Hezkuntza Sailak musika-eskolei laguntzen jarraituko du, eskola horiek adin guztietako pertsonei aukera ematen baitiete musika bizitzako jarduera garrantzitsua izan dadin, prestakuntzaren zein zaletasunaren aldetik. Udal titularitatepeko zentroek 13,8 milioi euroko zuzkidura dute
Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, musika-irakaskuntzako ikastetxeen kostuak finantzatzen laguntzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duten Aginduak onartu ditu gaurko bileran. Bi lerro ezberdin dira: bata udal titularitatepeko zentroetarako eta bestea zentro pribatuetarako. Bi deialdiek, orotara, 16,4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango dute.
Udal titularitatepeko zentroek 13.800.000 euroko laguntza-lerroa dute, 2024-2025 ikasturteko langile-, ekipamendu- eta funtzionamendu-kostuak finantzatzeko.
Zentro pribatuei dagokienez, 2.423.810 euro % 25eko edo gehiagoko udal finantziazioa duten Musika Eskola Pribatuetarako dira, eta 385.000 euro % 25etik beherako udal finantziazioa duten Musika Eskola Pribatuetarako eta Titulartasun pribatuko Musikako Zentro Baimendu Profesionaletarako.
Musika-eskolen funtsezko papera
Laguntza-lerro hauen helburua da musika-eskolak eusten laguntzea. 2025-2026 ikasturteko langileen, ekipamenduaren eta funtzionamenduaren kostuak ordaintzeko dira.
Musika-eskolek funtsezko zeregina dute adin guztietako pertsonek musika beren bizitzako jarduera garrantzitsu bihur dezaten, prestakuntzari, zaletasunari eta norberaren errealizazioari dagokienez. Gaur egun, 85 musika-eskola daude Euskadin, publikoak zein pribatuak, eta 32.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute horietan.






