20 milioi euro baino gehiago osasuna, prebentzioa eta berrikuntza sanitarioa sustatzeko

0
Female doctor offer helping arm closeup. Friendly cheerful gesture, life choice, tests advertisement, 911, cancer, incurable illness, therapeutist examine and save patient, examination visit concept

Gaurko Gobernu Kontseiluak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro baino gehiago bideratuko dituela dirulaguntzetara, 2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren (DPE) esparruan. Ahalegin ekonomikoa osasunaren sustapena, gaixotasunen prebentzioa, adikzioen arreta, ikerketa eta berrikuntza sanitarioa, garapen profesionala eta prestazio farmazeutikoa indartzera bideratuta dago, pertsonengan eta tokiko inguruneetan arreta berezia jarrita.

Hain zuzen ere, ekitaldi horretarako aurreikusitako laguntza-ildoen zati handi bat udalerriekin eta toki-eremuarekin lankidetzan kudeatutako programetara bideratzen da, ekintza komunitarioa, prebentzioa eta bizimodu osasungarrien sustapena indartuz, bai eta ikerketaren eta berrikuntzaren eremura ere.

2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2030erako Euskadiko Osasun Planaren barruan dago. Plan honek “osasuna politika guztietan” ikuspegia bultzatzen du, eta ekitatea eta prebentzioa ekintza publikoaren funtsezko ardatz gisa kokatzen ditu. Gainera, bat dator EAEko Osasun Itunaren printzipioekin eta helburuekin.

3,2 milioi itunpeko ikastetxeetan lanbide-heziketako proiektu estrategikoak bultzatzeko

Gobernu Kontseiluak diru-laguntzen deialdia onartu du, 2026-2027 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta, Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategia hedatzeko eremu estrategikoen jarduera-ildoak garatzeko.

Deialdiak 3.228.975 euroko diru-zuzkidura du, eta Euskadiko Lanbide Heziketako sistema eraldatzen eta hobetzen lagunduko duten proiektu estrategikoetan ikastetxeen parte-hartze aktiboa bultzatzea du helburu.

Zehazki, “laguntzei esker, irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatu ahal izango da, lehentasunezkotzat jotzen diren esparruei lotutako jarduerak egin ahal izan ditzaten, hala nola berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, digitalizazioa edo Lanbide Heziketako ikastetxeen eredu berria” azaldu du Maria Ubarretxena bozeramaileak.

Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museo eta bildumetarako dirulaguntzen deialdia

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museo eta bildumentzako dirulaguntza deialdia onartu ditu gaur. Hala, Eusko Jaurlaritzak 1.000.000 euroko partida bideratuko du, honako jarduera hauek finantzatzeko: bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea, dokumentatzea eta ikertzea; bilduma museografikoen digitalizazioa eta irisgarritasuna; erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak antolatzea, eta jarduera didaktikoak eta kultura zabaltzeko jarduerak diseinatzea eta eskaintzea; bilduma museografikoak osatzen dituzten funtsak kontserbatzea eta balioestea eta museoaren kudeaketan berrikuntza eta irisgarritasuna hobetzea eta bultzatzea.

Diruz lagundutako jarduerak 2026an hasi eta amaitu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dirulaguntzak kultura-arlo desberdinetan jaialdiak antolatzeko

Gobernu Kontseiluak kultura-arlo jaialdiak antolatzeko 2026ko dirulaguntza deialdia onartu du gaur. Bereziki musikan, antzerkian, bertsolaritzan, dantzan, liburugintzan, ikus-entzunezkoetan, ikusizko arteetan eta sormenezko jardueretan antolatzen diren Jaialdien antolakuntza laguntzera bideratuko da laguntza hau, 600.000 euroko zuzkidurarekin.

Diruz lagundu daitezkeen programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2026eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoa espezializazio-maila handikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-panoramarako interes berezikoa izan beharko du. Gainera, jaialdiak aldizkakoak izan beharko dira eta irauteko bokaziodunak, eta gehienez 45.000 euroko laguntza jasoko dute.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Enkarterriko Mankomunitatearekin hitzarmena, gazteen emantzipaziorako proiektu pilotu integral bat abian jartzeko

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren eta Enkarterriko Mankomunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena onartu du, eskualdean gazteen emantzipaziorako proiektu pilotu integral bat abian jartzeko. Ekimen honen bidez, bi erakundeek erantzun praktikoa eman nahi diote Euskadiren erronka handietako bati: erronka demografikoari.

Hitzarmenak aukera emango du eskualdean bizi, ikasi edo lan egiten duten edo egin nahi duten 16-34 urteko gazteei laguntzeko eredu integral bat hedatzeko Enkarterrin.

Ubarretxenak azaldu duen bezala, “ekimenak gazteen bizi-ibilbideei laguntzeko aurrez aurreko zerbitzu bat abian jartzea aurreikusten du, Eusko Jaurlaritzaren GAZ zerbitzuarekin konektatuta, informazioa, orientazioa, aholkularitza, bitartekaritza eta laguntza pertsonalizatua eskaintzeko hainbat arlotan, hala nola etxebizitzan, enpleguan, prestakuntzan, mugikortasunean edo gizarte-baliabideetan”.

Jarduketak 873.000 euroko inbertsioa izango du 2026tik 2028ra bitartean. Zenbateko horretatik, Enkarterriko Mankomunitateak 567.000 euro jarriko ditu (guztizkoaren % 64,95), eta Eusko Jaurlaritzak gainerako 306.000 euroak ( % 35,05).

Gizarte Segurantza, Itsasoko Gizarte Institutua eta Eustaten arteko hitzarmena pentsiodunei buruzko informazio estatistikoa trukatzeko

Gobernu Kontseiluak onartu du baimena ematea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN), Itsasoko Gizarte Institutuaren (IGI) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak ordezkatuta) artean hitzarmen bat izenpetzeko.

Hitzarmenaren helburua da lankidetzarako esparru egonkor bat ezartzea, Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan eta Gizarte Txartel Digitalean agertzen den GSINek eta IGIk kudeatutako informazioaren lagapena arautzeko, helburu estatistiko hutsekin. Eustatek datu horiek erabiliko ditu bere jarduera estatistikoak garatzeko, plangintza eta programazio tresnetan sartuta daudenak; bereziki, Euskadin bizi diren pentsiodunen kolektiboari buruzkoak.

Hitzarmena Vitoria-Gasteizko Udalarekin, Ertzaintzaren Txakur Unitaterako txakurrak adoptatzeko

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Segurtasun Sailaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du, Animaliak Babesteko Zentroko txakurrak adoptatu eta Ertzaintzaren Txakur Unitateari atxikitzeko.

Hitzarmenaren xedea da beren adinagatik eta/edo ezaugarri etologikoengatik Ertzaintzaren Txakur Unitatean trebatu eta integratu daitezkeen udal jabetzako txakurrak lagatzea eta ondoren adoptatzea. Ertzaintzaren Txakur Unitateak eta Vitoria-Gasteizko Animaliak Babesteko Zentroak txakurrekin egindako lanaren ondorioz sortu da lankidetza-hitzarmen hau.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena