Euskadiko Lan Ikuskaritzak enpleguaren kalitatea hobetzeko funtsezko zeregina sendotu du

0

Lan Ikuskaritzaren 2025eko balantzea eta 2026-2028 Kudeaketa Plana aurkeztu ditu Mikel Torres Lehendakariordeak, “iruzurraren aurkako borroka indartzeko eta ikuskapen jarduera modernizatzeko, eskumenak zabaltzeko testuinguruan”

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eta Iciar González Euskadiko Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak lagunduta, Euskadiko Lan Ikuskaritzaren 2025eko jardueraren balantzea aurkeztu du gaur, baita sailak berriki onartutako 2026-2028 Kudeaketa Planaren ildo nagusiak ere.

Egindako hitzartzean, Lehendakariordeak azpimarratu du “Euskadik lan harremanen esparru sendoa behar duela, daukagun eta etorkizunean izan nahi dugun herrialdearen eskakizun mailan”, eta nabarmendu du lehen baldintza dela, “gainerakoak bete gabe gabe ezinezkoa dena, legea guztiz betetzea”.

EAEko lan merkatuarentzat bereziki positiboa izan den ekitaldi baten ondoren egin da agerraldia, 2025ean ia 1.037.000 pertsona afiliatu baitzituen Gizarte Segurantzan, 2024an baino 12.293 gehiago, hau da, % 1,2ko hazkundea izan du eta erregistro historiko handiena. Sendotasun testuinguru horretan, Lehendakariordeak azaldu du “enpleguaren kalitatean are gehiago sakondu behar dugula enpleguaren zifra errekorretara iristen garenean: enplegu duinak, eskubidedunak, seguruak eta legearekin bat datozenak”.

Ildo horretan, langileen eskubideak zaintzeari dagokionez, Mikel Torresek nabarmendu du Euskadiko Lan Ikuskaritzak 20.191 jarduketa egin zituela iaz, eta horietan 1.862 arau hauste antzeman zirela eta 26.959 kontratu berrikusi zirela; horietatik 1.788 bihurtu ziren kontratu mugagabe eta lanaldi osoko, “horrela, lan egonkortasuna eta langileen babesa indartuz”.

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren eremuan banatu ziren nagusiki jarduketak, 11.545 esku hartzerekin —guztizkoaren % 57—, 570 arau hauste detektatu ziren eta 2.754 errekerimendu egin ziren; Lan Harremanen eremuan, 6.974 jarduketarekin (% 35), 635 arau hausterekin eta 1.669 errekerimendurekin; eta kontratazioan iruzurraren aurkako borrokan, 1.672 jarduketarekin (% 8), 657 arau hausterekin eta 20 errekerimendurekin. Zifra horiek gorabehera, “atzemandako iruzurrezko jokabideek enpresa guztien ehuneko oso txikiei eragiten diete —% 0,4 eta % 2,3, kasuaren arabera—, eta horrek erakusten du EAEko enpresa ehunaren gehiengoak legea betetzen duela. Baina iruzurra dagoen lekuetan ere jardun egiten dugula erakusten du”.

Segurtasunaren eta Osasunaren arloan, Ikuskaritzak bereziki gogor jardun du, eta istripu hilgarri eta oso larri guztiak berehala ikertu ditu, guardia sistema iraunkor baten bidez, urteko 365 egunetan 24 orduz. 2025ean 13 zehapen espediente ireki zituen eta 6 errekerimendu egin zituen istripu hilgarri eta oso larrietan; 72 zehapen espediente eta 92 errekerimendu istripu larrietan; eta 145 zehapen espediente eta 133 errekerimendu istripu arinetan, Iciar González zuzendariordeak jakinarazi duenez.

Era berean, gaixotasun profesionalak ikertzeko 98 jarduera egin zituen, 4 zehapenekin, 33 errekerimendurekin eta prestazioen 2 errekargurekin, baita kanpaina espezifiko bat ere, OSALANekin koordinatuta. Bero kolpearen aurkako Udako Talka Plana ere nabarmendu behar da, laugarren urtez jarraian garatua, 4.440 jakinarazpen egin baitzitzaizkien enpresei eta 357 ikuskaritza jarduketa, 12 zehapen espediente eta 225 errekerimendu eragin zituztenak. “Prebentzioak bizitzak salbatzen dituelako. Eta gure betebeharra arriskuaren aurretik, bitartean eta ondoren jardutea da”, adierazi du Gonzalezek.

Kontratazioko iruzurraren aurkako borrokak lehentasunezko ardatz izaten jarraitu du, big data teknologiaren laguntzaz. 2025ean, 26.959 kontratu berrikusi zituen eta ustez iruzurrezkoak ziren 12.939 kontraturi eragin zieten hiru txoke plan jarri zituen martxan. Lehenengo planean bakarrik, maiatzean aktibatu zena, 1.343 jakinarazpen bidali zituen enpresetara, 3.239 kontratu berrikusi zituen eta 979 bihurtu zituen kontratu mugagabe eta lanaldi osoko, hau da, % 30,22. “Legea betetzen ez den tokian, prekarietatea dago; iruzurra dagoen lekuan, lehia desleiala dago; eta lan eskubideak urratzen diren lekuan, gure gizarte kohesioa ahultzen da”, gogorarazi du Lehendakariordeak.

Torresek gogorarazi du laneko iruzurraren aurkako borroka dela Ikuskaritzaren lehentasunezko ardatza, adierazten eran adierazten dela ere, eta horien artean aipatu ditu aldi baterako kontratazioaren erabilera desegokia, lanaldi partzialeko kontratazioan egindako iruzurra, autonomo faltsuak, ekonomia irregularra, Gizarte Segurantzaren arloko ez-betetzeak edo lan arriskuen prebentzioaren arloko urraketak.

2026-2028 Kudeaketa Plana

Bestalde, Elena Pérez Barredo sailburuordeak azaldu duenez, 2025eko emaitzak “ez dira helmuga bat, 2026-2028 Kudeaketa Planarekin irekiko dugun etapa berrirako abiapuntua baizik”. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak onartu berri duen planak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak enplegu duinarekin, legezkotasunarekin eta lan eskubideen babes eraginkorrarekin duen konpromisoa.

Plaza huts guztiak betetzea eta egitura operatiboa indartzea, oposizioak prestatzeko beka programarekin jarraitzea, talde tekniko espezializatuak sendotzea, akten prestaketa eta analisi dokumentala hobetzeko adimen artifizialeko programa pilotu bat, estatuko aplikazioekiko elkarreragingarritasuna hobetzea eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpiegiturak modernizatzea aurreikusten ditu. “Ez dago politika publiko eraginkorrik martxan jarriko duen pertsona nahikorik eta kualifikaturik gabe”, adierazi du.

Planak arreta berezia eskaintzen die digitalizaziotik, automatizaziotik, telelanetik eta plataformen ekonomiatik eratorritako lan ingurune berriei, mezu argi batekin: “Lan eskubideak ezin dira ingurune digitaletan desegin”. Era berean, Ikuskaritzaren prebentzio eta laguntza dimentsioa sendotu du, sektore estrategikoetan planifikatutako informazio kanpainak eta jarduerak bultzatuz. “Gure helburua ez da dirua biltzea. Arauak betetzea da gure helburua”, azaldu du sailburuordeak.

Horrela, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egin du Lan Ikuskaritza ez dela berez helburu bat, baizik eta elkarrizketa sozialean, enpleguaren kalitatean, eskubidedun produktibitatean eta segurtasun juridikoan oinarritutako eredu sozial baten zerbitzura dagoen tresna bat. “Ikuskapen modernoa, eraginkorra eta euskal autogobernuan erabat integratua nahi dugu. Ikuskaritzak bermatuko du Euskadin lehiatzea bateragarria izatea betetzearekin; berritzea, bateragarria izatea eskubideak errespetatzearekin; eta haztea, bateragarria kohesionatzearekin”, gaineratu du sailburuordeak.