- Behin irekiera jakinarazita, alegazioak aurkezteko epea irekiko da
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak zehapen-espedientea ireki dio Falangeri, 2025eko urriaren 12an Gasteizen deitu zuen manifestazioa dela eta, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legea ez betetzeagatik.
2025eko urriaren 27an, prozedura hasi aurretik, Gogora Institutuak aurretiazko informazio-eginbideak abiarazi zituen ofizioz. Eginbide horien ondorioz, zehaztu ahal izan da adierazpen eta kontsignak eman zirela eta bertaratutako pertsonek banderak erakutsi zituztela, eta horiek Legean ezarritako betebeharrak ez betetzea ekar zezaketela.
9/2023 Legeak, 47.3 artikuluan lege hauste larri gisa jasotzen ditu ondokoak:
“Gerra Zibilaren edo diktadura frankistaren biktimen edo haien senideen duintasunaren kontrako adierazpen iraingarri, laidogarri edo erasokorrak egitea edo zabaltzea edozein hedabide, hitzaldi edo agerraldi publiko zein plataforma digitaletan, bai eta frankismoa edozein modutan gorestea ere”, eta “1936ko kolpe militarra eta diktadura frankista, haren buruzagiak edo erregimen diktatoriala defendatu zuten erakundeak modu indibidualean edo kolektiboan ospatzea, gorestea edo goraipatzea bilatzen duten edonolako ekitaldi eta omenaldiak egitea, uztailaren 18ari lotutako ospakizunak barne”.
Legean arau-hauste larrien kasuan aurreikusitako zehapena 2.001 eta 10.000 euro arteko isuna da.
Espedientea ireki dela jakinarazi ondoren, Falangeak alegazioak aurkezteko epea du.






