-
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko eta EHUko arduradunek egin dute bilera gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
-
Unibertsitate publikoaren behar eta egitasmo akademikoak Unibertsitate Sistemaren Planaren ardatzekin uztartzeko modua aztertu dute.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko eta EHUko Errektoretzako lantaldeen arteko lan bilera izan da gaur, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburua eta Joxerramon Bengoetxea errektorea buru izanik. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan egin den batzarrean, 2027-2030 Unibertsitate Sistemaren Plana osatzeko lanari ekin diote, eta 2026an zehar egingo dituzten urratsak adostu dituzte.
Lehen bilera honetan, Unibertsitate Sistemaren Planean jaso asmo diren bost ardatz nagusiak finkatu dituzte: abangoardiako ikerketa bultzatzea irakasle-ikerlarien nazioarteko esperientzia indartuz; unibertsitate-komunitatea artatzea eta zaintzea; unibertsitatearen nazioartekotzea sendotzea; unibertsitate-enpresa harremana areagotzea; digitalizazioa eta adimen artifiziala irakaskuntzara eta unibertsitatearen jardun osora doitzeko ekimenak finkatzea. Honela, datozen hilabeteetan, Unibertsitate Sistemaren Planaren barruan eta EHUko Estrategia Planaren ildotik, aipaturiko bost ardatz nagusiei lotutako ekintzak zehazten joango dira, bai eta azpiegitura duinak bermatzeko plangintza lantzen ere.
Era berean, EHUren behar eta egitasmo akademikoak jorratu dituzte eta esandako bost ardatzekin uztartzeko modua aztertu dute. Bi lantaldeek premiazkotzat jo dituzten beharrak 2026an lankidetzan jorratzeko konpromisoa hartu dute: segurtasuna bermatzeko lanen finantzazioa; ikerketarako eta ongizate plana aurrera ateratzeko TEKAZEL lanpostuen sorrera aurreratzea; irakasle eta ikerlarien beharrak, jarduerak eta baldintzak aztertu eta gauzatze aldera behar diren neurriak adosten joatea.
Azkenik, etorkizuneko estrategiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Ikasketa Aurreratuen Zentroa garatzeko lankidetza-bideak aztertzeko konpromisoa hartu dute bi taldeek.
Sailburuak azpimarratu du Unibertsitate Sistemaren Plana dela datozen lau urteotarako finantzazio beharrak eta helburu akademikoak finkatzeko tresna nagusia. Hortaz, zehaztu du, “testuinguru horretan aztertuko ditugu EHUko errektoretzak identifikatu dituen beharrak eta estrategia-planean ezarritako helburuak, eta azterketa horren emaitzaren araberako finantzazioa ezarri ere”.
“Unibertsitate-planetik kanpo geratzen diren EHUren bestelako proposamenak –hala nola, ikertzaile eta irakasle gazteen soldatei dagozkienak— beste esparru batean joango gara aztertzen eta dagozkien erabakiak hartzen” adierazi du.
EHUko errektoreak azpimarratu duenez, “udazkenean aurkeztutako premien diagnosiak aurtengo lehentasunak ezartzen lagundu du. Diagnosiak eta EHUko komunitate osoarekin kontrastatu den Estrategia Planak (astelehenean klaustroan onartzeko aurkezten dena) marko garrantzitsua ezartzen dute Unibertsitate Planaren ardatzekin bateragarri izango dena”.






