Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lehentasuna eman dio herritarren parte-hartzeari Loiolako Erriberetarako bizitokien aurreproiektuan, eta obren hasiera 2027an ezarri du

0
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Saila azken urtean lantzen ari den aurreproiektua —Ortega Diago arkitektura-estudioak garatu du— aurkeztu du
  • Zuzkidura-bizitokiak eta ekipamenduak eraikiz garapen orekatua lortzea bilatzen du planteamenduak; horrekin batera, beharren programa zehaztuko duen parte-hartze prozesu bat egingo da
  • Talde teknikoaren lan-hipotesiaren arabera, 200 etxebizitza eraikiko dira, eta sailburuak konpromisoa hartu du, programa zehazteko asmoz, Udalarekin eta auzoko auzo-elkartearekin lanean hasteko, “hori baita jarduteko modu egokia”  
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gaur aurkeztu du bere sailak Loiolako Erriberetan zuzkidura-bizitokiak eta ekipamenduak garatzeko duen aurreproiektua. Sailburuaren taldea eginkizun horretan aritu da lanean azken urtean. Horretarako, Ortega Diago estudioko (euskal arkitektura gaztearen Peña Ganchegui sarien 4. edizioan saritua izan zen) Gonzalo Sánchez eta Armando Diago arkitektoei eskatutako aurretiazko azterketa batean oinarritu da, esparrua hiri-, gizarte- eta komunitate-ikuspegitik aztertzeko helburuarekin.
Prentsaurrekoan, sailburuak azaldu du aurreproiektua lehen hurbilketa bat dela, eta, ondoren, auzokideek parte hartzeko eta hauei entzuteko prozesu bat egin beharko dela. Prozesu horretatik abiatuta, hainbat alderdi finkatuko dira, hala nola bizitokien kopuru zehatza eta ekipamenduetarako espazioen eta horien erabileren ezaugarriak, auzoaren beharren arabera.
Lehen zirriborro horretan erabilitako parametroetan, lantalde teknikoek, lan-hipotesi gisa, 200 bizitoki eraikitzea planteatu dute (HAPOn aurreikusitako eraikigarritasuna errespetatuz), baita kultura- eta komunitate-erabileretarako ekipamenduak —8.000 m2 arte— eraikitzea ere. “Teknikoki babestutako zifrak dira, eta aurreproiektuari testuinguru bat ematen diote auzotarrei proiektua auzoan nola integratzen den ikusteko aukera emanez, parte-hartze prozesua baldintzatu gabe”, azaldu du Itxasok; era berean, sailburuak bere gain hartu du “udalarekin eta auzoko auzo-elkartearekin programa definitzeko lanean hasteko konpromisoa; hala izan behar baitu”.
Sailburuak azpimarratu du, halaber, oso garrantzitsua dela herritarren parte-hartzea eta adostasunak lortzea hirirako etxebizitza-proiektuen inguruan. “Zifrak eman aurretik, beharrezkoa da babes teknikoa izatea, izapide luze eta konplexuak behar ote dituzten baloratzea, eta auzoan bizi diren pertsonak kontuan hartzea”, gaineratu du. Haren esanetan, “zoritxarrez, gehiegi luzatu diren etxebizitza babestuen proiektuen adibide bat baino gehiago ezagutzen du hiri honek. Horretatik ikasi behar dugu, eta adostasunetik abiatuta planteatu, non arrazoizko epe batean garatu ahal izango diren donostiarren beharrei egokitutako erantzunak lehenetsiko diren”, azaldu du.
Epeari dagokionez, Itxasok hauxe jakinarazi du: “Sailak lursaila hilabete honetan jasotzen badu, uda baino lehen abiaraziko du parte-hartze prozesua, eta urte honen amaieran egon liteke proiektua eta obra lizitatzen, obrekin 2027an hasteko”.
Aurreproiektuaren ezarpena eta irizpideak
Ortega Diago estudioak garatu duen aurreproiektuak ikuspegi zuhur eta errealista du abiapuntu, izapidetzeko arazo tekniko edo arautzaileak saihestuz eta Loiolako Erriberako beharrei erantzun ahal izateko kalitate arkitektonikoa eta ekipamendu komunitarioen presentzia lehenetsiz.
Halaber, belaunaldien artean erabiltzeko zuzkidura-bizitokiak modu ordenatuan eta mailakatuan ezartzea planteatzen du, lehendik dagoen hiri-sarean integratzeko eta auzoaren funtzionamenduan inpaktu negatiboak saihesteko diseinatuta. Proposamenak gehiegizko kontzentrazioak saihesten ditu, eta banaketa orekatuaren alde egiten du, Loiolako Erriberetako hiri-ingurunearekin bateragarriak diren eskala-bolumenekin, espazio publikoaren kalitatea eta lehendik dauden erabilerekiko bizikidetza zainduz.
Era berean, aurreproiektuak ekipamendu eta zerbitzu publikoak aldi berean ezartzea aurreikusten du, bizitegien hazkundeak gainkargarik sor ez dezan eremu sentikorretan, hala nola mugikortasunean, garraio publikoan edo hurbileko zerbitzuetan.
Aurretiazko azterketak eta metatutako esperientzia
Bestalde, sailburuak nabarmendu du Loiolako Erriberetan proiektatutako 83 zuzkidura-bizitokiak —Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak berak sustatuak— erreferentziazko proiektu gisa balio izan dutela, auzoak bizitoki mota horiei nola erantzuten dien ulertzeko eta benetako beharrak zehaztasun handiagoz identifikatzeko aukera eman baitute. Aurretiazko azterketak bat datoz etxebizitzen hazkundea inguruaren benetako edukierara egokitzeko premian, eraikuntzaren, espazio libreen, ekipamenduen eta zerbitzuen arteko oreka bermatuz.
Azkenik, Itxasok berretsi du Etxebizitzaren aurreproiektuak zorroztasun teknikoan, plangintza arduratsuan eta herritarren iritzia txertatzean oinarritutako lan-metodo bat jarraitzen duela. «Horiek guztiak faktore erabakigarriak dira bizitegi-krisiari modu errealistan erantzuteko, adostasunetik sortu behar diren proposamen gauzagarriekin eta erantzunen zain dauden donostiarrei arrazoizko epeak emanez”, azaldu du.
Sailburuaren hitzetan, “helburua ez da iragarpen deigarriak egitea, baizik eta hiria irizpidez, orekaz eta Donostiaren etorkizunean pentsatuz eraikitzea”, amaitu du.