- Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Artzain Eskolan esnetarako ardi eta ahuntzen ikastaro trinkoa egin duten ikasleek gaur diplomak jasotzerakoan izan duten entusiasmoa baloratu du
- Ikasturte honetan 12 gaztek amaitu dute ikastaroa eta edizio honetan aipatzekoak izan dira ikasleen adin gaztea eta emakumeen presentziak izan duen gorakada
Gaur goizean izan da Arantzazuko Gomiztegi baserrian Artzain Eskolako ikasturte-amaiera eta makilak eta diplomak eman zaizkie, ohi bezala, esnetarako ardi eta ahuntzen ikastaro trinkoa amaitu duten 12 ikasleei. Aurreko urtean baino ikasle gehiago izan da eta aipatzekoa ikasle gazteak izan direla eta emakume kopuruak gora egin duela.
Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, zazpi hilabeteko formazioaren amaierako ekitaldian izan da eta nabarmendu du “Artzain Eskola ikasteko gune bizia da, artzaintza esperientziatik ulertzen da, jarduerarekin zuzeneko harremana izatetik”. Gazteei ere hitz egin die eta milaka urte izan arren, berritu eta garai berrietara egokitzen jakin duen jarduketa batean profesionalki aritzeko duten entusiasmoa baloratu du.
«Zuek bezalako jendea behar dugu, prestakuntza, ilusioa eta ikuspegi berritzailea duten pertsonak, artzaintzak etorkizuneko jarduera izaten jarraituko duela bermatuko dutenak. Sektore lehiakorra da, aintzatetsia, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzeko gai dena gure landa-guneetan”, esan du Amaia Barredok, eta ikasleei zorionak eman dizkie “etorkizuna duen lanbide bat aukeratzeagatik ez ezik, bizimodu bat ere aukeratu dutelako”.
Aurtengo ikasturtean 12 ikaslek amaitu dituzte ikasketak, eta Arantzazuko Gomiztegi baserrian 29 urte hauetan prestatu diren 300 ikasle baino gehiagoko taldean sartu dira. Aldi honetan eskolako hezkuntza-eredua ––berrikuntza pedagogikoan eta ingurumenaz arduratzen diren ekoizpen-prozesuei aplikatutako teknologietan oinarritua–– erabili da beste toki batzuetan antzeko esperientziak hasteko.
Artzain Eskolaren iritziz ezinbestekoa da berritzea, eraberritzea eta ikastaroak sektoreko errealitate berrietara egokitzea, izan ere milaka urte dituen jarduera tradizional hau ezinezkoa da berritzen ez bada. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak lagun egiten dio eskolari bide horretan jarrai dezan. Gomiztegiko eskola gaur egun eraberritze-prozesuan sartuta dago buru-belarri, sektoreko behar berrietara egokitzeko, tresna hobeak eskaintzeko eta kalitatezko prestakuntzaren alde apustu egiten jarraitzeko.
Ikasleen profila eta ikastaroaren datuak
Artzain Eskolan formazio-zikloa amaitu duten 12 ikasleetatik 8 mutilak dira eta 4 neskak. Horietatik 11 pertsona 30 urtez azpikoak dira; argi dago azken ikasturteetan ikasle gero eta gazteagoak ditugula eta eskolak egiteko garrantzitsua duela ardien eta ahuntzen sektorean belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko. Are gehiago, aurten ikasleen batez besteko adina gazteagoa izan da, 29 edizio hauetan 27 urtekoa izan arren.
Ikastaro honetan 15 irakasle aritu dira formazio teorikoan eta 24, formazio praktikoan. Baserrietara 25 ikustaldi ere egin dira, besteak beste, Iparraldeko artzain eskolarekin trukea egin da.






