- Eusko Jaurlaritzak 22 milioi euro bideratzen ditu urtean ikus-entzunezkoen balio-kate osoa bultzatzera.
- Sektoreak 472 milioi euro sortzen ditu, Euskadiko kultura-ekonomiaren % 27,6, eta 28.500 enplegu baino gehiago biltzen ditu.
- 242 euskal film izendatu dituzte nazioarteko jaialdietan bi urtean; 611 parte-hartze izan dira, eta 410 sari jaso dira.
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak ikus-entzunezkoen sistema «herrialde-sistema estrategikoa dela» adierazi du gaur Eusko Legebiltzarrean, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak urtean 22 milioi euro inguru bideratzen dituela sektorearen balio-kate osoa bultzatzera, sorkuntzarekin hasi eta nazioartekotzearekin amaitzeraino.
Kulturako sailburuorde Andoni Iturberekin batera Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea «talentuarekin, politika iraunkorrekin eta erakundeen arteko lankidetzarekin eraikitako sistema» dela azpimarratu du.
Eragile ekonomikoa eta enplegu-sortzailea
Lehendakariordeak sektorearen pisu estrukturala nabarmendu du:
- 472 milioi euroko balio erantsia sortzen du, Euskadiko kultura-ekonomiaren % 27,6. (EUSTAT)
- Lanaldi osoaren baliokideak diren 28.500 enplegu baino gehiago biltzen dituen ekosistema baten parte da.
“Ikus-entzunezkoez ari garenean, ekonomia errealaz, kalitatezko enpleguaz eta herrialderako ongizateaz ere ari gara”, adierazi du.
Munduarekin hizketan diharduen zinema
Agerraldia baliagarria izan da, halaber, euskal zinemak nazioartean duen indarra nabarmentzeko:
- 242 film izendatu edo hautatu dituzte nazioarteko jaialdietan azken bi urteetan.
- 611 parte-hartze eta 410 sari, presentzia jarraituaren isla.
- Euskal produkzioen nazioarteko 15 milioi ikusle baino gehiago azken urteetan.
“Euskal ikus-entzunezkoek nazioartean duten presentzia ez da kasualitatea; estrategia koherente eta iraunkor baten emaitza da”, adierazi du lehendakariordeak.
Zineuskadi
Bengoetxea lehendakariordeak adierazi duenez, Zineuskadi ikus-entzunezkoen ekosistemaren zerbitzura dagoen tresna publiko bat da, euskal talentuak nazioartean duen presentzia indartzera bideratua. 2025ean, sustapen-fasean zeuden 20 proiektu babestu zituen, 23 ekoiztetxek baino gehiagok nazioarteko merkatuetan parte hartzeko aukera erraztu zuen, eta Euskadiko 42 zinema-aretorekin lankidetzan aritu zen Europako eta euskarazko zinemaren emanaldiak sustatzeko. “Ez gara egitura isolatu batez ari, gure produkzioak mundu osoan mugitzen, lehiatzen eta proiektatzen laguntzen duen tresna batez baizik”, adierazi du.






