Gobernu Kontseiluak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) arautzeko dekretu berria onartu du

0

Gaurko Gobernu Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) arautzeko dekretu berria onartu da. Laguntzak prestazio ekonomikoak dira, aldizkakoak ez direnak, eta gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren gastu espezifikoei, ohikoei zein ezohikoei, aurre egiteko behar beste baliabide ez duten bizikidetza-unitateetako pertsonentzat dira.

Dekretu berrian ageri diren berrikuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: udalei egin beharreko ordainketaren finantzaketan izandako aldaketa, udalek urte hasieratik gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) ematen hasi ahal izatea bermatzen duena; gainera, alokairura bideratutako GLLak gehienez ere bi bizikidetza-unitateri emango zaizkie etxebizitza bakoitzeko, eta 2026an laguntza horiek ordaintzeko aurreikusitako zenbateko ekonomikoa 41.500.000 eurokoa izango da.

Gazteriaren arloko 2030erako Euskal Estrategia

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gazteriaren arloko 2030erako Euskal Estrategiari, datozen urteetan EAEko gazte-politika publikoen plangintza eta koordinazioa bideratuko duen erreferentzia-esparruari, Gazteriaren 2/2022 Legearekin bat etorriz eta ikuspegi integral eta zeharkakoarekin.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak azpimarratu duenez, “gazteria ez da etorkizun hutsa: oraina da. Eta gazteen oraina zaintzea Euskadiren etorkizuna, gure kohesio sozial eta komunitarioa eta gure Euskal Etxearen balioak indartzea da”.

Estrategia plangintza estrategikorako tresna autonomiko gisa eratzen da: ez ditu plan sektorialak ordezten; aitzitik, jarraibideak lerrokatu, koordinatu eta ezartzen ditu, administrazio eta sail guztiek helburu partekatuak izan ditzaten. Gainera, dokumentuak zeharka txertatzen ditu genero-ikuspegia eta intersekzionalitate-ikuspegia, eta Europako esparruekin eta EBko Gazteria Estrategiarekin bat eginez eraikitzen da.

Ikaskuntzarako eta inklusioa garatzeko berrikuntza-zentro berriak

Halaber, Gobernu Kontseiluak HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa eta BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa sortzeko dekretuak onartu ditu. Hezkuntza-sistemari laguntzeko bi zerbitzu berri dira, eta Euskadiko ikastetxeei laguntzeko baliabideen aro berri bat ezarriko dute.

Erabaki horrekin, Eusko Jaurlaritzak eguneratu eta indartu egingo du hezkuntza sistemarentzako laguntza-zerbitzuen eredua, hain zuzen ere, hezkuntza-errealitate gero eta anitzago, zorrotzagoari erantzungo diona, 17/2023 Hezkuntza Legearekin bat datorrena eta etengabeko eraldaketa pedagogiko, sozial eta teknologikora egokitzen zaiona.

HeziLab eta BiziLab sortzeak orain arte Berritzeguneek — eskualdekoak eta zentrala — eta Ingurugela zerbitzuak betetzen zituzten eginkizunak berrantolatzea eta espezializatzea dakar, eredu argiagoa, osagarriagoa eta efizienteagoa eratzea, hain zuzen.

Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuak adierazi duen bezala, “hezkuntza-kalitatea indartu nahi da, ikastetxeei laguntza espezializatuagoa emanez, egungo erronkekin lerrokatuta”.

Tripulatu gabeko aireontzi-sistemak detektatzeko eta neutralizatzeko hitzarmena

Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmen bat onartu du gaur Segurtasun sailaren eta Petronor enpresaren artean, interes komuneko eraikin, egoitza eta azpiegituretan tripulatu gabeko aireontzien sistemak (UAS) detektatzeko eta neutralizatzeko segurtasunaren arloan. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da; arlo horretan egiten diren jarduerak jarraipen-batzorde batek gainbegiratuko ditu.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez “Petronorrek UASak detektatzeko eta neutralizatzeko sistemak instalatuko ditu babestu behar dituen lekuetan, erosketa- eta mantentze-kostuak ordainduta, baita sistema horiek urteko 365 egunetan 24 orduetan martxan mantentzea ere. Era berean, sistemaren funtzionamendua errazteko beharrezko segurtasun-langileak jarriko ditu. Bestalde, Segurtasun Sailak konpromisoa hartu du Petronorren sistemak emandako datuak bere informazio-sistemetan txertatzeko.

Osalanen eta EHUren arteko hitzarmena, berdintasunaren arloko prestakuntza indartzeko

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eta EHUren arteko lankidetza hitzarmena lau urtez luzatzeko, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: Berdintasun Agente” masterreko ikasleei zuzendutako kanpoko praktika akademikoen programa garatzen jarrai dezaten.

Akordio horri esker, masterreko ikasleek Osalanen bulegoetan egin ahal izango dituzte curriculumeko praktika akademikoak, indarrean dagoen kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren esparruan. Helburua da ikasleek haien prestakuntza teorikoa osatzea, berdintasunari, laneko segurtasunari eta ingurune instituzionaletako esku hartze profesionalari lotutako esperientzia praktikoarekin.

Askatasunaz gabetutako pertsonentzako gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak

Azkenik, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak “La Caixa” Fundazioarekin egindako hitzarmen berri baten berri eman du, askatasunaz gabetutako 155 pertsonari gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteko aukera emango diena. Berrikuntza gisa, Aukerak – Gizarteratzearen Euskal Agentziaren eta aipatutako fundazioaren arteko lankidetza Gipuzkoara zabalduko da, azken urteetan Arabako eta Bizkaiko espetxeetan izandako esperientzia arrakastatsuaren ondoren. 2021ean abian jarri zenetik, programa horrek parte-hartzaileen % 76 laneratzea lortu du.

Ekimena «Reincorpora» programaren bidez garatzen da. Programa horretan, parte-hartzaileek ibilbide pertsonalizatuak jasotzen dituzte, lan-merkaturako trantsizioan laguntzeko. Horren barruan sartzen dira laguntza, prestakuntza, komunitateari zerbitzua emateko proiektua, lan-orientazioa, bitartekaritza eta jarraipena, gutxienez sei hilabeteko iraupenarekin. Horretarako, “La Caixa” Fundazioak 292.000 euro erabiliko ditu, guztira, urte osoan zehar garatuko den programa bat finantzatzeko.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena