Osakidetzak instrukzio berri bat onartu du eta bere gain hartzen ditu ebakuntza kirurgikoen, anputazioen eta abortuen ondoriozko gorpuzkien kudeaketa eta kostuak

0
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak araua berrikusteko konpromisoa hartu zuten joan den otsailean, eta beste instrukzio horrekin osasun-arreta humanizatzeko konpromisoa indartu dute

Osakidetzak behar besteko garrantzia duten gorpuzkiak (ebakuntza kirurgikoen, anputazioen edo abortuen ondoriozkoak) kudeatzeko prozedura ezartzen duen beste Instrukzio bat onartu du. Instrukzio horren bidez, hemendik aurrera, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak bere gain hartuko ditu gorpuzki horiek errausteko hilotz-araudiaren ondoriozko betebeharren tramiteak eta kostuak, betiere pazientearen edo haren senideen berariazko baimena izanez gero.

Neurri horrek erantzuten dio Osasun Sailak eta Osakidetzak sentikortasun bereziko egoera horietan kaltetuei eta haien gertukoei erantzun gizatiarragoa, enpatikoagoa eta errespetuzkoagoa emateko hartutako konpromisoari.

Instrukzio berria Osakidetzaren zerbitzu-antolakunde guztietan aplikatuko da, eta gorpuzkien ondoriozko hileta-zerbitzuaren kostuak itzultzeari buruzko aurreko Instrukzioa (4/2024 Instrukzioa) ordeztuko du —indarrik gabe geratuko da—.Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoak zuzenean hartzen ditu bere gain gorpuzkien errausketaren ondoriozko kostuak eta tramiteak, pazienteen edo senideen baimena izanez gero.

Pertsonek, beren erabakiz, nahiago badute gorpuzkiak bere gain hartu, adibidez ehorzketa edo errausketa partikularra egiteko, haiek edo haien senideek izango dute beharrezko kudeaketa egiteko ardura eta beren gain hartu beharko dituzte horrekin lotutako gastuak, hilotz-osasunaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Kasu horietan guztietan, Osakidetzak gorpuzkien kausa eta jatorria ziurtatuko duen ziurtagiri medikoa emango du, ezinbesteko baldintza baita lekualdaketa, errausketa edo ehorzketako tramiteak egiteko.

Lankidetza pazienteen elkarteekin

Erregulazio berri horren bidez gauzatzen da Osasun Sailak eta Osakidetzak zaurgarritasun bereziko uneetan arreta- eta laguntza-baldintzak hobetzeko hartutako konpromisoa —anputatutako pertsonak ordezkatzen dituen ANDADE elkarteak Euskadin duen ordezkaritzari entzuteko prozesuaren ondoren hartutako konpromisoa da—.

Instrukzio hau indarrean sartzearekin, Osakidetzak beste urrats bat egin du osasun-asistentzia humanizatzeko estrategian; pertsonak erdigunean jarri ditu, tratu duina eta errespetuzkoa bermatu du eta herritarrenganako hurbiltasun-, sentsibilitate- eta babes-balioekin konprometitutako osasun publikoko sistema sendotu du.