- Lehen deialdi hau 9 kategoriatarako izan da, eta probak BECen izango dira ekainaren 19an, 20an eta 21ean
- Gainerako kategorietan izena emateko epea beste bi fasetan egingo da (ekainean eta irailean); guztira, 5.425 plaza eskainiko ditu Osakidetzak
- Berrikuntza gisa, test motako azterketa bakarra egingo dute izangaiek, eta Osakidetzak galdera-sortak emango ditu horretarako. Nota 3 urtez gorde ahalko da
- EPE berri hau Osasun Itunetik eratorritako konpromisoa da, plantilla egonkortzeko eta sistema publikoa indartzeko
101.693 lagunek eman dute izena Osakidetzako 23-24-25 EPEn, martxoaren 23an eskaera egiteko epea ireki zenetik. Osakidetzaren hautaketa-prozesu arrunt batean orain arte izan den parte-hartzaile kopururik handiena da. Zehazki, «masibo» gisa katalogatutako 9 kategorietako deialdian gertatu da. Osakidetzak oso positiboki baloratu du izena emateko prozesua; izan ere, izena eman dutenen kopurua % 20 inguru igo da kategoria horietarako azken EPEarekin alderatuta. Horrek esan nahi du herritarrek ondo baloratzen dutela enplegu publikoa, oro har; Osakidetzako enplegu publikoa, batez ere.
Hala, Osakidetzako EPE berri honetan parte hartuko duten lehen izangaiak honako kategoria hauetakoak izango dira: administrari laguntzailea, administraria, erizaina, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuko langilea, zeladorea, fisioterapeuta, laborategiko teknikaria, eta administrazioko eta kudeaketako goi-mailako teknikaria. Normalean, parte-hartzaile gehien dituzten kategoriak direnez, probak Barakaldoko BECen egingo dira, ekainaren 19an, 20an eta 21ean.
Enplegu Publikoko Eskaintza berri honetan, Osakidetzak guztira 5.425 plaza eskainiko ditu. Horregatik, hau da Osakidetzaren historiako ohiko prozesurik jendetsuena, enplegu publikoa egonkortzeari eta finkatzeari dagokionez. Deialdia guztira 107 kategoriatarako izango da.
Prozesuak hainbat berrikuntza ditu aurreko EPEekin alderatuta; besteak beste, test motako azterketa bakarra egitea. Prestakuntza errazteko, Osakidetzak galdera-sortak emango dizkie izangaiei, izena emateko epearen barruan. Gainera, nota hiru urtez gorde ahalko da.
Lehen fase honetan izena emateko epea (9 kategoria) joan den martxoaren 23an hasi zen, eta gaur, apirilaren 22an amaituko da, 14:00etan. Aldi horretan zehar ez da intzidentziarik detektatu. Guztira, 101.693 lagunek egin dute probetan parte hartzeko eskabidea. Honela egingo dira probak:
| Kategoria | Lekua | Data | Ordua |
| ADMINISTRAZIOKO ETA KUDEAKETAKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIA | BEC | 2026/06/19 | 9:30 |
| FISIOTERAPEUTA | BEC | 2026/06/19 | 13:30 |
| LABORATEGIKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA | BEC | 2026/06/19 | 17:30 |
| ZELADOREA | BEC | 2026/06/20 | 9:30 |
| ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA | BEC | 2026/06/20 | 13:30 |
| ZERBITZUETAKO LANGILEA | BEC | 2026/06/20 | 17:30 |
| ERIZAINA | BEC | 2026/06/21 | 9:30 |
| ADMINISTRARI LAGUNTZAILEA | BEC | 2026/06/21 | 13:30 |
| ADMINISTRARIA | BEC | 2026/06/21 | 17:30 |
EUSKADIKO OSASUN ITUNEKO KONPROMISOA
Osakidetzak ekainean izena emateko bigarren fase bat eta irailean hirugarren bat irekitzea aurreikusten du, gainerako kategorietako (98) hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko. Azterketak urteko azken lauhilekoan egingo dira. 2023-2024-2025eko EPE honekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Osakidetzako plantilla egonkortzearen eta sistema publikoa indartzearen alde egindako apustua sendotzen dute, Euskal Osasun Ituneko konpromisoekin bat.






