- Lehen deialdian sartu diren 13 kategoria eta 10 eskaletako oinarri orokorrak eta espezifikoak argitaratu dira gaur eta lehenengo azterketak urrian izango dira
- Maiatzean zehar argitaratuko dira azterketa-ereduak, gaitasunen hiztegia eta gaitasunen araberako ebaluazioa egiteko proba ereduak
Eusko Jaurlaritza, administrazioa modernizatzeko eta eraldatzeko prozesu batean murgilduta dago, herritarrak ardatz dituen eredu gizatiarrago, digitalago eta eraginkorragoa sustatzeko. Eraldaketa horrek zerikusi zuzena du pertsonekin, eraldaketa hori posible egiten duten eta egingo duten enplegatu publikoekin, alegia. Horregatik, lanpostuak egonkortzeko prozesua amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoaren aro berri bati ekin dio, gaitasunetan oinarritutako LEPen aro berriarekin.
Gaitasunen araberako hautaketa-eredu berria Eki Planaren baitan kokatzen da, eta ikuspegi berritzailea dakar, administraziora profil berriak batzea helburu hartuta, administrazioak datozen urteetan aurre egin beharko dion belaunaldi-erreleboari erantzuteko. Eredu berri honekin, hautagaiak, ezagutzetatik harago, lanpostua betetzeko dituzten gaitasunengatik eta trebetasunengatik hautatuko dira.
Gaitasunen araberako ebaluazioan oinarritutako Administrazio Orokorreko LEPen aurtengo deialdietan, 15 lan-kategoria eta funtzionarioen 44 eskala sartuko dira, guztira 1.790 lanpostu; hala ere, plazen kopurua prozesuak garatu ahala handitu ahal izango dira.
Izen-ematea zabalik bihartik aurrera 13 kategoria eta 10 eskaletan
LEPen aro berriko lehen deialdian, 13 kategoria, osasun arloko 5 eskala eta espetxeetako 5 eskala sartu dira, eta horien inguruko informazioa kontsultatu daiteke ondorengo estekan. Lan-kategorien artean daude, besteak beste, irudi-teknikaria; kaiko zaintzaile burua; mantentze-lanetako teknikaria edo baliabide orokorretako teknikaria. Osasun arloko eskalei eta espetxe-eskalei dagokienez, honako hauek sartu dira lehen deialdian: erizaintzako teknikaria, farmaziako teknikaria, medikuntzako fakultatiboa edo espetxe-administrazioko eskala juridikoa; espetxe-administrazioko psikologiako eskala edo gizarte-hezkuntzako eskala.
Bestalde, gaur argitaratu dira lehen deialdian sartutako kategoria eta eskalei dagozkien oinarri orokorrak eta espezifikoak, eta maiatzean zehar argitaratuko dira azterketa-ereduak, gaitasunen hiztegia eta gaitasunen araberako ebaluaziorako proba ereduak. Helburua da hautagaien plangintza eta prestakuntza erraztea.
Izena bihartik aurrera eman ahal izango da euskadi.eus webgunearen bidez, eta lehenengo azterketak urrian egingo dira.
Gainerako kategoriak eta eskalak irailean eta urrian deituko dira, argitaratutako behin-behineko egutegian ikus daitekeen bezala. Eskala eta kategoria guztiei dagozkien gai-zerrendak ere hautagaien eskura daude dagoeneko. Osasun arloko eskalak lehenetsi dira, baita lan-kategoriak ere.
Ekimen horiekin, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak aurrera egin nahi du hautaketa-prozesuen modernizazioan eta zerbitzu publikoen hobekuntzan, bikaintasunera bideratutako eredu irekiago baten alde.






