Eusko Jaurlaritzak familiei, umeei eta nerabeei laguntzeko 871 milioi euroko, aurrekaririk gabeko, inbertsioa onartu du

0
  • Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko Plan berriak (2026-2030), gaur Gobernu Kontseiluan onartutakoak, 17 trakzio-neurri berritzaile eta 78 ekintza osagarri ditu
  • Plan honek Euskadiko familiak gure gizartearen oinarrizko zutabetzat hartzen ditu, eta ongizate kolektiboko eragile aktibo gisa egiten duten ekarpena balioesten du

Hainbat hilabetetako lanketaren ondoren Familien Kontseilua eta Euskadiko Haur eta Nerabeen Kontseilua osatzen duten erakundeen (UNICEF, Save The Children, Astialdi Sarea, Guraso bakarren elkartea, Hirukide, AFAE…) proposamen asko bildu dira Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Euskadiko V. Planean. Horrez gain, prozesu horretan eztabaida-taldeak egin dira hiru lurralde historikoetako 23 familiarekin, eta tailerrak egin dira 12 ikastetxetako 8-14 urteko 30 haurrekin.

Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Euskadiko V. Planak lau urte iraungo du, eta 10 helburu nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Familia-proiektuak garatzeko baldintza egokiak sortzea.
  • Familiei arduraz hazten laguntzea.
  • Zaintza-lanetan erantzunkidetasuna sustatzea, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartuz.
  • Umeen eta nerabeen ongizate fisikoa eta emozionala sustatzea.
  • Umeen eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzea.
  • Haur eta nerabeen herritartasun aktiboaren garapena bermatzea.

 

Planaren berrikuntzak

Aurreko planarekin alderatuta, Familiei, Haurrei eta Nerabeei buruzko V. Planak familia-politiken zeharkakotasuna eta koordinazioa hobetzen ditu. Era berean, Euskadiko familiak gure gizartearen oinarrizko zutabetzat hartzen ditu, eta ongizate kolektiboaren eragile aktibo gisa egiten duten ekarpena balioesten du. Izan ere, planaren arabera, familiek  hezkuntza, babesa eta afektibitatea lantzeko  gaitasun oso handia dute.

Era berean, testu berriak, ikuspegi dinamikoa eta malgua planteatzen du, plan hori, parte-hartzearen bitartez, urtero ebaluatu eta berrikusiko baita.

«Eraldaketa sozial sakoneko garaia bizi dugu. Familiak gero eta anitzagoak dira, hazkuntzak eta zaintzak kontziliazio orekatua eskatzen dute, emantzipazioa atzeratu egiten da eta haurrek eta nerabeek erronka berriei aurre egiten diete. Errealitate berri horren aurrean, erakundeok ezin dugu beste alde batera begiratu, herri bezala asko dugu jokoan. Aurrea hartu, lagundu eta segurtasuna sortu behar dugu, eta horixe egiten du plan honek «, azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.

 

Neurri aipagarriak

Trakzio-neurri nabarmenen artean, zuzeneko laguntzetarako epearen luzatzea dago: 200 euro hileko, ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko. 2026ko lehen hiruhileko honetan, 4 urtera arteko seme-alabak dituzten familientzako laguntza handitzea onartuko da. Neurri horrek 2026ko urtarrilaren 1era arteko  atzera-eraginkortasuna izango du.

Beste neurri garrantzitsu bat guraso bakarreko familientzako berriki (urtarrilaren 1ean) abiatu den berariazko dekretua da; izan ere, hilabete eta erdiko epean guraso bakarreko familien ziurtagiri berriaren 2.000 eskaera baino gehiago jaso ditu.

Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko V. Planak Euskadiko 2030erako Haur Bermearen Estrategia laster hedatzea aurreikusten du, eta neurri horien artean sartzen dira, halaber, Kontzilia komunitatea indartzea (kontziliazioarekin konprometitutako enpresek eta kooperatibek osatua), baimen berdinak eta besterenezinak dituzten gurasotasun-baimenak zabaltzea, Haurreskolen eskaintza zabaltzea edo umeek politika publikoetan parte hartzen dutela bermatzeko Haurren eta Nerabeen Foroa sortzea.

Era berean, trakzio-neurri gisa, sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta integrala eta espezializatua emateko zerbitzua abian jartzea eta, epe laburrean, haurren, nerabeen eta gazteen behatoki berri bat sortzea azpimarratu behar dira.

«V. Plana herri apustu estrategikoa da, familiak, haurrak eta nerabeak ekintza publikoaren erdigunean jartzen dituena. Ez da plan sektorial bat, ezta laguntzen katalogo bat ere. Datozen urteetan Euskadik nola zaindu, nola elkarrekin bizi eta  ongizate kolektiboa nola eraiki nahi duen zehazten duen esparru politikoa da. Familiak indartzea komunitatea indartzea da, eta komunitatea indartzea gure herriaren kohesio soziala eta etorkizuna indartzea» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

 

Inbertsioa

Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko Plan berriak (2026-2030) guztira 871,7 milioi euroko inbertsio ekonomikoa aurreikusten du (D).

Inbertsio hori familia-proiektu askotariko eta iraunkorretara (A), haurren eta nerabeen ongizate integralera (B) eta gobernantza partekatura eta berrikuntzara bideratuta dago.

 

  2026 2027 2028 2029 2030 Guztira
 

A

 

160.785.961

 

174.979.034

 

174.193.056

 

173.182.615

 

173.003.664

 

856.144.330

 

B

 

2.500.970

 

2.900.970

 

2.900.970

 

2.900.970

 

2.900.970

 

14.104.850

 

C

 

320.633

 

317.000

 

280.000

 

280.000

 

280.000

 

1.477.633

D 163.607.564 178.197.004 177.374.026 176.363.585 176.184.634 871.726.813

«Plan berri honek 871,7 milioi euroko inbertsioa izango du 2030era arte, eta horrek agerian uzten du lehentasun politiko iraunkorra izango duela denboran zehar. Lehentasunak ez direlako aitortzen: baliabideekin babesten dira. Sektoreen arteko begirada eta ikuspegi intersekzionala ditu, bizi-ziklo osoaren ikuspegia adierazten du (haurrak, nerabeak eta trantsizioan dauden familiak), zentroan babesak eta erantzunkidetasuna jartzen ditu, familia-aniztasuna aitortzen du eta gobernantza partekatua zein gizarte-entzuketa azpimarratzen ditu» gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.