Hiru euskal espetxeetako 155 preso inguruk gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak izango dituzte aurten

0
  • Aukerak agentziak ‘la Caixa’ Fundazioarekin duen lankidetza-hitzarmena berrituko du Bizkaia eta Arabarako, eta Gipuzkoara zabalduko du
  • ‘Reincorpora’ programaren helburua parte-hartzaileei lan-etorkizun egonkor eta kalitatezkoa lortzeko beharrezko tresnak ematea da

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek “la Caixa” Fundazioarekin adostutako beste hitzarmen baten berri eman dio gaur Gobernu Kontseiluari. Hitzarmen horri esker, askatasunik ez duten 155 pertsonak aukera izango dute gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteko. Berrikuntza gisa, Aukerak – Gizarteratzearen Euskal Agentziaren eta aipatutako fundazioaren arteko lankidetza Gipuzkoara zabalduko da, Arabako eta Bizkaiko espetxeetan azken urteotan izandako esperientzia arrakastatsuaren ondoren. 2021ean abian jarri zenetik, programa honek parte-hartzaileen % 76 laneratzea lortu du.

Ekimen hori ‘Reincorpora’ programaren bidez gauzatzen da, non parte-hartzaileek ibilbide pertsonalizatuak jasotzen dituzten lan-merkatura igarotzen laguntzeko. Ibilbide horiek laguntza, prestakuntza, komunitatearentzako zerbitzu-proiektua, lan-orientazioa, bitartekaritza eta jarraipena barne hartzen dituzte, gutxienez sei hilabeteko iraupenarekin. Horretarako, ‘la Caixa’ Fundazioak 292.000 euro erabiliko ditu, guztira, urte osoan zehar garatuko den programa bat finantzatzeko. Programa horrek, gehienez ere, 150 pertsonari egingo die mesede, haien espetxe-, lege- eta dokumentu-egoerak lan-kontratazioa ahalbidetzen badu.

 

Emaitzak 2025ean

Iaz, programa Arabako eta Bizkaiko espetxeetan garatu zenean, 108 pertsonari eman zien zerbitzua: 57 Araban (6 emakume) eta 51 Bizkaian (9 emakume). Era berean, programako 59 lagunek Komunitatearen Zerbitzurako 13 proiektutan parte hartu zuten (7 Araban eta 6 Bizkaian), eta 3.489 pertsona proiektu horien onuradun zuzenak izan ziren.

Laneratzeari dagokionez, Araban 27 parte-hartzailek lortu zuten enplegua 39 kontratazioren bitartez (horietatik 5 emakumeentzat), eta Bizkaian 27 parte-hartzailek 43 kontratazio lortu zituzten (horietatik 15 emakumeentzat). Lortutako laneratze portzentajea % 76koa izan zen.

2021ean martxan jarri zenetik, Reincorpora programak Euskal Autonomia Erkidegoan % 70 inguruko txertatze-tasa izatea lortu du, eta birgizarteratze- eta laneratze-tresna gisa duen eraginkortasuna indartu du.

 

Gipuzkoara zabaltzea

2021az geroztik izandako esperientzia arrakastatsuaren ondoren, ekitaldi honetan programa hiru lurraldeetara zabalduko da, espetxeetan eskuragarri dauden baliabideen zorroa hobetuz eta askatasunaz gabetutako pertsona guztiek baliabide berberak eskuratu ahal izatea bermatuz, zigorra betetzen ari den zentroa edo lurraldea edozein dela ere.

Aukerakek arreta jasotzen duten pertsonei buruzko informazioa emango dio hilero ‘la Caixa’ Fundazioari, eta Reincorpora programari lotutako laneratzean adituak diren gizarte-erakundeen esku-hartzea koordinatuko du, ibilbideen jarraipen integrala bermatuz.

Reincorpora programak prestakuntza-zentroetarako eta gizarte-erakundeetarako garraioaren eta joan-etorrien kostuak estaltzen ditu, eta Aukerakeko profesionalen eta ‘la Caixa’rekin lotutako gizarte-erakundeen esku dago programa ezartzea. Hitzarmenaren funtsezko alderdietako bat genero-berdintasunarekiko konpromisoa da, eta gizonek eta emakumeek prestakuntza jasotzeko eta laneratzeko aukera berdinak izatea bermatzen du. Datozen asteetan sinatuko dute hitzarmena Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek eta ‘la Caixa’ Fundazioko ordezkariek.