ETS taldeak euskal kulturaren baloreak eta euskararen berezitasuna Euskaditik kanpo proiektatuko du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin

0

Eusko Jaurlaritzak babestuko ditu En Tol Sarmiento (ETS) taldeak apirilaren 11n eta 25ean Bartzelonan eta Madrilen, hurrenez hurren, emango dituen kontzertuak, Bihotzen Konkista kultur proiektuaren baitan. Formatu handiko proposamen honek euskara eta euskal kultura Euskaditik kanpo proiektatzea du helburu.

Testuinguru horretan, Imanol Pradales Lehendakariak eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bilera izan dute ETSko kideekin, ekoizpenaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Sare sozialen bidez zabaldutako bisita honek taldearen ibilbidea eta euskararen zabalkundean egiten duen ekarpena aitortzeko balio izan du.

Bihotzen Konkista proiektuak milaka lagun bilduko ditu bi hirietan, eta euskara ardatz duen esperientzia kultural integrala izango da; musika eta bestelako diziplina artistikoak uztartuz, Euskadi kultura aldetik dinamikoa, irekia eta anitza den lurralde gisa proiektatzen lagunduko du. Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berresten du euskararen sustapenarekin, sormenaren bultzadarekin eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioarekin duen konpromisoa.