- Datuak estatistika helburuetarako lagatzeko esparru egonkor eta aldizkakoa ezartzen du hitzarmenak, eta hor sartzen dira Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan eta Gizarte Txartel Digitalean jasotako pentsio erregimena, hileko zenbatekoa edo kotizatutako urteak
Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, astearte honetan onartu du baimena ematea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN), Itsasoko Gizarte Institutuaren (IGI) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak ordezkatuta) artean hitzarmen bat izenpetzeko.
Hitzarmenaren helburua da lankidetzarako esparru egonkor bat ezartzea, Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan eta Gizarte Txartel Digitalean agertzen den GSINek eta IGIk kudeatutako informazioaren lagapena arautzeko, helburu estatistiko hutsekin. Eustatek datu horiek erabiliko ditu bere jarduera estatistikoak garatzeko, plangintza eta programazio tresnetan sartuta daudenak; bereziki, Euskadin bizi diren pentsiodunen kolektiboari buruzkoak.
Hitzarmenaren arabera, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak hiru hilean behin eta modu telematikoan emango dio Eustati kotizaziopeko pentsioen titularrei buruzko informazioa —erretiroa, ezintasuna, alarguntasuna, zurztasuna eta senideen alde—, bai altan daudenak, bai bajan daudenak hiruhilekoan zehar. Datuek honako aldagai hauek biltzen dituzte: identifikazioa, bizilekua, pentsio mota eta erregimena, hileko zenbateko gordina eta, erretir -pentsioen kasuan, egiaztatutako kotizazio urteak.
Truke hori administrazio publikoen arteko komunikazio ingurune itxietan egingo da, eta, betiere, transmititutako datuen segurtasuna eta babesa bermatuko dute. Bestalde, Eustatek bere gain hartuko du beharrezko kontrolak ezartzeko erantzukizuna datuak helburu estatistikoetarako soilik erabiliko direla bermatzeko, erkidegoko eta estatuko arauek araututako estatistika sekretuaren esparruan.
Hitzarmenaren jarraipena egiteko, Batzorde Misto bat eratuko da, GSINeko, IGIko eta Eustateko ordezkariek osatua. Batzorde horrek informazioa trukatzeko prozedurak koordinatuko ditu, eta hitzarmena gauzatzean sor daitezkeen desadostasunak ebatziko ditu. Hitzarmen horrek lau urteko iraupena izango du. 2026ko ekainaren 13an jarriko da indarrean, eta gehienez ere lau urtez luzatu ahal izango da, alderdiek aho batez hala adostuz gero.






