- Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du V. AKIS Foroaz, ekoizle eta kooperatibekin ibilbide-orria kontrastatzeko eta elkarlanerako lana indartzeko aukera eman baitu
- “Arkautin egindako saio honetatik mezu argi batekin ateratzen gara: konpromisoa dago, ezagutza dago eta elkarrekin aurrera egiteko borondatea dago”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak
Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du gaur Arkautiko Campusean V. AKIS Foroaren barruan egindako jardunaldiari buruz. Bertan Patataren Sektore Plana eta Patataren I+G+b Plana aurkeztu dira, balio-kate osoaren ordezkarien aurrean.
Topaketan ekoizleak, kooperatibak, enpresak, teknikariak eta erakundeetako ordezkariak bildu dira, parte-hartze formatuan. Horri esker, planaren ildo estrategikoak aurkezteaz gain, proposamenak jasotzeko eta lehentasunak sektorearekin zuzenean kontrastatzeko aukera izan da.
“Arkautitik mezu argi batekin ateratzen gara: konpromisoa dago, ezagutza dago eta elkarrekin aurrera egiteko borondatea dago. Patataren Plana iraupeneko eta etengabeko hobekuntzako bokazioarekin sortu da, egunero laborantza lantzen dutenen ikuspegia txertatuz”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok.
Jardunaldian Arabako Lurralde Historikoan patatak dituen erronka nagusiak aztertu dira, hala nola azken hamarkadetan erregistratutako azalera-murrizketa, presio fitosanitarioa edo inportatutako oinarrizko haziaren mendekotasuna; baita lurraldea kalitatezko hazi ziurtatuaren ekoizle gisa indartzeko dauden aukerak ere.
Aurkeztutako planak estrategia egituratua planteatzen du ezagutzaren sustapenean, inbertsioen indartzean eta sektorearen aktibazioan oinarrituta. Helburua patataren azalera handitzea, haren errentagarritasuna hobetzea eta Euskadiko baldintza agroklimatikoetara egokitutako barietate propioen garapena bultzatzea da. Ildo horretan, NEIKERek ikerketa aplikatuan eta hobekuntza genetikoan eragile trakzio-gile gisa duen zeregina nabarmendu da, kooperatiba eta ekoizpen-erakundeekin lankidetzan.
V. AKIS Foroaren baitan egindako mahai-inguruak balio-kateko katebegi ezberdinetako ikuspegiak partekatzeko aukera eman du, eta agerian utzi du ekoizpenaren, ikerketaren eta merkaturatzearen arteko koordinazio estua mantentzearen garrantzia. Azken ekarpenetarako tarteak, berriz, prozesuaren izaera irekia eta plana garatzean hobekuntzak txertatzen jarraitzeko borondatea indartu ditu.
Amaia Barredoren hitzetan, “foro honen benetako balioa entzutea izan da. Sailak sektorearekin batera lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, tresnak ustiategien errealitatera egokitzeko eta Arabako hazi-patatarentzat etorkizuna, errentagarritasuna eta egonkortasuna bermatuko dituen estrategia sendotzeko”.
Jardunaldi honekin, Eusko Jaurlaritzak planaren garapenaren fase berri bati hasiera eman dio, sektorearekin lankidetza aktiboan oinarrituta eta neurriak etengabe ebaluatuz, haien eraginkortasuna eta landa-eremuan izango duten eragina bermatzeko.
Plana Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean argitaratuta dago:
Euskadiko kontsumorako eta ereiteko patataren sektore-plana






