Etxebidek 104.280 etxebizitza-eskatzaile erregistratu ditu Euskadin, eta berretsi du alokairu eskuragarriaren eskaintza zabaltzea dela oraindik erronka nagusia

0
  • Bizkaian metatzen da inskribatutako eskariaren erdia baino gehiago, eta, hiru hiriburuen artean, Gasteizek du alokairuko profil intentsiboena

Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuak, 2026ko urtarrilaren 1ean, Euskadin etxebizitza eskuratu nahi duten 104.280 pertsona edo bizikidetza-unitate ditu guztira erregistratuta. Horietatik, 81.935 alokairu-erregimenean inskribatuta daude, eta 22.345 erosketa-erregimenean, eta horrek berresten du alokairuko etxebizitza eskuratzeko eskaria dela nagusi.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak zabaldutako datuek argi islatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-egoera: alokairuan biltzen da, gehien bat, etxebizitza eskuragarria lortzeko premia, eskaera horrek hiri-izaera nabarmena du eta bereziki hiriburuetan eta udalerri handienetan kokatzen da. Etxebiden izena eman duten hamar pertsonatatik ia zortzi alokairuaren eskaerarekin lotzen da jada.

Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak aditzera eman duenez, “Etxebideren datuek berriro baieztatzen dute alokairu eskuragarria dela gaur egun Euskadik etxebizitzaren arloan duen erronka nagusia. Hor dago presiorik handiena, eta hor areagotu behar da politika publikoaren ahalegina”. De los Toyos sailburuordeak adierazi duenez, “estatistikak oso eskaera hiritarra erakusten du, hiriburuetan eta udalerri handietan oso kontzentratua, eta gero eta pisu handiagoa dutela bizikidetza-unitate txikiek, gazteek eta bizitoki-erantzun malguagoa behar duten pertsonek”. Sailburuordearen iritziz, “Etxebidek, eskaria neurtzeaz gain, aukera ematen digu aurreratzeko non behar den parke publiko gehiago, etxebizitza hutsak non mobilizatu behar diren gehiago eta erakundeen arteko lankidetza non areagotu behar den”.

Eskaria, lurraldeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen arabera

Lurraldeen arabera, Bizkaiak 56.713 eskatzaile ditu, Euskadi osoko % 54,4; Gipuzkoak 28.566 ditu, % 27,4; eta Arabak 19.001 ditu, % 18,2. Hiru lurraldeetan alokairua da nagusi argi eta garbi, intentsitate desberdinez bada ere: Araban eskariaren % 88,5 da, Bizkaian % 77,6 eta Gipuzkoan % 73,8. Sailburuordeak ideia nagusi honetan laburbildu du egoera: “Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak intentsitate desberdinak dituzte, baina ondorio bera atera dute: alokairu babestu eta eskuragarria areagotzen jarraitu behar da, herrialdearen errealitate sozialari hobeto erantzun dakion”.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan biltzen dira Etxebiden inskribatutakoen zati handi bat. Bilbon 31.331 eskatzaile daude, Gasteizen 18.118 eta Donostian 13.963. “Gasteizek, Bilbok eta Donostiak eskaeraren zati handi bat biltzen dute”, nabarmendu du De los Toyos sailburuordeak, “baina etxebizitza eskuratzeko presioak gora egiten jarraitzen duen hiri handiei eta eskualde-buruei ere erreparatu behar diegu”.

Bizkaian, Etxebidek 56.713 eskatzaile erregistratu ditu; horietatik 44.035 eskatzailek alokairuko etxebizitza eskatzen dute, eta 12.678 eskatzailek erostekoa. Bolumen handiena Bilbon dago, 31.331 eskatzailerekin; ondoren datoz Barakaldo 8.961 eskatzailerekin, Getxo 8.157 eskatzailerekin, Basauri 3.810 eskatzailerekin, Leioa 3.543 eskatzailerekin, Portugalete 3.522 eskatzailerekin eta Santurtzi 3.377 eskatzailerekin. Horrenbestez, Bizkaiko eskariak metropoli-kontzentrazio handia du, bereziki Bilbon eta hurbileneko hiri-ingurunean. Miguel de los Toyos sailburuordeak errealitate horri buruz adierazi duenez, “Bizkaian argi eta garbi islatzen da etxebizitza eskuratzeko arazoaren metropoli-dimentsioa: eskari-poltsa handiak, alokairuaren pisu handia, lehendik dagoen parkean esku hartu beharra, eta babestutako eskaintza berria sortu beharra”.

Araban, 19.001 inskripzio egin dira guztira, 16.823 alokairurako eta 2.178 erosketarako. Ia eskari guztia Gasteizen dago, 18.118 eskatzaile biltzen baititu, hau da, lurraldeko eskari osoaren % 95 baino gehiago. Gainera, Arabako hiriburuak du, hiru hiriburuen artean, alokairuko profil intentsiboena, 15.957 inskripzio erregimen horren eskatzaileak baitira. “Gasteizek biltzen du Arabako ia eskari guztia, eta agerian geratzen da alokairu eskuragarriak zenbateraino jarraitu behar duen lehentasun estrategiko izaten”, esan du De los Toyos sailburuordeak. “Hortxe, hain zuzen, izan behar du politika publikoak iraunkorragoa, anbizio handiagokoa eta efikazagoa”.

Gipuzkoan, Etxebidek 28.566 eskatzaile ditu, 21.077 alokairurako eta 7.489 erosketarako. Donostian biltzen da eskatzaile gehien, 13.963 eskatzailerekin; ondoren datoz Irun 3.299 eskatzailerekin, Errenteria 3.009 eskatzailerekin, Zarautz 2.268 eskatzailerekin, Hernani 1.851 eskatzailerekin eta Tolosa 1.126 eskatzailerekin. Horrenbestez, lurralde honetan, eskaria hiriburuan ez ezik, lurraldeko beste udalerri estrategiko batzuetan ere hedatzen da. Sailburuordearen hitzetan, “Gipuzkoak presio handia du Donostian, baina eskaera argi eta garbi hedatzen da lurraldeko beste udalerri estrategiko batzuetara ere. Horrek zenbait hiri-errealitatetara egokituko den erantzuna eskatzen du, betiere tresna malguen bidez eta erakundeen arteko elkarlan jarraituaren bidez”.

Etxebizitza-eskatzaileen profila

Estatistikak, halaber, eskariaren profilaren egiturazko zenbait ezaugarri berresten ditu. Pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak nabarmentzen dira bereziki, 64.783 eskatzaile, oso azpitik daude bi kideko bizikidetza-unitateak, 16.965, eta hiru edo lau kideko bizikidetza-unitateak, 17.858. Era berean, 36 urtetik beherakoen pisua ere nabarmena da, 24.032 eskatzailerekin, baita etxebizitza-premia bereziko kupoari dagokion bolumena ere, 17.940 eskatzailerekin. Kolektibo espezifikoen artean daude, gainera, banantze- edo dibortzio-egoerak —13.246 eskatzaile—, 60 urtetik gorako pertsonak —11.040 eskatzaile— eta guraso bakarreko familiak —5.173 eskatzaile—.

Horri gehitu behar zaio 16.618 euroko batez besteko errenta haztatua, Euskadiko eskari osorako. Edonola ere, alde nabarmenak daude lurraldeen eta erregimenen artean, erosketaren batez besteko diru-sarrerak alokairuarenak baino askoz ere handiagoak baitira.

“Ikusten dugunean eskaria alokairuan, bizikidetza-unitate txikietan, gazteetan edo bizitoki-zaurgarritasun handiko egoeretan metatzen dela, hori ez da estatistika hutsa, politika publikorako bide-orria baizik”, adierazi du Miguel de los Toyos sailburuordeak. “Gure betebeharra da etxebizitza-parke babestua indartzen jarraitzea, etxebizitza hutsak aktibatzea, premia berrietara egokitutako apartamentu berriak sustatzea eta erakundeen erantzunak eskariaren benetako mapara hobeto egokitzea”.