Martxoaren 31, Koloneko Minbiziaren aurkako Munduko Eguna
- Baheketa 70 urtetik 74 urtera zabaldu izanari esker, 2025ean kolon eta ondesteko minbizia mila pertsonatik 2,4tan detektatu da, 50-69 urteko biztanlerian halako bi
- Baheketa horretarako gonbidatu direnen % 77,1ek parte hartu du Euskadin −Estatuko eta Europar Batasuneko parte-hartzerik handienetako bat−, eta baheketa-proba positiboa izan dutenen % 95ek parte hartu du ondoren egiten diren kolonoskopietan
- Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-eredua nazioarteko erreferentea da, eta Europako Batzordeak minbizia prebenitzeko eta detektatzeko politiken jardunbide onenaren gisa nabarmendu du oraintsu
- Osakidetzak minbiziaren baheketa-programak indartu ditu 2026an, eta, horrela, estaldura handitu eta detekzio goiztiarra hobetu ditu, hala baitago jasota Plan Onkologiko Integralean eta Euskadiko Osasun Itunaren konpromisoan
Euskadi koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa 74 urtera zabaldu duen Estatuko lehen autonomia-erkidegoa izan da. Eta emaitzak garrantzitsuak izan dira. Bihar, martxoak 31n, Koloneko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna da, eta, bidez batez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baheketa-zabaltze horren bidez lortutako datuak jakinarazi ditu. Izan ere, Osakidetzak kolon eta ondesteko lesio kopuruan hazkunde nabarmena erregistratu duela nabarmendu du, 2025ean zehar koloneko minbiziaren baheketa-programa 74 urtera arte zabaldu izanaren ondorioz.
Adin-tartea 70 urtetik 74 urtera arte luzatu izanari esker, Osakidetzak 50 eta 69 urte bitarteko populazioan lortutako emaitzak halako bi kolon eta ondesteko lesio identifikatu ditu. Hala, 70 eta 74 urte artekoen artean detektatutako lesio pregaiztoen tasa 23,1ekoa izan da mila parte-hartzaileko, eta kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio-tasa 2,4koa mila parte-hartzaileko.
Joan den urtean, Osakidetzak 39.739 pertsona gonbidatu zituen probak egitera, eta horrek nabarmendu egiten du hartutako neurria eraginkorra dela eta koloneko minbiziaren prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean eragin zuzena duela. Gainera, kolon-baheketa 74 urtera hedatzeko ekimenak herritarren parte-hartze handia izan du eta hori azpimarratu egin behar da. Izan ere, probak egitea eskaini zitzaienen % 77,1ek parte hartu du −Estatuko eta Europar Batasuneko parte-hartzerik handienetako bat−, eta baheketa-proba positiboa atera denean, ondoren egin beharreko kolonoskopietan % 95ek parte hartu du.
Banakako baheketa etxean
Baheketa banaka egiten da, etxean, gorozkietan ezkutuko odola testatuz. Horretarako, tresna erraz, eskuragarri eta oso eraginkor bat erabiltzen da, lesio gaiztoak detektatzeko eta kolon eta ondesteko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa murrizten laguntzeko.
Gonbidapena SMS bidez egiten da, eta emaitzak osasun-karpetaren bidez jakinarazten dira. Proba egiteko kita etxeetara bidaltzen da sexuaren arabera bereizitako gutun espezifikoen bidez, gizonak ere parte hartzera animatzeko helburuarekin. Izan ere, gizonek, kolon eta ondesteko lesio bat izateko ia bi aldiz probabilitate gehiago izan arren, oraindik ere emakumeek baino ehuneko txikiagoan parte hartzen dute.
Horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak koloneko minbiziaren prebentzioarekin eta diagnostiko goiztiarrarekin duten konpromisoa berresten dute, eta kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programan aktiboki parte hartzeko gonbidapena jasotzen duten pertsona guztiak animatzen dituzte, eta gogorarazten diete detekzio goiztiarra funtsezkoa dela gaixotasun hori duten pertsonen pronostikoa eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Hortaz, Osakidetzak minbiziaren baheketa-programak indartzen ditu 2026an, eta estaldura handitzen eta detekzio goiztiarra hobetzen du, Plan Onkologiko Integralaren eta Euskadiko Osasun Itunaren parte gisa.
Osakidetzaren Koloneko Baheketa Programa, Europako erreferentea
Osasun Sailak eta Osakidetzak aktiboki parte hartzen dute koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarra hobetzeko eta baheketa-programak eskuratzeko desberdintasunak murrizteko Europako eta Estatuko zenbait ekimenetan. Koloneko Baheketa Programaren bidez, Euskadik aholkulari gisa jarduten du Europako hainbat batzorde eta ekintza bateratutan, hala nola ECIR-en (baheketetan ekitaterik eza murrizteko) eta EUCANSCREENen (Europa osoan baheketa-programen ezarpena bultzatzeko eta praktikak harmonizatzeko). Europako Batzordeak sustatutako ekimen horien helburua ezagutza partekatzea, teknologia berriak ebaluatzea eta hainbat herrialdetan minbizia prebenitzeko programak indartzea da.
Gainera, Osakidetzaren Kolonaren Baheketa Programak Minbizia Bahetzeko Programen Sarean parte hartzen du Estatu mailan, bai eta zentro anitzeko hainbat ikerketa-proiektutan ere, baheketaren kalitatea hobetzen eta kolon eta ondesteko minbizia aztertzen jarraitzeko. Gaur egun, Osakidetza bost ikerketa-proiekturen parte da. Horietako hiru Europa mailakoak dira, eta helburua biomarkatzaile berriak garatzea eta baheketa-kolonoskopien ondoren detektatutako lesioen jarraipena egitea da.
Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-eredua nazioarteko erreferente bat da, eta Estatuan zein Europan aitortua da. Izan ere, Europako Batzordeak minbizia prebenitzeko eta detektatzeko politiken jardunbide onenaren gisa nabarmendu du berriki, Europako aditu-talde batek egindako txosten baten arabera.
Gainera, beste ekimen batzuetan bezala, Osakidetza Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearekin (AECC) batera ari da lankidetzan, herritarrek baheketan parte har dezaten sustatzeko jarduera osagarriak garatzeko. Horrela, informazioa herritarrengana hurbiltzen, zalantzak argitzen eta ohitura osasungarriak sustatzen dituzte, kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentzia murrizten laguntzeko.
Martxoan zehar hainbat dibulgazio-jarduera egin dira Durangon eta Zornotzan (Bizkaia), eta Oñatin eta Elgoibarren (Gipuzkoa). Horien artean tailer gastronomikoak, informazio-hitzaldiak eta sentsibilizazio-ekintzak egin dira, parte-hartzea sustatzeko eta baheketak prebentzio-tresna gisa duen garrantzia indartzeko.






