Martxoaren 16tik aurrera, Zorrotzaurrek TAO aparkaleku arautua izango du uhartearen hegoaldean. Bertan, bereizgarria lortzen duten egoiliarrek denbora-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute.
Lehen fasea izango da hori eta Zorrotzaurreko urbanizazio-obrek aurrera egin ahala zabaltzen joango da, datozen urteetan uharte osora zabaldu arte.
Guztira, lehen fase honetan 150 aparkaleku inguru izango dira araupekoak, eta horiei beste 400 inguru gehituko zaizkie datozen urteetan, Deustuibarra-Zorrotzaurreko eremuan 550 plaza inguru lortu arte.
Hegoaldeko eremu horretan bizi diren pertsonek (ikus planoa), non sektore berdea eta urdina egongo baitira, egoiliar-txartela eska dezakete gaurtik aurrera, honako bide hauek erabilita:
- Udalaren web orria: www.bilbao.eus
- Herritarren Arretako Bulegoa (Lersundi kalea 5, 48009 Bilbo)
- Telefonoa: 94 470 10 47.
- Arreta-ordutegia: Astelehenetik barikura: 08:30 – 18:30. Zapatuetan: 9:00 – 14:00.
TAO eremu berri horren (Deustuibarra-Zorrotzaurre) urteko tarifa 50 eurokoa da, edo, hala badagokio, hiruhileko naturalen arabera hainbanatutako zati proportzionala.
Besteak beste, TAO bereizgarria lortzeko, baldintza hauek bete behar dira:
- Egoiliarra Bilbon erroldatuta egotea, txartela zein helbidetarako eskatzen den, helbide horretan.
- Ibilgailuaren helbidea erroldakoarekin bat etortzea, renting/leasing erregimenean dauden edo enpresak lagatako ibilgailuen kasuan izan ezik.
- Bereizgarria edukiko duen ibilgailua turismoa edo antzeko ibilgailua izatea, eta udal-aparkaleku batean egoiliarrentzako partzela bati atxikita ez egotea.
- Eskatzaileak zorrik ez izatea Bilboko Udalarekin.
Egoiliar-txartel bi (TAO txartela) emango dira gehienez helbideko, eta, gehieneko kopuru horretan, udal-egoiliarraren aparkaleku-partzelak nahiz bizileku-eremuko garaje pribatuen partzelak zenbatzen dira.
Eremu horretako TAOaren ordutegia bizileku-eremuari dagokiona izango da: astelehenetik barikura, 9:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara. Zapatuetan ez da TAOrik egongo eta abuztuan goizez bakarrik funtzionatuko du.





