- Topaketan, zortzi herrialdetako 1.000 hezkuntza-profesional elkartu dira, eta hezkuntza-ebaluazioari buruzko eztabaidan nazioarteko erreferentzia-puntu bihurtu da Euskadi
- Eusko Jaurlaritzak antolatuta, nazioarteko adituak bilduko dira kongresuan, ebaluazioak ikaskuntza hobetzen nola laguntzen duen aztertzeko
- Imanol Pradales: “Bikaintasuneko hezkuntzan sakontzen eta sistemaren emaitzak etengabe hobetzen jarraitu behar dugu”
Bi egunez, Euskadi hezkuntza-ebaluazioari buruzko eztabaidarako nazioarteko topagune bihurtuko da. Imanol Pradales Lehendakariak Hezkuntza Ebaluazioari buruzko Nazioarteko lehen Kongresua inauguratu du gaur goizean. Kongresu hau martxoaren 9an eta 10ean egingo da Euskalduna Jauregian, eta zortzi herrialdetako hezkuntzako 1.000 profesional bilduko ditu, Euskadiko eta Estatu osoko ordezkaritza zabalarekin.
Eusko Jaurlaritzak antolatu du topaketa, eta, bi jardunalditan, ikertzaileak, hezkuntza-politiketako arduradunak eta ikastetxeetako profesionalak elkartuko ditu, ebaluazioak ikaskuntza hobetzeko tresna gisa duen eginkizunari buruz hausnartzeko.
Irekiera-ekitaldian, Lehendakariak nabarmendu du kongresu honek Euskadik Hezkuntzan egindako apustuaren bi ezaugarri batzen dituela: ebaluazioaren kultura eta nazioarteko begirada. Biak dira bikaintasunaren eta kalitatearen zutabeak. Hala, Pradalesek azpimarratu duenez, «kongresu honekin, begirada europar eta global horretan sakontzen dugu, ekitatea eta bikaintasuna batzen dituen Hezkuntza Sistema bati begira». «Lupa gure ahulezietan eta indarguneetan jartzen dugu, baita nazioarteko jardunbide onenetan ere, irakaskuntzaren, ikaskuntzaren eta gure politika publikoen kalitatea indartzeko. Aukera-berdintasuna ez ezik, emaitzarik onenak bermatuko dituen eskola baten alde. Bikaintasuneko hezkuntzan sakontzen eta sistemaren emaitzak etengabe hobetzen jarraitu behar dugu», adierazi du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosaren arabera, kongresu hau “ikasleen emaitzak hobetzen jarraitzeko eta euskal hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea indartzeko bultzatzen ari garen estrategiaren barruan kokatzen da. Baliabideak, irakasleak, laguntza- eta prestakuntza-programak indartu ditugu, eta orain beste urrats bat eman dugu Euskadin hezkuntza-ebaluazioko nazioarteko ahots nagusietako batzuk bilduz, ikasten eta gure sistema hobetzen jarraitzeko”.
Kongresuaren lehen jardunaldia
Irekiera instituzionalaren ondoren, kongresua Dublin City Universityko Joe O’Hara adituaren hitzaldi nagusiarekin hasi da. Azken hiru hamarkadetan Irlandako ikastetxeen hezkuntza-ikuskaritzaren eta autoebaluazioaren sistemak izan duen bilakaera aztertu du. Bere hitzaldian azaldu duenez, bi ikuspegiak pixkanaka integratuz joan dira, hezkuntza-hobekuntza bultzatzeko, ikastetxeen lidergoa indartzeko eta ikasteko datuen erabilera estrategikoagoa sustatzeko tresna osagarri gisa.
Lehenengo jardunaldian, Luis Lizasoain (UPV/EHU) irakaslearen hitzaldia ere izan da. Eskola eraginkortasunaren eta hobekuntzaren analisian zentratu da, eskala handiko ebaluazioen emaitzetatik abiatuta. Lizasoainek hainbat ikerketa aurkeztu ditu, ikastetxe jakin batzuek emaitza bereziki positiboak lortzea azaltzen duten faktoreak identifikatzeko eta praktika on horiek beste ikastetxe batzuetara nola eraman daitezkeen jakiteko, hezkuntza sistema osoa hobetzeko.
Horrez gain, mahai-inguruak, komunikazio zientifikoak eta poster-saioak egingo dira kongresuan, eta, horietan, hezkuntza-arloko ikertzaileek eta profesionalek hartuko dute parte. Hainbat gai landuko dira, hala nola hezkuntza-programen ebaluazioa, hizkuntzen ebaluazioko erronka berriak edo adimen artifizialak ebaluazio-prozesuetan duen zeregina.
Nazioarteko erreferenteak batzorde zientifikoan
Gainera, kongresuak nazioarteko batzorde zientifiko bat du, mundu mailako hezkuntza-ikerkuntzako ahots nagusietako batzuek osatua; besteak beste, Jim Cummins, Paola Uccelli, Andreas Schleicher, Durk Gorter, Rocío García Carrión, Camilla Bardel eta Joana Duartek.
Bigarren eguneko hitzaldiak
Astearteko jardunaldian hitzaldi nagusi gehiago izango dira, besteak beste, University of Edinburgh-eko Carol Campbell-ena. Bertan, ebaluazioak ikaskuntzan eta feedback-aren erabileran duen papera aztertuko da, ikasleen aurrerapenari laguntzeko, bai eta irakasleen prestakuntzak eta lidergo profesionalak ikasgeletako ebaluazio-praktikak hobetzeko duen garrantzia ere.
Paula Elosuak (UPV/EHU) ere parte hartuko du, eta hezkuntza-ebaluazioaren kontzeptuaren bilakaerari buruz eta zorroztasun teknikoa, oinarri pedagogiko sendoak eta gizarteratzea bateratzen dituzten ikuspegiak garatzeko beharrari buruz hausnartuko du, ebaluazio-sistema koherenteak eta sozialki arduratsuak eraikitzeko.
Kongresuaren amaiera Begoña Pedrosa sailburuak emango dio, eta hezkuntza-sistema indartzen jarraitzeko ezagutza, esperientziak eta ebidentziak partekatzera bideratutako bi lan-jardunaldiri amaiera emango dio.
Kongresua hezkuntza-etapa guztietako irakasleei, zuzendaritza-taldeei, orientatzaileei, politika publikoen arduradunei, ikertzaileei eta hezkuntza hobetzeko tresna gisa ebaluazioaren zereginean sakondu nahi duten unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago.
Kongresuaren egitarau osoari buruzko informazio guztia webgune ofizialean kontsulta daiteke:
https://hezkuntzaebaluaziokongresua.euskadi.eus/hasiera/






