Osakidetzak abian jarri du Lehen Mailako Arretan telerrehabilitazioa, pazienteentzako tratamendu malguagoa eta pertsonalizatuagoa etxetik

0
  • Sorbaldako, lunbarreko eta lepoko patologia duten pazienteak izango dira aurrez aurreko eta online saioak konbinatzen dituen eredu hibrido honen lehen onuradunak. Arabako ESIko Salburuko, Zabalganeko y Aranbizkarra II osasun-zentroetan hasiko da, eta Osakidetza osora zabalduko da datozen hilabeteetan
  • Zerbitzu berri hori abian jartzean, tratamenduarekiko atxikidura areagotuko da, pazienteak tratamenduaren zati bat etxetik bertatik egin ahalko du, fisioterapiako profesionalen etengabeko jarraipenari uko egin beharrik gabe
  • Osakidetzaren eraldaketa digitalak, Euskadiko Osasun Itunaren barruan, telerehabilitazioa, urrutiko monitorizazioa eta adimen artifiziala lehenesten ditu lehen mailako arreta indartzeko

Osakidetzak urrats erabakigarria eman du eraldaketa digitalerako prozesuan, telerrehabilitazioko proiektu berria abiarazi baitu Lehen Mailako Arretan. Zerbitzu berri horri esker, pazienteek errehabilitazio-arreta jaso dezakete etxetik bertatik, erakundeko fisioterapiako profesionalen laguntzarekin eta jarraipen klinikoa eginda, betiere. Programa datorren astelehenean, apirilaren 20an, hasiko da Arabako ESIko Salburuko, Zabalganeko y Aranbizkarra II osasun-zentroetan, zehazki, Lehen Mailako Arretako Fisioterapia Zerbitzuko pazienteekin, hiru patologia mota ohikoenak tratatzeko: patologia lunbarra, zerbikala eta sorbaldakoa. Arabako ESIko osasun-zentro parte-hartzaileen hasierako fasearen ondoren, programa Osakidetzako errehabilitazio-zerbitzu guztietara zabalduko da pixkanaka.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoen parte da. Itun horrek lehentasunezkotzat jotzen du Osakidetzaren eraldaketa digitala eta osasun-arreta berritzea, arreta hori hurbilagoa, ekitatiboagoa eta efizienteagoa izan dadin. Telerrehabilitazioak zuzenean erantzuten dio agindu horri: alferrikako joan-etorriekin amaitu, tratamenduekiko atxikidura hobetu eta jarraitutasun asistentziala bermatzen du, osasun-zentroko espazio fisikotik harago, alferrikako joan-etorriak saihestuz.

Profesionalentzako eta pazienteentzako onurak

Telerrehabilitazio proiektuaren ekarpen nagusietako bat da zerbitzuaren erabiltzaileek etxetik bertatik jaso ahalko dituztela tratamenduak, aurrez aurreko eta online saioak konbinatzen dituen modalitate hibridoari esker. Hala, lehen fase honetan, onuradunak Lehen Mailako Arretako Fisiterapia Zerbitzuko pazienteak izango dira, zehazki, lepoko, sorbaldako eta bizkarreko minengatik artatu behar direnak.

Gaur egun, pertsona horiek taldeko 12 saio presentzialeko tratamendua jasotzen dute 6-8 asteko aldian. Saio horietan, sendatzeko, indartzeko edo mina kontrolpean izateko ariketa terapeutikoak lantzen dira. Kasu askotan, terapia horiek kontzentratu edo laburtu behar izaten dira, saiook ez direlako bateragarriak erabiltzaile zenbaiten eguneroko erantzukizun eta zereginekin. Telerehabilitazio programa berriaren bidez, guztira, aurrez aurreko 8 saio jasoko dituzte, 6 asteko jarduera telematikoekin batera; hori guztia, 8 asteko tratamendu-planaren baitan. Horri esker, plan terapeutikoak egokiagoak, erosoagoak eta malguagoak izango dira,Osakidetzako fisioterapeuten jarraipen profesionalarekin, errekuperazio-prozesua eraginkorra izan dadin.

Pazienteentzat ez ezik, profesionalentzat ere onuragarria da programa. Elementu nagusietako bat da eredu asistentziala eraldatzea, agenden eta zitazioen kudeaketa aurreraturako tresna digitaletan oinarrituta.  Horren helburu nagusia da errehabilitazio-zerbitzuek beren jarduera antolatzeko eta kudeatzeko duten modua modernizatzea eta bateratzea.

Pertsonak ardatz

Telerrehabilitazio-proiektu honen pilotajean Osakidetzako erakunde sanitario integratuetako fisioterapia-taldeek dihardute, izan ere, haiek aktiboki hartu dute parte proiektua diseinatzen eta baliozkotzen. Haien inplikazioa funtsezkoa izan da konponbide honek eguneroko praktika klinikoan dauden egiazko premiei erantzungo ziela bermatzeko.

Erabiltzaileentzat, teleerrehabilitazioa lagungarria da kalitatezko zerbitzua jasotzeko, etxeko erosotasunari eta segurtasunari uko egin beharrik gabe. Profesionalentzat, berriz, eragin klinikoa handiagotzeko aukera bat da, teknologiak lagunduta.

Proiektu pilotu horren emaitzak ebaluatuko dira datozen hilabeteetan, adierazle hauen bitartez: kalitate asistentziala, erabiltzaileen gogobetetasuna eta efizientzia operatiboa. Emaitzek eredua Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sare osora zabaltzeko oinarriak ezarriko dituzte.

Aurrerapen hori Osakidetzaren aplikazio korporatiboak eta ekosistema digitala modernizatzeko prozesu zabalago baten parte da, profesionalei tresna arin, integratu eta elkarreragingarriak ematea helburu. Horri esker, benetan axola duenari denbora eta energia gehiago eskaini ahalko diogu: pertsonei arreta emateari.   

Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat eman dute euskal osasun publiko moderno, berritzaile eta, batez ere, zerbitzua ematen dien pertsonekiko konpromisoan.