Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egonkortasunerako bidea adostu du, 2028ra arte, eta Euskadiren eta Estatuaren arteko finantza-harremanen esparrua eguneratu du

0

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa (EIBM) gaur bildu da, formatu telematikoan, eta hamaika akordio lortu dira aho batez. Zehazki, hiru arlo nagusitan erdietsi dira:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeentzako 2026-2028 aldirako defizit- eta zor-helburuak adostu dira, eta 2025-2026 aldirako Ekonomia- eta Finantza-Plana onartu da. Horri esker, hurrengo ekitaldietan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen kontu publikoak egiteko egonkortasuna eta segurtasuna bermatuko da.
  • 2024rako behin betiko eta 2025erako behin-behineko politika aktiboen kupo likidoa eta balorazioa onartu dira, eta Euskadiren eta Estatuaren arteko finantza-fluxuen eta -harremanen esparrua eguneratu da, Ekonomia Itunaren sistemak ezartzen duenaren arabera.
  • Euskadik osasunaren arloko zenbait ezohiko zuzkiduratan parte har dezan erabaki da —guztira 7 milioi eurotik gora izango dira 2025. eta 2026. urteetan—.

Euskadiko ordezkariak izan dira: Noël d’Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburua; María Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko diputatu nagusia; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Iñaki Alonso, Ogasuneko sailburuordea. Aldi berean, Estatuaren Administrazio Orokorra Jesús Gascónek ordezkatu du, Ogasuneko Estatu Idazkaria denak, eta, gainera, María Jesús Montero —Gobernuko Lehen Presidenteordea eta Ogasun ministroa— eta María José Gualda —Aurrekontu eta Gastuen Estatu Idazkaria— ordezkatu ditu; baita Arcadi España, Lurralde Politikako Estatu Idazkaria; Miryam Álvarez, Lurralde Koordinazioko Idazkari Nagusia; eta Mónica García Sáenz, Egonkortasun Presupuestarioaren eta Lurralde Finantzaketa Kudeaketaren zuzendari nagusia, Autonomia-erkidegoen eta Tokiko Finantzaketaren Idazkari Nagusiaren ordez.

 

2026-2028 ALDIRAKO AURREKONTU-EGONKORTASUNEKO ETA FINANTZA-JASANGARRITASUNEKO BIDEA

2026-2028 aldirako, -0,3ko defizita eta % 13ko zor publikoa adostu dira Eusko Jaurlaritzarentzat, eta -% 0,1eko defizita foru-aldundientzat.

EUSKO JAURLARITZA: DEFIZITA (EAEko BPGaren ehunekoa)

2026 2027 2028
-0,3 -0,3 -0,3

EUSKO JAURLARITZA: ZORRA (EAEko BPGaren ehunekoa)

2026 2027 2028
13,0 13,0 13,0

FORU-ALDUNDIAK: DEFIZITA (EAEko BPGaren ehunekoa)

2026 2027 2028
-0,1 -0,1 -0,1

 

Zifra horiek bat datoz Euskal Autonomia Erkideko erakundeek 2026ko aurrekontuak egitean aurreikusitakoarekin, eta hurrengo ekitaldietan kontu publikoak egiteko egonkortasun eta segurtasun handiagoa bermatzen dute. Akordioak Euskal Autonomia Erkidegoko zorpetze-atalasea malgutzeko arauak ere jasotzen ditu. Izatez, 2025eko apirilaren 10ean egin zen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren aurreko bileran, irauteko adostu ziren arau horiek. Horrela, behin betiko finkatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen finantza-autonomia eta inbertsio-ahalmena indartzeko egindako aurrerabide nabarmena.

Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2025-2026 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia eta Finantza Plana ere onartu du.

EUSKADIREN ETA ESTATUAREN ARTEKO ZERGA- ETA FINANTZA-HARREMANEN ESPARRUA EGUNERATZEA

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak kupo likidoaren zenbatekoak eta finantza-konpentsazioak onartu ditu, baita 2024rako behin betiko eta 2025erako behin-behineko politika aktiboen balorazioa ere.

  Mila eurotan
2024ko behin betiko kupo likidoa 1.735.618,83
2025eko behin-behineko kupo likidoa 1.464.741,00

Horrez gain, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak berretsi du Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordearen Idazkaritzako txanda-protokoloaren eguneratzea, eta haren funtzionamendua eta jarduna hobetzeko zenbait aldaketa egin ditu.

Bost akordio horiei esker, Euskadiren eta Estatuaren arteko zerga- eta finantza-harremanen esparrua eguneratu daiteke, Ekonomia Itunean aurreikusitako bide eta prozedurei jarraituta.

EUSKADIK ASKOTARIKO EZOHIKO ZUZKIDURETAN PARTE HARTZEA

Kupoa finkatzeko metodologiaren 11.4 artikuluaren arabera, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak osasunaren arloko ezohiko hiru zuzkiduratan parte hartzea erabaki du: Osasun Mentaleko Ekintza Plana, Suizidioa Prebenitzeko Ekintza Plana eta Osasun Sistema Nazionalaren Efizientzia eta Jasangarritasuna Hobetzeko Neurriak Garatzeko Programa. Guztira zazpi milioi eurotik gorako finantzaketa izango da Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, 2025eko eta 2026ko ekitaldiak batuta.

AUTONOMIAREN ALDEKO ETA MENDETASUNARI ARRETA ESKAINTZEKO SISTEMAREN FINANTZAKETA OSAGARRIA: EKONOMIA ITUNAREN BATZORDE MISTOAREN BESTE BILERA BAT EGITEKO KONPROMISOA

 

Lan teknikoak amaitzeko denbora gehiago behar denez gero, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan ordezkatuta dauden administrazioek 2026ko irailaren 30a baino lehen Batzorde Mistoaren beste bilera bat egiteko konpromisoa hartu dute, bilera horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketa osagarria zehazteko behin betiko metodologia onar dadin, aurreko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2025eko apirilaren 10ean hartutako Bigarren Erabakia gauzatu eta betetze aldera.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Estatuko Administrazioarekin egindako Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera hau bosgarrena da, joan den 2024ko azaroaren 13an egindakoaren ondoren. Guztira, askotariko gaien inguruko 45 akordio lortu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ekonomia, zerga eta finantzaren arloko autogobernua defendatu eta etengabe eguneratzearekin zerikusia duten askotariko arloetan. Akordio horiek gobernuen arteko akordiorako eta elkarrizketarako gaitasuna islatzen du, eta Ekonomia Itunak —aldebikotasunean, adostasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta— Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman-eredua arautzeko tresna erabilgarri eta guztiz gaur egungo gisa duen potentzialaren garrantzia nabarmentzen du.

Azkenik, euskal administrazioek jakinarazi dute Ogasun Ministerioarekin lehen harremanak hasi direla 2027 ‑ 2031 bosturtekoari dagokion kupoa zehazteko metodologia berritzeko, Lehendakariak urtarrilaren 27an Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako bileraren ostean adierazi zuen bezala. Gaur egun indarrean dagoen metodologia, 2022/2026 aldian aplikatzekoa, eguneratu egin behar da, eta, horregatik, metodologia prestatzeko prozesua hasiko da orain, ohi bezala.