Botikazar (Bilbo), Urritxe (Amorebieta-Etxano) eta Unamuno (Gasteiz) ikastetxeen artean 81 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Nazioarteko Batxilergoa ezarriko du Euskadin hiru ikastetxe publikotan: Botikazar BHI (Bilbo), Urritxe BHI (Amorebieta-Etxano) eta Unamuno BHI (Gasteiz). Ikastetxe bakoitzak 27 plaza eskainiko ditu, guztira, 81 plaza 2026-2027 ikasturterako.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, hiru institutuetako zuzendaritza-taldeekin batera aurkeztu du ekimen hau. Euskal hezkuntza-sistema nazioartekotzeko eta bikaintasunaren alde egiten duen hezkuntza publikoa sendotzeko estrategiari erantzuten dion ekimena aurkeztu du prentsaren aurrean.
NAZIOARTEKO ONARPENA DUEN TITULAZIO BIKOITZA
Programa hau euskal hezkuntza-sisteman araututako Batxilergoaren osagarria izango da, eta, ikasketak amaitzean, ikasleek titulazio bikoitza lortuko dute: Batxilergoko titulu ofiziala eta Nazioarteko Batxilergoko Diploma, mundu osoko unibertsitateek aitortua.
Prestakuntza sei ikasgai-multzotan egituratuta dago: Hizkuntza eta Literatura; Hizkuntzen Jabekuntza; Gizakia eta Gizartea; Zientzia; Matematika; eta Artea. Enborra izango diren hiru osagai komun ditu: Monografia; Sormena; Jarduera eta Zerbitzua. Horien artean, Ezagutzaren Teoria nabarmentzen da, gogoeta kritikoa garatzera bideratutako irakasgaia. Gainera, ikasleek bakarkako ikerketa-lan akademikoa egin behar dute, baita sormenari, jarduera fisikoari eta gizarte-konpromisoari lotutako proiektu bat ere.
Sailburuak bere hitzartzean nabarmendu du curriculum-programaz harago, Batxilergoko eredu honen balio erantsietako bat dela “pentsamendu-trebetasunen, komunikazio-trebetasunen, gizarte-trebetasunen, autogestio-trebetasunen eta ikerketa-trebetasunen garapena barneratzeko aukera ematea”.
Ebaluazioa etengabea eta zorrotza da. Kanpo-probak egiteaz gain, bi ikasturteetan egindako lanak eta proiektuak ebaluatuko zaizkie ikasleei. Horrek, halaber, ikasleen autonomia eta pentsamendu kritikoa indartuko ditu.
IKASTETXEEN KONPROMISOA ETA PROFESIONALTASUNA
Aurkezpenean, datorren ikasturtean programa emango duten ikastetxeetako zuzendaritzek azaldu dute ekimen honekin bat egitera bultzatu dituzten arrazoiak zein izan diren, baita ekimena ezartzeko jarraitutako prozesua zein izan den ere. Horrek guztiak dakartzan betebeharrez eta ikasleengan izango duen eraginaz aritu dira.
Ildo horretan, nabarmendu dute Nazioarteko Batxilergoko Programa eskaintzeko baimenak konpromiso instituzionala, antolakuntza-kaudimena eta profesionaltasun maila handia eskatzen diela ikastetxeei. Epe luzerako apustua da, planifikazio zorrotza eta egokitzapen metodologikoa eskatzen dituena.
Era berean, irakasleek prestakuntza espezifikoa eta etengabea jaso behar dute programaren oinarri eta ikuspegi pedagogikoetan, eta, hala, programa bera modu egokian aplikatzea eta nazioarteko kalitate-estandarrei eustea bermatu behar dute.
EUSKO JAURLARITZAREN APUSTU ESTRATEGIKOA
Nazioarteko Batxilergoa sare publikoan ezartzea Eusko Jaurlaritzaren estrategiari lotuta dago, izan ere, helburu baitu hezkuntza-sistemaren nazioarteko proiekzioa indartzea eta ikasleen aukera akademikoak zabaltzea.
Hezkuntza-eredu horrek hainbat diziplina lotzen dituen prestakuntza sustatzen du, eta ikaskuntza autonomoa, eleaniztasuna eta kulturen arteko errespetua sustatzen ditu. Programa honek, zehazki, nazioarteko pentsamoldea duten ikasleak hezten ditu, elkartasunarekin eta iraunkortasunarekin konprometituta dauden ikasleak, pentsamendu kritikoa dutenak eta ondo informatuta daudenak. Gainera, gizarte bidezkoago eta toleranteago batean prestuki laguntzeko gai izango direnak, beti ere, elkar ulertzetik eta kulturen arteko errespetutik abiatuta.






