Eusko Jaurlaritzak Landa Garapeneko Euskal Sarea eratu du, erakundeen eta lurraldeko eragileen arteko koordinazioa indartzeko

0
  • Amaia Barredok Sarearen sorrera ekitaldia zuzendu du, eta landa garapenarekin lotutako erakundeetako, elkarteetako eta entitateetako ia 40 ordezkari bildu dira bertan
  • “Euskal landa eremuak ahots handiagoa izatea nahi dugu, lurraldeen arteko lotura handiagoa eta pertsonen bizitza hobetuko duten proiektuak bultzatzeko gaitasun handiagoa”, azpimarratu du sailburuak

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Amaia Barredok, Landa Garapeneko Euskal Sarearen (LGES) lehen bilera zuzendu du. Sare hori erakundeen eta lurraldeko eragileen arteko lankidetza-gune berria da, ekimen bateratuak sustatzeko eta Euskadiko landa eremura bideratutako politiken koordinazioa hobetzeko sortua.

Abiarazte jardunaldiak Sareko kide diren erakundeetako ia 40 ordezkari instituzional, teknikari eta landa eremuko eragile bildu ditu. Saioan Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta udal ordezkariek parte hartu dute, baita landa garapeneko elkarteek, tokiko ekintza-taldea den Mendinetek eta sektoreko erakundeek ere, Sailaren eta HAZI Fundazioaren teknikarien laguntzarekin.

Landa Garapeneko Euskal Sarea lurraldean lan egiten duten erakunde eta entitateak konektatzeko helburuarekin sortu da, ezagutza partekatzeko, premia komunak identifikatzeko eta landa eremuaren garapen orekatuan lagunduko duten proiektuak sustatzeko.

Bere funtzioen artean daude, halaber, Europako esparruan dauden aukerak identifikatzea, Europako beste landa eremu batzuekin esperientzia berritzaileak trukatzea eta jarduera ekonomikoa, lurralde-kohesioa eta landa eremuetako bizi-kalitatea indartuko dituzten ekimen bateratuak abian jartzea erraztea.

Lan hori garatzeko, Landa Garapeneko Euskal Sareak funtzionamendu-egitura izango du: Osoko Bilkura, Idazkaritza Teknikoa eta talde koordinatzailea, baita interes komuneko gaien inguruan aktibatuko diren lan-batzordeak ere. Gune horiek proiektu bateratuak sustatzeko, lurraldeen arteko ezagutza partekatzeko eta landa garapenean diharduten erakundeen eta eragileen arteko lankidetza indartzeko balioko dute.

“Sareak aukera emango du lurraldean egunero lanean ari direnek, hau da, administrazioek, elkarteek eta tokiko eragileek, informazioa partekatzeko, erronka komunak identifikatzeko eta landa eremuaren benetako beharrei hobeto erantzungo dieten proiektuak martxan jartzeko”, adierazi du sailburuak, Amaia Barredok.

Euskadiko landa garapenerako lankidetza-gune egonkorra

Landa Garapeneko Euskal Sarea kontsultarako, informaziorako eta aholkularitzarako gune egonkor gisa eratzen da, eta bertan Euskadiko landa garapenarekin lotutako erakunde eta entitateek parte hartzen dute.

Sarean parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariek, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak, Arabako Kontzejuen Elkarteak (ACOA-AKE), Arabako Kuadrillek, HAZI Fundazioak Lurralde zerbitzuaren bidez, Landa Garapeneko Elkarteek, Tokiko Ekintza Taldeek eta sektoreko erakundeek, hala nola UAGAk eta Nekaturrek, besteak beste. Gainera, Sarea etorkizunean kide berriak hartzeko irekita dago.

Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak landa garapenaren gobernantza indartu nahi du eta lankidetza-gune iraunkor bat sendotu, euskal landa eremurako aukera berriak sustatzen lagunduko duena.