiako Desplazatuen eta Emakumeen Elkartea) – Kolonbia

ADMA elkarteak lege-eragina duten komunitate-prozesuak gidatzen ditu, Biktimen eta Lursailak Itzultzearen 1448/2011 Legearen formulazioan esaterako. Gatazka armatuaren biktimak ordezkatzen ditu, eta eskubideak berrezartzen eta lursailak itzultzen laguntzen du.

Anaidalyt Delgado Lezama lider sozial nabarmena da, giza eskubideen defendatzailea eta bakearen eraikitzailea. 15 urtetik gorako ibilbidea du Kolonbiako gatazka armatuaren biktimen aldeko antolaketa-prozesuetan eta prozesu politikoetan. Bere lana aitortu diote eskualdean eta nazioan, egiarekin, justiziarekin, erreparazioarekin eta ez-errepikatzearekin hartu duen konpromisoagatik, indarkeriak gogorren jo duen lurraldeetako batean: Bajo Cauca antioqueño eskualdean. ADMAren sortzailea da eta Medellingo Biktimen Udal Mahaiko koordinatzailea gaur egun.

Somos Parte Del Mundo (SPDM) kolektibo feminista eta LGTBIQA+ – Ekuatore Ginea

Diskriminaziorik ezaren printzipioetan oinarritzen den kolektibo hori 2016an sortu zen, LGTBIQA+ komunitatea eta Ekuatore Gineako emakumeak aintzatetsi eta gizarteratzearen alde borroka egiten duen elkarte gisa. Elkartearen helburua da LGTBIQA+ pertsonen eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden emakumeen autonomia eta garapen aske eta osoa sustatzea, eta, horretarako, askotariko ekimenak bultzatzea: eskolaratzeko mikrobekak, osasun-laguntza, elikagai-bankua, sendagai-bankua eta tailerrak.

SPDM elkartea Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersex-en Nazioarteko Elkarteko (ILGA) kidea da.

María Isabel Obono Obama Mangue Ekuatore Gineako LGTBIQ+ populazioaren giza eskubideak defendatzen dituen ekintzailea da. Duela 10 urtetik hona, Somos Parte del Mundo (SPDM) elkartean egiten du lan. Elkarte horren barruan, eta homosexualitatea delitutzat jotzen den herrialde batean, sexu-orientazioagatik espetxeratutako pertsonei laguntzen die, baita GIBa duten eta osasun integraleko zerbitzuak jasotzeko aukerarik ez duten pertsonei ere.

María Esther Mbang Nguema Mangue figura nabarmena da Ekuatore Gineako LGTBIQA+ kolektiboaren barruan. Komunitatean aitorpen handia du bere etengabeko aktibismoagatik, giza eskubideen aldeko borrokagatik eta sexu- eta genero-aniztasuneko pertsonek aurre egin behar dioten indarkeria instituzionala eta soziala ikusarazteko egindako lanagatik.