Bizkaiko Foru Aldundia ekaitzak kaltetutako lanperna-musuen erreskatea koordinatzen ari da Bizkaiko kostaldean

0
Alexander Carriel

400 ale inguru Gorlizko Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora eraman dituzte, lurraldeko hainbat hareatzatan agertu ostean.

Bizkaiko kostaldean lanperna-musu atlantiko ugari agertu dira azken egunotan, ustez itsas-denboraleak lekuz aldatu dituenak. Egoera honen aurrean Bizkaiko Foru Aldundia aleak biltzeko eta osatzeko lanak koordinatzen ari da, teknikarien eta boluntario espezializatuen laguntzarekin.

Orain arte 400 hegazti inguru jaso dituzte kostaldeko hainbat tokitan eta Gorlizko Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora eraman dituzte, bertan ezarritako protokoloen arabera artatzeko. Ale horietatik 6 berrogeialdian daude, prebentzio-neurri gisa.

Besteak beste Ereaga, Zierbena, Azkorri, Laida, Laga, Gorliz, Sopela, Arena, Berango, Lekeitio, Ibarrangelu eta Bakioko hondartzetan agertu dira. Hegazti hauek gure kostaldean agertzea Kantauri itsasoan azken egunetan izandako baldintza txarrekin lotuta dago.

Foru-erakundeak adierazi du operatiboak aktibo jarraitzen duela eta egoeraren jarraipena egiten ari direla.

Era berean, herritarrei gogorarazten zaie hondartzan lanperna-musuren bat edo itsas hegaztiren bat aurkituz gero, Bizkaiko Foru Aldundiarekin edo 112 zenbakiarekin harremanetan jarri behar dutela. Animaliak ez manipulatzea gomendatzen da, bai osteko osatze-prozesuan ez eragiteko, bai gaixotasunak transmititzeko egon daitekeen arriskuagatik.

Herritarren laguntza funtsezkoa da talde espezializatuen esku-hartzea errazteko eta erasandako aleen arreta egokia bermatzeko.