Euskadik eta Quebecek elikadura-sektoreko aliantza indartu dute Kanadan euskal produktuen nazioartekotzea bultzatzeko

0
  • Eusko Jaurlaritzaren eta Quebeceko Ostalaritza eta Turismo Institutuaren arteko akordioak lankidetza-esparru bat ezartzen du elikadura-sektorean sustapena, prestakuntza eta ezagutzaren trukea
  • Amaia Barredo: “Hitzarmen honek aukera berriak irekitzen ditu euskal elikagai-produktuak Kanadako bezalako merkatu estrategikoetan kokatzeko, kalitatearen eta nazioartekotzearen aldeko apustu argiarekin”.
  • Liza Frulla: “Akordio honek ITHQ Euskadiren zubi estrategiko gisa kokatzen du Quebecen, eta nazioarteko lankidetzarako aukera berriak irekitzen ditu gastronomiaren arloan”.

Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren bidez, eta Quebeceko Ostalaritza eta Turismo Institutuak (ITHQ) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute euskal elikagai-produktuen sustapena eta nazioartekotzea bultzatzeko Kanadan, bereziki Quebec eta Ontario probintzietan, baita ezagutzaren trukea eta Quebeceko produktuen zabalkundea sustatzeko Euskadin.

Akordioak lankidetza-esparru egonkorra ezartzen du bi erakundeen artean, sustapen-ekintza bateratuak, prestakuntza, merkatuen analisia, informazio-transferentzia eta erakunde-laguntza garatzeko, euskal elikadura-sektorearen nazioarteko presentzia indartzeko helburuarekin.

Era berean, hitzarmenak dastatzeak, aurkezpenak, jardunaldi teknikoak, mintegiak eta sektoreko profesionalei zuzendutako prestakuntza-jarduerak antolatzea aurreikusten du, baita berrikuntza, jasangarritasuna eta komunikazio bateratua lantzeko ekimenak ere. Halaber, bi elikadura-ekosistemetako eragile nagusien arteko lotura sustatuko da, Euskadin eta Kanadan sare estrategikoetara sarbidea erraztuz.

“Akordio honek euskal elikadura-sektorearen nazioartekotze-estrategia indartzen du, eta Kanadako bezalako merkatu estrategikoetan gure presentzia sendotzea ahalbidetzen digu; bertan, gure produktuen kalitateak, berrikuntzak eta nortasunak  hazkunde-potentzial  handia  baitute”,  azpimarratu  du  Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Amaia Barredok.

“Euskadirekin egindako akordio honek nazioarteko lankidetzarekiko dugun konpromisoa indartzen du, eta Quebecen erreferente gisa kokatzen gaitu produktuen, ezagutzaren eta esperientzia gastronomikoen sustapenean. Gainera, aukera bat da ikasle, irakasle eta sektore osoari mesede egingo dioten trukeak, praktikak eta proiektu bateratuak bultzatzeko”, gaineratu du Liza Frullak, Quebeceko Ostalaritza eta Turismo Institutuaren (ITHQ) Administrazio Kontseiluko kide eta zuzendari nagusiak.

Bi erakundeek nabarmendu dute lankidetza honek elikadura-sektorearen nazioartekotzea indartzea, kanpo-merkatuetarako sarbidea hobetzea eta bi ekosistemetako eragile giltzarrien arteko lankidetza-sareak sendotzea ahalbidetuko duela.