“A tempo IX” musika eta arte astea Hondarribian, otsailaren 2tik 6ra

0

Otsailaren 2tik 6ra bitartean egingo da Hondarribiko Musika Eskolan “A tempo IX” musika eta arte astea, diziplina anitzeko egitarau zabalarekin. Musikak, dantzak, antzerkiak, literaturak eta gogoetarako espazioek bat egingo dute aste honetan, ikasle, familia eta herritar guztiei zuzendutako proposamenekin.

Ekimen honen helburua sormen artistikoa, hezkuntza eta komunitatea lotzen dituen proiektua sendotzea dela azaldu du Musika eta Dantza Eskolako ordezkari Amaia Garciak, Musika Eskolan egiten den lan pedagogikoari balioa eman eta herrira irekitzeko asmoz. Haren hitzetan, “A tempo astea guretzat ikaskuntza-prozesuaren parte da; ikasleek eguneroko lanetik abiatuta bestelako diziplinekin harremanean jartzeko aukera dute, musika ulertzeko eta bizitzeko modu zabalagoa landuz”. Halaber, azpimarratu du “Musika Eskola ez dela soilik ikasteko gunea, elkargune bat baizik, eta proiektu honen bidez ikasleen autonomia, sormena eta adierazpen-gaitasuna indartu nahi ditugula, esperientzia artistiko esanguratsuak biziz eta taldean lan eginez”.

Bere aldetik, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak Musika Eskolak urte osoan zehar egiten duen lana balioan jarri nahi izan du: “A tempo astea Musika Eskolan egiten den lanaren isla bikaina da: hezkuntza artistikoa, kalitatea eta balioak uztartzen dituen proiektua. Udaletik bereziki baloratzen dugu ekimen honek ikasleak, familiak eta herritarrak elkarrekin biltzeko duen gaitasuna, kulturaren bidez komunitatea indartuz”.

Era berean, Alonsok azpimarratu du egitarauak adin guztietako herritarrei zuzendutako proposamenak eskaintzen dituela, eta Hondarribiak kultura eta hezkuntza ardatz dituen herri izaten jarraitzeko duen konpromisoa indartzen duela.

Kartela eta egitarauaren diseinua

A tempo IX” edizio honetako kartela eta egitarauaren diseinua Dolo Marina Zufia artistaren lana da. Irungo Pio Baroja BHIn marrazketa irakasle izandakoa, naturatik zuzenean lan egiten du, aurretiazko zirriborrorik gabe, kolore argiak eta pintzelkadaren bat-batekotasuna uztartuz.

Kartelak ilunabar baten une zehatza iradokitzen du, soinuaren, argiaren eta mugimenduaren arteko oreka irudikatuz, “a tempo” kontzeptuarekin bat eginez.

Egitaraua

Astean zehar, askotariko jarduerak eskainiko dira:

  • Javier Urra Portillo psikologoaren hitzaldia: “Un sufrimiento silencioso y silenciado”. Bullying-a izango du ardatz, eta galderak egiteko tartea eskainiko da. Familia, ikasle, irakasle eta interesa duen ororentzat.
  • Musika goiztiarreko ikasleentzat, “Haur txikiak, jostailuak… eta sinfonia bat” tailerra. J. Haydnen Jostailuen Sinfonia oinarri hartuta, ganbera musika talde txiki batek eta zuzendari batek parte hartuko dute, haurrek eta familiek esperientziaz gozatzeko aukera izan dezaten.
  • 4, 5 eta 6 urteko ikasleek, irakurketaz gozatzeko saioa izango dute Leire Bilbao idazlearen eskutik, Klera eta Barruko hotsak liburua abiapuntu hartuta.
  • Kontakto eta Musika Hizkuntzako 1. mailako ikasleentzat, eta Euskal Dantzako 1. eta 2. mailako 2A taldearentzat, “Esperantza Kapitaina” tailerra. Antzerki musikal txiki baten bidez, ahots-lan eszenikoa landuko da, Josu Elberdinen obraren inguruan eta Gaizka Sarasola irakasleak idatzitako poemarekin. David de Oliveira de Oliveira irakasleak gidatuko du tailerra, eta emaitza otsailaren 6ko kontzertuan aurkeztuko da.
  • Musika Hizkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleek, eta Euskal Dantzako 2B eta 3. mailako taldeek, “DBB. Doinuaren Borobiltasunaren Bila” tailerra izango dute Arantza Iglesias dantzariaren eskutik, borobiltasunaren kontzeptua gorputz-adierazpenaren bidez lantzeko.
  • Laborategi eta irakaskuntza indartzeko taldeentzat, “Tardes de verano” tailerra antolatu da. Fabián Martínez irakasleak, Bilboko Digipen animazio digitaleko eskolarekin elkarlanean sortutako film labur baten irudien gainean, ikasleek zuzeneko musikazioa egingo dute.
  • 3. mailako ikasleek, Daniel Barenboim eta Edward Said Divan Orkestra. Ezagutza da hasiera saioa izango dute, dokumental zatien bidez kulturarteko elkarrizketan oinarritutako proiektua ezagutzeko.
  • Gitarra ikasleentzat, “Masterclass txiki” bat eskainiko du Enrique Solinis gitarristak (Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioa).
  • Ikasle helduentzat eta interesa duen ororentzat, “Mi vida a escena” tailerra, Ana Pimenta antzerki zuzendari eta aktorearen gidaritzapean.
  • Dantzara. Plazara!”, giro ludiko eta komunitarioa sortzeko dantza topaketa, Ibon Huarte irakasleak gidatua.
  • Inauterietako kalejirari begira, “Inauteriak datoz” entsegua egingo da parte hartu nahi duten instrumentista guztientzat. Aurtengo gaia: “Amalurra, Natura, Mendia”.

Astea amaitzeko, otsailaren 6an, ostiralez, 18:00etan, hainbat espezialitatetako ikasleen kontzertua izango da Kultur Etxean.