Lurralde Kohesioak 3 milioi inguru emango dizkie tokiko erakundeei despopulazioaren aurkako borrokan laguntzen duten inbertsio berritzaileetarako

0

Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak Tafallan aurkeztu dizkie gaur kontzejuetako alkate eta presidenteei despopulazioaren aurka borrokatzeko toki entitateei dirulaguntzak emateko aukera duten. 2026. eta 2027. urteetarako deialdia 2.923.923 eurokoa da, eta guztira 143 udalerrik eta Nafarroako 166 kontzejuk eskuratu ahal izango dute, guztiak ere despopulatzeko arriskuan.

Rodriguezek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak “despopulatzeko arriskuan dauden gure herrien etorkizun sozial eta ekonomikoa sustatzen” jarraituko du. Era horretan, “udal-begirada batetik, aukerak sortu nahi ditugu landa-ingurunean, eta hori ikuspegi berritzailearekin egingo dugu”.

Gaur aurkeztutako laguntza-deialdiarekin, oinarrizko zerbitzuak eta lurralde-kohesioa bultzatu nahi dira, “despopulatzeko arriskuko eremuetan bizi diren pertsonek zerbitzu publikoak berdin-berdin eskura ditzaten eta landa-eremuak garatu ahal izateko finkatze-eredu orekatu eta iraunkorra bultzatzea bermatzearren”, zehaztu du zuzendari nagusiak. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak toki-erakundeekiko duen konpromisoa nabarmendu du, bai tokiko finantzaketa-ereduari, bai Lurralde Kohesioaren aurrekontua banatzeari dagokienean (%56 udalerrietara bideratzen du).

Diru-laguntza lor dezaketen jarduerak

Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan dauden udalerriak eta kontzejuak ez dira deialdi horretan sartzen, dagoeneko plan estrategiko bat baitute, adostutako ibilbide-orriarekin eta finantzaketarekin.

Diru-laguntzen deialdiaren helburua da jarduerak sustatzea, udalerrien eta kontzejuen zuzkidurak erronka demografikoaren errealitatera egokituz, Nafarroako Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategiaren ardatzak lortzeko bidean aurrera egin ahal izatearren.

Deialdiaren arabera, inbertsio hauek izango dira finantzagarriak: alokairuko etxebizitzak, ohiko bizileku iraunkorrerako espazioak eta eraikinak erosteko edo birgaitzeko (opor-alokairua ez da sartzen); erabilera anitzeko aretoak sustatzea, lokalak erosteko edo birgaitzeko jantoki sozialetarako, ludoteketarako, zaintzako profesional ibiltarientzako edo jarduera fisiko egokitua bezalako erabileretako.

Gainera, diru-laguntza izango dute mugikortasun irisgarrirako pentsatutako ekintzek; hala nola, mugikortasun egokituko ibilgailuak edo irtenbideak erosteko edo egokitzeko, hezkuntza, osasuna edo zaintzak bezalako oinarrizko zerbitzuak eskuratze aldera. Halaber, diruz lagunduko dira irisgarritasuna hobetzeko ekintzak; esate baterako, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko berrikuntzak (arrapalak, igogailuak, seinale egokituak edo lokal publikoetako ibilbide irisgarriak).

Era berean, coworkingerako espazioak finantzatu ahal izango dira, lanerako lokalak erosita edo birgaituta. Orobat, landa-inguruneetan adinekoen kalitatea hobetzeko, teknologiak eta adimen artifiziala erostea diruz lagunduko da.

Balorazio-irizpideak

Laguntza-deialdian agertzen diren balorazio-irizpideen artean, ondorengoak aurkitzen dira: inbertsioa egingo den udalerriaren despopulazio-arriskuaren indizea; azpiegitura hainbat udalerritarako planifikatzea; udalerrian antzeko azpiegiturarik ez izatea; despopulazioaren aurka borrokatzeko proiektu berritzailea izatea; edo ingurumen-iraunkortasunari laguntzea.

Despopulazio-arriskuan dauden udalerri eta kontzeju guztiei zuzendutako deialdi honek Pirinioetako Planaren bidez toki-erakundeei transferitutako funtsak osatzen ditu; era horretan, foru-komunitateko lurralde osora iristen da, despopulazioaren aurka borrokatzeko ekimenak hedatzeko.