Bengoetxeak azpimarratu du “2026 urte garrantzitsua” izango dela Bilboko Arte Ederretako Museoarentzat” Patronatuko presidente berri gisa egindako lehen agerraldian,

0

Ibone Bengoetxea: «Patronatuko presidentetza urte garrantzitsu batean hartzen dut, ohorez eta erantzukizunez. Obrak martxan daude, eta 2026ak mugarri bat ekarriko du Arte Ederren Bilboko Museoarentzat.

Gaur goizean aurkeztu da Bilboko Arte Ederretako Museoan «After Hopper. Grabados de José Antonio Azpilikueta. Donación José Ignacio Olave» erakusketa, ikusgai izango dena otsailaren 2tik 19ra bitartean. Aurkezpen ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, eta Patronatuko presidenta berria; Mikel Lertxundi, erakusketako komisarioa; Jose Antonio Azpilikueta artista; Jose Ignacio Olave, dohaitza-emailea; eta Miguel Zugaza, Museoko zuzendaria.

Bere hitzartzean, lehen lehendakariordeak azpimarratu du patronatuko presidentzia «ohorez eta erantzukizunez» hartzen duela: «Patronatuko presidentetza urte garrantzitsu batean hartzen dut, ohorez eta erantzukizunez, une erabakior batean. Obrak martxan daude, eta 2026ak mugarri bat ekarriko du Arte Ederren Bilboko Museoarentzat».

Era berean, Bengoetxeak instituzioen konpromisoa berretsi du: «Gaur hemen egotea adierazten du instituzioek kulturaren aldeko apustu argia egiten dugula, eta azpiegitura publiko hau bezalako espazioak babesten ditugula».

Erakusketa: After Hopper. Grabados de José Antonio Azpilikueta. Donación José Ignacio Olave

José Antonio Azpilikuetak Edward Hopper estatubatuarraren pinturan oinarrituta egindako dozena bat estanpa gehitu dizkio museoak bere funtsari, José Ignacio Olave arte-editorearen dohaintzari esker.

Erakusketan dagoen multzoa Olavek iaz museoari emandako karpetari (2/5) dagokio. Horiez gainera, argitaratzaileak hirurogeita hemezortzi obra eman ditu, 2022. urteaz geroztik.

After Hopper (Gau amerikarra)

Hirurogeita hamar urte betetzen zituela-eta, José Ignacio Olavek (Bilbo, 1953) hamabi marrazki eskatu zizkion Azpilikuetari, Edward Hopperren (Nyack, 1882-New York, 1967) margolanak oinarri hartuta, berak idatzi eta editatutako beste horrenbeste kontakizuni laguntzeko.

Drama The Far East Tea Gardenen / Chop Suey (1929)

Bizitzeko beste modu bat / House by the Railroad (1925)

Bide eliptikoa / Hotel Room (1931)

Queensen galdua / New York Movie (1939)

Zure eguzkia ikusi nahi dut / Morning Sun (1952)

Ezkontza Newporten / Hotel Lobby (1943)

Ilargi berriaren argia / Room in New York (1932)

Hurrengo geltokia, St. Vincent’s Hospital / Compartment C, Car 293 (1938)

Bizitza bat alferrik / Nighthawks (1942)

Igande goiza mugan / Early Sunday Morning (1930)

Arrastoak zeuden zeruan / Excursion into Philosophy (1959)

Fivetown Lighthouse / Cape Cod Morning (1950)

Olavek erabateko askatasuna eman zion artistari, hark oso ondo ezagutzen baitzuen Edward Hopperren lana, bai eta ondo miretsi ere, joana baitzen Londresko (Tate Modern, 2004) eta Madrilgo (Thyssen-Bornemisza Museo Nazionala, 2012) erakusketa antologikoetara.

Eskakizun bakarra egin zion: marrazkien tamainak gainditu egin behar zuen helburu ilustratiboa eta nahiko handia izan behar zuen. Azpilikuetak, bestalde, Hopperren koadroen jatorrizko proportzioak errespetatu zituen.

Bi premisa horietatik abiatuta, Azpilikuetak banan-banan landu zituen marrazkiak, berak «esku-hartzetzat» jo zuen prozesuaren bitartez, eta koadrikulez, lerroz lerroko marrazkiez eta tinta lauez baliatu zen zeregin horretarako. Hala, narrazioak eragindako irudiek literaturaren esparrua gainditu zuten, eta estanpa-karpeta batean gauzatu ziren –bost edizio egin ziren–. Karpeta horretan, begirada pertsonal, iradokitzaile eta dibertigarri baten bitartez berrinterpretatzen du artistak Hopperren iruditeria.

Proiektuaren sustatzailearen eta artistaren arteko elkar ulertzea bi aipamen bisual hauetan gauzatu zen: editorearen erretratua Drama The Far East Tea Garden lanaren atzealdeko pertsonaian eta Olave markaren zigilua Eguzkia ikusi nahi dut lanean.

Erakusketarekin batera, editorearen eta artistaren arteko hitzaldi ireki bat eskainiko da, eta esklusiboa izango da Museoaren Lagunentzat. Lan honen jatorrian eta sorrera prozesuan sakonduko dute biek ala biek topaketa horretan.

Estanpak 2024an egin zituen, eta izaera esperimentalagatik nabarmentzen dira. Egileak irudiaren, espazioaren eta isiltasun bisualaren arteko harremana aztertzen du, eta elementu horiek, modu naturalean eta errealistan, Hopperren hiri eszenen eta paisaia bakartien giro zinematografikoarekin dihardute elkarrizketan.

Hamabi estanpa horiekin batera, hainbat material egongo dira ikusgai, hiru beira-arasatan: zirriborroak, hainbat exlibri, Olaveren After Hopper (Gau amerikarra) liburuaren kopiak… Horrek guztiak proiektuaren testuingurua osatuko du.

After Hopper da Olavek, lan grafikoen editore gisa, hiru hamarkadatan euskal artista garaikideekin izandako harreman estuaren gailurra. Denbora horretan, hainbat egileren ehun estanpa inguru sustatu ditu Olavek, merkaturatu gabeak denak: Mikel Diez Alaba, Jesus Mari Lazkano, Daniel Tamayo, Alberto Rementeria, Gentz del Valle, Chema Eléxpuru, Koldobika Jauregi, José Antonio Azpilikueta eta Manuel García Seco.

José Antonio Azpilikueta Albizu (Eibar, Gipuzkoa, 1961)

Euskal Herriko Unibertsitatean lortu zuen (EHU) Arte Ederretako lizentzia (1984), eta bertan egin zen doktore (2000). 2023ra bitartean, irakasle (1987tik) eta irakasle titular (2001etik) jardun du bertan. Irakasle gisa luze jardun ondoren, Marrazketa Saileko idazkaria (1991- 1993) eta zuzendaria (2009-2013) izan da, bai eta Antolakuntza Akademikoko dekanordea ere (2002-2003). Marrazketa Artistikoko epaimahaiko kide ere izan da (2000-2014), eta Arte Batxilergoko Unibertsitatera sartzeko proben koordinatzaile aholkularia (2014-2016). Irakasleentzako prestakuntza programetan eta Arte Batxilergoko irakasgaien curriculumak egiten jardun du, halaber.

Azpilikueta hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran hasi zen artegintzan, eta, ibilbide horretan, Euskal Herriko eta Nafarroako lehiaketetan parte hartu du. 1980ko hamarkadaz geroztik, hainbat sari eta aipamen jaso ditu margolari eta marrazkilari gisa egindako lanagatik, hala nola lehen saria Gipuzkoako Artista Berrien XXVII. Lehiaketan (1986) edo/eta bigarrena Imagínate Euskadi/Imajina ezazu Euskadi (1991) sariaren IV. edizioan. 1993an, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Gure Artea lehiaketako epaimahaikide izan zen. Erakusketa kolektibo eta indibidual ugaritan parte hartu du, eta hainbat bilduma publikotan dago ikusgai bere obra, hala nola Kutxa Fundazioan, Gipuzkoako Foru Aldundian, Nafarroako Kutxa Fundazioan, Eibarko Udalean edo Euskal Herriko Unibertsitatean.