Osasun Sailak 20 milioi euro baino gehiago jarriko ditu 2026an, Euskadin osasuna, prebentzioa eta osasun-arloko berrikuntza sustatzeko dirulaguntzetarako

0
  • 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak 2026rako laguntza-bolumen orokorra finkatzen du, ekintza komunitarioan, prebentzioan, ikerketan eta tokiko osasun-sistemen babesean oinarrituta
  • Plan Estrategiko horrekin eta aintzat hartutako laguntzen hedapenarekin, eta Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoen ildotik, Osasun Sailak Euskadi osasungarriagoa, ekitatiboagoa eta kohesionatuagoa lortzeko konpromisoa indartzen du, elementu horiek funtsezkoak baitira herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu daitezen

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan, 20 milioi euro baino gehiago jarriko ditu 2026an dirulaguntzetarako. Ahalegin ekonomiko hori bideratuko da osasuna sustatzera, gaixotasunen prebentziora, adikzioen arretara, osasunaren arloko ikerketa eta berrikuntzara, garapen profesionalera eta prestazio farmazeutikora, betiere pertsonak eta tokiko inguruneak, bereziki, oinarri dituen begiradarekin.

Hain zuzen ere, ekitaldi horretarako aurreikusitako laguntza-ildoen zati handi bat zuzentzen da udalerriekin eta tokiko esparruarekin elkarlanean kudeatutako programetara —komunitate-ekintza, prebentzioa eta bizimodu osasungarrien sustapena indartuta— eta ikerketaren eta berrikuntzaren esparrura.

Aurtengo dirulaguntzen ildo nagusien artean nabarmentzen dira:

  • Tokiko esparruan ekintza komunitarioa eta osasunaren sustapena bultzatzeko dirulaguntzak, udalei eta toki-erakundeei zuzenduak, ongizate komunitarioa hobetu dadin, gizarte-kohesioa indartu dadin eta osasunaren arloko desberdintasunak murriztu daitezen.
  • Adikzioei aurre egiteko eta aurrea hartzeko programa komunitarioen garapenerako laguntzak, tokiko erakundeei zuzenduak. Laguntza horiek bat datoz Euskadiko Osasun Planarekin eta Euskadiko Adikzioen Planarekin eta ingurune osasungarriak eta prebentzio-jarduerak bultzatzen dituzte hurbiltasunetik.
  • GIBaren, sexu-transmisiozko infekzioen eta C hepatitisaren arloko dirulaguntzak, kolektibo zaurgarrietan eragin berezia duten gizarte-entitateei zuzenduak.
  • Pazienteen elkarteentzako eta gizarte-entitateentzako laguntzak, gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzera zuzentzen direnak.
  • Ikasleen artean mugikortasun aktiboa eta jarduera fisikoa sustatzeko programak, elkarteekin, kooperatibekin eta tokiko administrazioekin elkarlanean garatuak.
  • Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonek tratamendu medikoei atxiki ahal izatea errazteko laguntzak, ekitate eta justizia sozialeko neurri gisa.
  • Adikzioak saihesteko eta horien kalteak murrizteko programetarako dirulaguntzak, bai deialdi publikoen bidez, bai erreferentziazko entitateentzako laguntza izendunen bidez.
  • Osasunaren arloko ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa bultzatzea, I+G+B proiektuak, osasun-ikerketako institutuak, zahartze osasungarriko programak eta osasunaren arloko garapen teknologikoa finantzatuta.
  • Osasunaren arloko profesionalak prestatzeko eta garatzeko laguntzak, barnean direla bekak, kanpo-txandakatzeak, familia- eta komunitate-medikuntza indartzea eta herritarrek osasunean parte hartzeko programak.
  • Farmazia-prestazioaren arloko dirulaguntzak, egoitzetan instituzionalizatutako pertsonei arreta segurua eta kalitatezkoa ematen zaiela bermatzeko.

2024‑2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa: bost ardatz estrategiko

2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa Euskadi 2030 Osasun Planaren barruan sartzen da. Plan horrek osasunaren ikuspegia bultzatzen du politika guztietan, eta ekitatea eta prebentzioa jartzen ditu ekintza publikoaren funtsezko ardatz gisa. Gainera, bat dator Euskadiko Osasun Itunaren printzipio eta helburuekin. Ildo horretan, Osasun Sailaren dirulaguntzen politika funtsezko tresna da Itunean lortutako adostasunetan aurrera egiteko eta jardun zehatzetan gauzatzeko, batez ere tokiko esparruan.

2024-2028 aldian, Osasun Sailaren dirulaguntza-jarduera egituratzen da helburuak eta laguntza-ildoak bideratzen dituzten bost ardatz estrategiko nagusiren inguruan:

  • Osasunaren sustapena eta gaixotasunen prebentzioa. Ardatz honek osasunaren zaintzan herritarren erantzukidetasuna indartzearen alde egiten du, eta, hartara, bizi-ohitura osasungarriak bultzatzen ditu eta osasunaren arloko baldintzatzaile sozialen gainean jarduten du. Tokiko ekintza komunitariorako, GIBaren eta beste infekzio batzuen prebentziorako, gaixo dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta jarduera fisikoa sustatzeko laguntzak biltzen ditu, eta udalerriek funtsezko zeregina betetzen dute osasun-eragile gisa.
  • Adikzioei heltzea eta aurrea hartzea, eta arriskuak eta kalteak murriztea. Mendekotasun-jokabideak saihestera, kalteak murriztera eta adikzio-arazoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratzen den ardatz honek udalekin, toki-erakundeekin eta hirugarren sektorearekin elkarlanean aritzea indartzen du. Dirulaguntzei esker, programa komunitarioak, prebentzio-jarduerak, arreta soziosanitarioko baliabideak eta arlo horretako ikerkuntza- eta prestakuntza-proiektuak gara daitezke.
  • Ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa. Planean, osasunaren arloko ikerkuntza da osasun-sistemaren kalitatea, jasangarritasuna eta erantzun-ahalmena hobetzeko zutabeetako bat. I+G+B proiektuak, osasun-ikerketako institutuak, zahartze osasungarriko programak eta Medtech ekimena finantzatzen dira, eta, horrela, ezagutzaren transferentzia eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sisteman soluzio berritzaileak sartzea errazten da.
  • Osasun-sistemaren aktibo nagusia profesionalak direla aitortzearekin, ardatz honek etengabeko prestakuntza, prestakuntza-mugikortasuna, berrikuntza eta parte-hartzea bultzatzen ditu. Barnean hartzen ditu bekak, kanpoko txandakatzeetarako laguntzak, familia- eta komunitate-medikuntzarako babesa, osasunaren arloan herritarrek parte hartzeko programak eta dirulaguntza izendunak, hala nola PAIME edo unibertsitatearekiko lankidetza.
  • Farmazia-prestazioa. Ardatz honek farmazia-prestazio segurua, efizientea eta kalitatezkoa bermatzen du egoitzetan instituzionalizatutako pertsonentzat. Horretarako, ospitaleekin lotzen diren farmazia-zerbitzuak kudeatzen dituzten entitateentzako dirulaguntza izendunak emango dira, eta banaketa egokia, jarraipen farmakoterapeutikoa eta tratamenduekiko atxikidura ziurtatuko da.

Konpromisoa hurbiltasuneko ekitatearekin eta osasunarekin

Plan Estrategiko honekin eta 2026rako aurreikusitako dirulaguntzen hedapenarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadi osasuntsuago, ekitatiboago eta kohesionatuagoaren aldeko konpromisoa indartzen du. Tokiko eta komunitateko ekintza, berrikuntza eta erakundeen arteko lankidetza finkatzen dira herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko elementu gisa.