Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, egitasmoa martxan jarri aurretik egindako diagnostikoak datu esanguratsua utzi zuen agerian: “Hondarribian 60 urtetik gorako 1.080 pertsona bizi dira bakarrik. Errealitate horrek erakutsi zuen harreman-sareak indartu eta zaintzaren inguruko esku-hartze komunitarioa beharrezkoa zela. Testuinguru horretan sortu zen AuzoEKIN, arreta eta akonpainamendurako sare publiko-komunitarioa ehuntzeko asmoz”.
AuzoEKIN Mendelu, Amute-Kosta, Arkolla, Alde Zaharra eta Puntalea auzoetan garatu da, eta 375 pertsonarekin harreman zuzena izan du. Banakako akonpainamendua eta talde-dinamikak uztartuz, egitasmoak pertsonen gizarteratzea, harremanak sortzea eta auzo-sareak sendotzea izan ditu ardatz.
Auzoetako jarduerak
Lehen urte honetan hainbat jarduera jarri dira martxan:
- Arkolla: kafe tertuliak hilabeteko bigarren astelehenetan, 16:30ean, Ballestenean.
- Amute-Kosta: kafe tertuliak hilabeteko lehen astearteetan, 17:00etan, Amuteko auzo elkartean.
- Mendelu: kafe tertuliak bi astez behin, 11:00etan, Eguzki Elkartean.
- Puntalea: kafe tertuliak hilabeteko bigarren astelehenetan, 17:00etan, Goxon.
- Alde Zaharra: “Adimena pizten” ekimena, hilabeteko hirugarren asteazkenetan, 16:30ean, Kultur Etxean.
Josu Peña zinegotziak lehen urtearen balorazio oso positiboa egin du. “Hasieran erronka bat zen auzoetan zaintza-sare komunitario bat ehuntzea, baina gaur esan dezakegu bidea egiten ari garela. Herritarren parte-hartzea eta inplikazioa giltzarri izan dira”, adierazi du. Peñaren hitzetan, “AuzoEKINek erakutsi du bakardadeari aurre egiteko modurik eraginkorrena harremanak sortzea dela. Ez dugu soilik jarduera-programa bat martxan jarri; auzoetan konfiantza, entzutea eta elkarrekiko ardura landu ditugu”. Era berean, nabarmendu du egitasmoak “udalaren eta komunitatearen arteko lankidetza eredu berri bat” sendotu duela, eta helburua dela “zaintza eguneroko politikaren ardatz bihurtzea”.
Horren harira, aurten martxoa Zaintzaren Hilabetea izango da Hondarribian. “Zaintza ez da inprobisatzen” lelopean, AuzoEKIN programak urrats bat gehiago emango du, zaintzaren inguruko hausnarketa sakontzeko. Kafe tertuliez eta bestelako jarduerez gain, hiru hitzaldi eskainiko dira martxoan zehar, herritarrak etorkizuneko zaintzen plangintzan ahalduntzeko.
“Hitz egin dezagun gure zaintzaz” programak zaintza pertsonal, mediko, administratibo eta ekonomikoei buruzko aldez aurreko hausnarketa sustatzen du, erabaki informatu eta kontzienteak hartzea errazteko. Biztanleriaren zahartzea eta mendekotasun-egoeren gorakada kontuan hartuta, ezinbestekoa da etorkizuneko beharrak aurreikustea eta erantzukizun indibiduala onartzea, arreta egokia eta pertsonalizatua bermatzeko.
Hiru hitzaldi, zaintzari begirada osoa emateko
Hitzaldi guztiak Kultur Etxean izango dira, 17:30etik 19:30era, eta ikuspegi teorikoa zein dinamika parte-hartzaileak uztartuko dituzte, herritarrak beren plangintza-prozesuan aktiboki inplikatzeko.Saioek ikuspegi teorikoa eta dinamika parte-hartzaileak uztartuko dituzte eta herritar guztiei zuzenduta daude. Hitzaldiak Olaia Arana Alvarezek gidatuko ditu. Gizarte Lanean diplomaduna eta Etika Soziosanitarioko aditua da. 24 urtetik gorako esperientzia du, eta gizarte-arloan eta zaintzaren inguruko hausnarketa komunitarioan ibilbide sendoa egina du.
- Martxoaren 5ean: Zaintza pertsonalak – Zaintza ez da inprobisatzen
Lehen saioan, eguneroko bizitzako ohiturei eta autozaintzari erreparatuko zaie. Parte-hartzaileek beren ongizate fisiko, emozional eta sozialari buruz hausnartuko dute, eta “Zuk jakitea nahi dut” tresnaren bidez beren lehentasunak eta nahiak jasotzeko aukera izango dute. Helburua da bakoitzak bere eguneroko zaintzak kontzienteki identifikatzea eta etorkizunean nola kudeatu nahi dituen pentsatzen hastea. - Martxoaren 12an: Zaintza medikoak – Aurretiazko borondateen agiria eta hiltzen laguntzeko prestazioa (eutanasia)
Bigarren hitzaldian osasun-egoera larrien aurrean hartu beharreko erabakiak landuko dira, ikuspegi etiko eta legaletik. Aurretiazko borondateen agiria zer den, nola egin daitekeen eta egoera kritikoetan zer garrantzi duen azalduko da. Era berean, hiltzen laguntzeko prestazioari buruzko informazioa eskainiko da, errespetuan eta autonomia pertsonalean oinarrituta. Saioaren xedea da heriotzaren inguruko isiltasuna apurtzea eta erabaki aurreratuak hartzeko segurtasuna ematea. - Martxoaren 26an: Zaintza ekonomikoak – Prebentziozko notario-ahalordeak, testamentuak, herentziak eta baliabide sozial eta ekonomikoak
Azken saioan ondarearen eta ordezkaritza legalaren plangintzari helduko zaio. Prebentziozko notario-ahalordeak, testamentuak eta herentzien oinarriak azalduko dira, baita mendekotasun-egoeretan eskuragarri dauden baliabide sozial eta ekonomiko nagusiak ere. Helburua da familia-gatazkak prebenitzea, ziurgabetasuna murriztea eta etorkizunari begira lasaitasun handiagoa eraikitzea.
Egoitzetako egoiliarrak eta haien senideak ere kontuan hartu dira. CIMASUBen eskutik film proiekzioak eskainiko dira Betharram eta San Gabriel egoitzetan, martxoaren 18an eta 23an.





