Gobernu Kontseiluak 871 milioi euro familiei, haurrei eta nerabeei laguntzera bideratzea onartu du

0

Gaurko Gobernu Kontseiluan Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko Plan berria (2026-2030) onartu da, 17 neurri eragile berritzaile eta 78 ekintza osagarrirekin. Planak Euskadiko familiak gure gizartearen oinarrizko zutabetzat hartzen ditu eta ongizate kolektiboko eragile aktibo gisa egiten duten ekarpena balioesten du.

Planak 871 milioi euroko finantzaketa du, eta Familien Kontseilua eta Euskadiko Haur eta Nerabeen Kontseilua osatzen duten erakundeen (UNICEF, Save The Children, Astialdi Sarea, Guraso bakarren elkartea, Hirukide, AFAE…) proposamen asko bildu dira Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Euskadiko V. Planean. Horrez gain, prozesu horretan eztabaida-taldeak egin dira hiru lurralde historikoetako 23 familiarekin, eta tailerrak egin dira 12 ikastetxetako 8-14 urteko 30 haurrekin.

“Eraldaketa sozial sakoneko garaia bizi dugu. Familiak gero eta anitzagoak dira, hazkuntzak eta zaintzak kontziliazio orekatua eskatzen dute, emantzipazioa atzeratu egiten da eta haurrek eta nerabeek erronka berriei aurre egiten diete. Errealitate berri horren aurrean, erakundeok ezin dugu beste alde batera begiratu, herri bezala asko dugu jokoan. Aurrea hartu, lagundu eta segurtasuna sortu behar dugu, eta horixe egiten du plan honek”, azaldu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.

Gazteentzako programa eta jardueretarako dirulaguntzak

Era berean, gazteei zuzendutako programa eta jardueretarako 2026rako dirulaguntzen deialdia onartu dela jakinarazi du Melgosa sailburuak. Lerroak 900.000 euroko zuzkidura du guztira; horietatik 450.000 euro 2026rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 450.000 euro 2027rako konpromiso-kredituari.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuen artean daude, besteak beste, bizi-kalitatea hobetzera bideratutako urteko programak, aisialdiko hezkuntza sustatzeko ekimenak edo animazio soziokulturaleko ikastaroak. Eskabideak bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eskatutako dokumentazioarekin batera.

Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPP) onartzea

Gobernu Kontseiluak baimendu egin du Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPPa) behin betiko onartzeko dekretua. Tresna honek datozen 16 urteetan 3.000 km²-tik gorako lurralde-esparrua antolatzen du eta 334.000 biztanle baino gehiago biltzen du, Gasteizek hiriburutzat duen pisu erabakigarriarekin. Eremu funtzionalak, Arabako hiriburuaz eta lurralde historikoko udalerri ugariez gain, Bizkaiko Otxandio eta Ubide udalerriak hartzen ditu, eta lurralde-espazio jarraitu eta estrategiko bat eratzen du Euskadi osoan.

LPPa nahitaez aplikatu beharreko tresna da udal-plan orokorretarako, eta horiek haren zehaztapenetara egokitu beharko dute. Lurralde-eredu estrukturala ezartzen du eta

muga argiak finkatzen ditu bai landa-lurzoruan, bai hiri-lurzoruan. Ardatz nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: Azpiegitura berdea eta korridore ekologikoen sarea, landa-habitata erregulatzea eta ikusaraztea, lurzoruaren erabilera jasangarria eta efizientea, antropizazioa minimizatuta, paisaia kudeatzea, interes paisajistikoko eremuen katalogo baten bidez, baliabideen kudeaketa jasangarria: autokontsumo energetikoa eta ekonomia zirkularra, mugikortasun eta logistika jasangarria, intermodalitateko nodoekin eta genero-ikuspegia, euskara, klima-aldaketa, osasuna eta lurralde-interrelazioa modu transbertsalean txertatzea. Era berean, Planak gehieneko tarte kuantitatiboak ezartzen ditu bizitegi-arloan, LAGen arabera, eta hirigintza-hedapena mugatzen du.

Bi lurzatien lagapena Donostian

Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Donostiako bi partzelaren doako lagapena onartzeko, gazteei eta adinekoei zuzendutako txandakako 263 apartamentu susta daitezen. Lursailak Loiolako Erriberetan (83 etxebizitza 1.456,25 m²-tan) eta Morlans Beherean (180 pisu 3.446 m²-tan) daude.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi duenez, “lurzoru publikoaren kudeaketak etxebizitza eskuragarria obra bihurtzen du”. Eta erantsi duenez, “bizitoki-larrialdiaz mintzatzen garenean, epeez ari gara. Eta epeak betetzen dira erakundeak koordinatuta, adimenez tramitatuta eta proiektuak anbizioz bultzatuta”.

Eragiketa sartzen da etxebizitza publiko eta eskuragarria sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza instituzionalaren barruan, eta aukera ematen du urrats erabakigarria egiteko eskuragarri dagoen lurzorua sustapen zehatz bihur dadin, betiere denborak murriztera eta egikaritzea erraztera bideratutako plangintzaren bidez.

Enplegatu publikoen ordainsarien igoera

Gaur argi berdea eman zaio EAEko sektore publikoko langileen ordainsariaren % 1,5eko igoerari 2026an. Igoera 2026ko otsaileko nominan aplikatuko da, urte bereko urtarrilaren 1etik atzerako eragina izango du. “Igoera 2026ko urtarrilean jasotakoari gehitzen zaio (% 2,5), 2025. urte osoko atzerapenei dagokiena. Eusko Jaurlaritzak 73.727.097 € inbertituko ditu neurria aplikatzeko” azaldu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak.

Hitzarmena Euskadiko Laguntza Txakurren Taldearekin, larrialdien aurreko erantzuna indartzeko

Halaber, Gobernu Kontseiluak Segurtasun Sailaren eta Euskadiko Salbamendu Txakur Taldearen artean beste lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu da, Euskadin gerta litezkeen larrialdi-egoeretan erantzuna indartzeko, bereziki mendian, landa-eremuetan eta hiri-inguruneetan desagertutako pertsonak bilatzen.

Itunak lau urteko indarraldia izango du, eta ongintzako erakunde espezializatua Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratzea bultzatzen du. Bi erakundeen arteko lankidetza-esparrua 2021az geroztik dago indarrean.

Ubarretxenak azaldu duen bezala, “Euskadiko Salbamendu Txakur Taldeak larrialdi-egoeretan, hala nola elurte handi, luizi, behera-etortze edo egiturazko kolapsoak gertatzen direnean, desagertutako edo lurperatutako pertsonak aurkitzeko bereziki trebatutako txakurrek eta gidariek osatutako lantaldeak ditu. Haien erantzun-denbora bi ordutik beherakoa da, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (SOS Deiak) deia aktibatzen duenetik aurrera”.

Murgiako Lanbide Heziketako Zentroaren kudeaketa-gomendioa

Azkenik, Gobernu Kontseiluak onartu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Murgia Lanbide Heziketako Zentroaren arteko kudeaketa-gomendioa, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko langileentzako tresnei buruzko prestakuntzaren arloan.

Kudeaketa-gomendio honen bidez, Murgia Lanbide Heziketako Zentroak Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuetako Administrazio Bereziko Eskalan, Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuan, Azpieskala Operatiboan, suhiltzaile kategorian, erreminten arloan sartzeko ikastaroari dagokion prestakuntza emango du. Kudeaketa-gomendioa 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

 

 

 

 

 

 

 

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda