- Euskadi Veneziara itzuliko da 50 urte geroago, ‘I Baschi alla Biennale 1976/2026’ proiektuarekin: memoria, sorkuntza garaikidea eta nazioarteko proiekzioa lotzen dituen apustu estrategikoa
- Pradalesek, Venezian izango duen presentziaz gain, Emilia-Romagnako agenda politiko bat beteko du, Euskadiren nazioarteko proiekzioa sendotzeko eta sektore estrategikoetan eskualdeen arteko aliantza bat lortzeko
Imanol Pradales Lehendakaria Italian izango da maiatzaren 6, 7 eta 8an, Euskadiren nazioarteko proiekzio kulturalaren bultzadak markatutako agenda batekin, sorkuntzaren eta pentsamenduaren espazio global handietan presentzia indartzeko funtsezko une batean.
Bidaiaren ardatz nagusia mundu mailan arte garaikidearen agertoki nagusietako bat den Veneziako Bienalaren baitan antolatu diren ekitaldietan parte hartzea izango da, 1976an bienalean izandako lehenengo euskal presentziaren 50. urteurrenean. Lehendakaria Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera joango da ‘I Baschi alla Biennale 1976/2026’ proiektua babestera: mugarri historiko hura berreskuratu eta egungo lengoaia artistikoetatik berrinterpretatzen duen ekimena.
Euskal kulturaren proposamena hiru ardatz osagarriren inguruan egituratzen da —instituzionala, akademikoa eta artistikoa—, maiatzaren 7an iragana eta oraina lotzea ahalbidetuko dutenak. Ardatz akademikoak Bienaleko euskal parte-hartzearen memoriari buruzko hausnarketarako guneak eskainiko ditu; artistikoak, berriz, 1976ko programarekin elkarrizketan jarritako erakusketa garaikide bat izango du; eta instituzionalak Euskadiren ikusgarritasuna indartuko du, identitate propioa duen subjektu kultural gisa. Hori guztia euskal artisten belaunaldi berri baten protagonismoarekin, gehienak emakumeak, euskal sistema kulturalaren bilakaera eta heldutasuna ordezkatzen dutenak.
Programaren baitan
Programak ekitaldi instituzional bat barne hartzen du Scuola Grande San Giovanni Evangelista-n, 1976an euskal aurkezpena egin zen leku sinbolikoan, baita Veneziako Bienaleko pabiloi ofizialera bertaratzea ere, maiatzaren 8an.
Euskadi 1976ko keinu hartatik berrogeita hamar urte geroago itzuliko da Veneziara, trantsizio, ziurgabetasun eta askatasunik gabeko garai batean Veneziara artea baino askoz gehiago eraman zuena. Euskal artista talde hark herri baten ahotsa eraman zuen. Keinu hori nortasunaren, duintasunaren eta askatasunaren baieztapen bat ere izan zen, eta artea tresna bihurtu zuen bere burua ikusgarri egiteko eta munduan duen lekua aldarrikatzeko.
Gaur egun, mende erdi geroago, Euskadi guztiz bestelako testuinguru batetik itzuliko da: sendotutako gizarte gisa, erakunde propioak eta kultura-sistema indartsu bat dituena. Lekuko hark jasotzen duen itzulerak memoria eta sorkuntza garaikidea lotzen ditu, eta Euskadi nazioarteko eszenan kokatzen du, herri moderno, sortzaile, nortasun propio eta mundura irekia.
Agenda politikoa
Aldi berean, Lehendakariak agenda politiko bat beteko du Emilia-Romagna eskualdean, eta maiatzaren 6an bilera bat izango du Michele de Pascale presidentearekin, 2023an hasitako alde biko harremanak indartzeko. Prozesu horri esker, aurrera egin ahal izan da interes komuneko eremuen identifikazioan eta Elkar Aditze Memorandumaren (MoU) lanketan. Memoranduma 2026rako sinatzea aurreikusita dago, eskualdeen arteko aliantza estrategiko bat ezartzeko.
Bilerek harremanaren bultzada politikoa sendotzeko eta partekatutako sektore estrategikoetan lankidetza indartzeko balioko dute, besteak beste, manufaktura aurreratuan, energian eta jasangarritasunean, automobilgintzan, industria aeroespazialean eta teknologia digitaletan, adimen artifiziala, datuak eta teknologia kuantikoak barne. Era berean, enpresa-ekosistemen, klusterren eta zentro teknologikoen arteko lotura sustatuko da, dagoeneko hasita dauden lankidetza-dinamikei jarraitasuna emateko, besteak beste, Emilia-Romagnaren parte-hartzea Bilbon egindako Leaders’ Meeting bileran.
Boloniako lanaldian, Lehendakariak Matteo Zuppi kardinalarekin, Italiako Gotzainen Batzarreko presidentearekin, egingo dau bilera. Bolognako artzapezpikua eta Europako Eliza katolikoaren figura ospetsuenetako bat da Zuppi, eta elkarrizketarako, bitartekaritzarako eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko duen konpromisoagatik nabarmendu da, Sant ‘Egidio Komunitatearen tradizioaren ildotik. Euskadi ondo ezagutzen zuenez, Zuppik berak hartu zuen parte bake-prozesuan, eta ibilbide ezaguna du nazioarteko prozesuetan, hala nola Mozambiken eta, duela gutxi, Ukrainako gerrako ekimen diplomatikoetan.
Oro har, bidaiak indartu egiten du Euskadiren kanpo harremanen ikuspegi integratua, Euskadi Globala, non kulturak nazioarteko proiekzioaren elementu nagusi gisa jarduten duen, identitatea, berrikuntza eta lankidetza uztartuta, herrialdea sorkuntzarako eta erabakiak hartzeko espazio global nagusietan kokatzeko.






