- Foro honen helburua Euroeskualdeko 11 unibertsitateen arteko lankidetza sustatzea da, ikerkuntzan, prestakuntzan eta mugikortasunean.
- Sailburuak nabarmendu duenez, Unibertsitateen Lege Aurreproiektuak Euroeskualdeko lurraldeetako unibertsitateekiko harremanak bultzatzea du helburu.
- Akitania-Nafarroa-Euskadi eskualdeko unibertsitateak eta ikerketa-zentroak ere gonbidatu ditu ZTBP Euskadi 2030en berrikuntza-proiektuetan parte hartzera.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko Unibertsitateen Foroaren hirugarren edizioaren inaugurazioan parte hartu du gaur goizean, Iruñeko Baluarte Auditorioan. Ekitaldi honen helburu nagusia Euroeskualdeko unibertsitateen arteko lankidetza sustatzea da
Inaugurazio ekitaldian, Juan Luis García Martín Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Françoise Jeanson Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Mailako Hezkuntzako eta Ikerketako lehendakariordeak ere hartu dute parte.
Pérez Iglesias sailburuak azpimarratu du atzo aurkeztutako Unibertsitateen Lege Aurreproiektuak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen (NAEN) aldeko apustu irmoa egiten duela «lankidetza-esparru bat» eratzeko «ikasleek eta unibertsitateetako langileek jarduera eta proiektu akademikoak partekatzeko aukera izan dezaten». Ildo beretik, sailburuak Euroeskualdeko erakunde akademikoak eta ikerketa-erakundeak gonbidatu ditu Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren aurreikuspenen babesean Berrikuntzaren Itsasargien alorrean garatuko diren proiektuetan parte hartzera.
Euroeskualdeak “euskara eta kultur ondare komuna partekatzen duten” lurraldeak biltzen ditu, eta horrek, zalantzarik gabe, erraztu egiten du erakunde unibertsitarioen arteko lankidetza akademikoa. Testuinguru horretan, Sailak Euskal Unibertsitate Sistemako (EUS) unibertsitateek, “esparru horren zati eraginkor gisa”, “lehentasunezko lankidetza-harremanak” sustatzeko eman duen laguntza nabarmendu du.
Sailburuak adierazi duenez, unibertsitateen arteko harreman horiek ikasleen eta irakasle eta ikertzaileen zirkulazio librea erraztu behar dute, baita prestakuntzaren, ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta unibertsitate-hedapenaren koordinazioa ere. Horretarako, Sailak, beste neurri batzuen artean, parte hartzen duten erakundeen artean ikasketak automatikoki onartzea sustatuko du.
Era berean, Sailak mugaz gaindiko lankidetza-programak sustatuko ditu, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta Euroeskualdeko erakunde akademikoekin hitzarmen eta tresna espezifikoak eginez, irakaskuntzako, ikerketako eta transferentziako baterako proiektuak garatzeko, bai eta elkartrukeak eta ikastaro partekatuak egiteko ere. Halaber, EUSeko irakasle eta ikertzaileen eta ikasleen mugikortasuna ere bultzatuko du, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak eta euskara eta euskal kultura-ondarea babesteko estrategiak bultzatzeko.
Gaurko jardunaldian, hiru eskualdeetako Gobernuetako agintariak eta unibertsitateetako errektore eta presidenteek hartu dute parte, besteak beste. Saioan Euroeskualdeko unibertsitate-lankidetzaren ekintza-ildoak jorratu dituzte, talentuaren erakarpena, lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa indartu asmoz.
Hamaika unibertsitate eta 250.000 ikasle
Akitania Berria-Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak hamaika unibertsitate publiko eta pribatu ditu, 250.000 ikasle baino gehiago biltzen dituztenak. Goi-mailako titulazioa duten biztanleen proportzioa Europako Batasuneko batezbestekoa baino sei puntu handiagoa da, eta hazkunde iraunkorra du. Gainera, erreferentziazko hainbat unibertsitate-sare ditu, hala nola Nazioarteko Bikaintasun Campusak, lankidetza egituratuak garatzeko oinarri sendoa osatzen dutenak.
Gaurko topaketa Euroeskualdeak 2022an hasitako Unibertsitate Lankidetzarako Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori hiru ardatz estrategikotan egituratuta dago: sareak sortzea; ikerketa eta prestakuntza; eta ikasleen eta irakasle eta ikertzaileen mugikortasuna.
Unibertsitateko eta erakundeetako eragileen artean sareak sortuz, Euroeskualdeak elkar ezagutzea eta esperientziak trukatzea du helburu. Funtsezko tresnen artean, UNINAEN plataforma digitala nabarmentzen da, hiru lurraldeetako unibertsitateko langileak konektatzeko eta mugaz gaindiko proiektuak dinamizatzeko diseinatua, baita mugaz haraindiko udako ikastaroak ere.
Bestalde, lankidetzan egindako ikerketa- eta prestakuntza-proiektuen garapena sustatzen du –bereziki, gradu eta master titulazio bikoitzak–, bai eta ikerketa-sare egonkorrak sendotzea ere. Mugaz gaindiko bederatzigarren laborategia sortu berri da, eta ekintza-lerro horren adibide bikaina da. 2015az geroztik, Euroeskualdeak 3,8 milioi euro baino gehiago bideratu ditu sektore estrategikoetako unibertsitate-lankidetzako 35 proiektu finantzatzera.
Gradu, master eta doktoregoko ikasleen mugikortasuna da hirugarren ardatz nagusia «hurbileko nazioartekotzea» sustatzeko. Horrela, 2016az geroztik, 600 pertsona inguruk jaso dute beste beka batzuekin bateragarria den Euroeskualdeko Beka.





