- 2024ko datuen arabera, 686 fundazio eta 27.116 elkarte daude Euskadin eta funtsezko eragile gisa jarduten dute hainbat arlotan, hala nola hezkuntzan, gizarte-integrazioan edo pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan
- Ekintza publikoaren osagarri dira, milaka pertsonengan eragina duen jardueraren bitartez eta hortaz, sektore estrategikoak dira Euskadiko garapen ekonomiko, sozial eta komunitarioarentzat
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak , Maria Ubarretxenak, gaurko Gobernu Kontseiluan bi txosten aurkeztu ditu, batetik, Euskadiko Fundazio Sektorearen Eragina 2024 eta, bestetik, lehen aldiz egin den Euskadiko Onura Publikoko Elkarteen Eragina 2024 txostena. Bi dokumentuek modu sistematikoan aztertzen dituzte Euskadiko funtsezko bi sektore horien egitura, baliabideak, jarduera eta ekarpen sozial eta ekonomikoa.
Datuek berresten dute onura publikoko fundazioak eta elkarteak estrategikoak direla Euskadiko garapen ekonomiko, sozial eta komunitariorako, funtsezko eragile gisa jarduten dutelako hainbat arlotan, hala nola hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan, kulturan, teknologian, ikerketan eta berrikuntzan, gizarteratzean, pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan eta Euskadiko bizitza soziala egituratzen duten interes orokorreko beste zenbait eremutan.
Eragin ekonomikoa
Euskal Autonomia Erkidegoan 686 fundazio daude, eragin ekonomiko eta sozial handia dutenak, bai zuzeneko jardueraren bidez, bai ekonomiari egindako balio erantsiaren bidez. Ildo horretan, sektorea gai da jasotako finantzaketa publikoko euro bakoitzeko 2,6 euroko merkatu-balioa gizartera itzultzeko, eta horrek berretsi egiten du fundazioen ereduak baliabide publikoen kudeaketan duen eraginkortasuna.
Fundazioek 1.708 milioi euroko diru-sarrerak sortu zituzten 2024an; %43 finantzaketa publikotik zetorren, erdia baino gehiago Eusko Jaurlaritzatik eta laurden bat foru aldundietatik. Ondare agregatua 8.347 milioi eurokoa izan zen, eta fundazio-helburuetara bideratutako gastua 1.315 milioi eurotik gorakoa, 593 euro per capita, hau da, 2023an baino % 9 gehiago.
Bestalde, Euskadik 27.116 elkarte ditu inskribatuta, eta horietatik 255 onura publikoko elkarteak dira. Izendapen horrek egiaztatzen du zuzeneko ekarpena egiten diotela interes orokorrari eta guztion ondasunari.
Onura publikoko elkarteek ia 400 milioi euro lortu zituzten 2024an, %76 finantzaketa publikotik etorri zen eta horrek, baliabideen itzulera soziala indartzen duen lankide-eredu baten aldeko erakundeen apustua islatzen du. Elkarte horien gastua 395 milioikoa izan zen, hau da, 178 euro biztanleko, interes orokorreko helburuetarako. Bestalde, ondarea 176 milioi eurokoa zen.
Enplegua, herritarren parte-hartzea eta genero-ikuspegia
Fundazio-sektorea enplegu-sortzaile garrantzitsua da, 16.400 lanpostu zuzen sortzen baititu Euskadin. Emakumeen presentzia bereziki garrantzitsua da: langileen %57 emakumeak dira, lan-merkatuaren batez bestekoa gaindituz, eta patronatuetako karguen %37 betetzen dute emakumeek. Patronatuko emakumeen ehunekoak gora egin du eta joerari eutsiz gero, litekeena da 2027an emakume eta gizonen arteko oreka lortzea.
Onura publikoko elkarteei dagokienez, enpleguaren eta herritarren partaidetzaren eragile dira, 6.150 pertsona enplegatzen dituztelako eta 15.000 boluntario baino gehiagoren inplikazioa dutelako, gizarte-kohesioa eta konpromiso zibikoa indartuz.
Genero-ikuspegia da onura publikoko elkarteen ezaugarri nabarmenetako bat: langileen %73 emakumeak dira, eta horiek zuzendaritza-batzordeetako postuen %53 betetzen dute, berdintasunean eta ordezkagarritasunean oinarritutako gobernantza-ereduen alde.
Euskadiren ongizaterako eta garapenerako funtsezko eredua
Zifretatik harago, txostenek ikusarazten dute beharrezkoa dela fundazio eta elkarteen lana ezagutaraztea, gardentasunean eta ebaluazioan aurrera eginez, eta datuetan oinarritutako politika publikoak diseinatzea, Euskadiko garapen sozial eta ekonomikoan fundazio eta elkarteek betetzen duten funtsezko papera aitortu eta indartzeko.
Oro har, erakunde horiek ekintza publikoa osatzen dute, milaka pertsonarengan zuzeneko eragina duen jarduerak sustatuz, hala nola, lan-aukerak sortuz, premia bereziak dituzten kolektiboei arreta emanez, kultura eta komunitatea sustatuz eta ezagutza eta ikerketa bultzatuz.






