- EAEko Gazte Justiziaren 2025-2029 VI. Planak adingabeei zuzendutako hezitzaile, sozial eta prebentzio eta gizarteratzeko 30 neurri baino gehiago jasotzen ditu
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, María Jesús San Josék, EAEko 2025-2029 aldirako Gazte Justiziaren Plana aurkeztu du Gobernu Kontseiluan. Euskadik 1996an arlo horretako eskumena hartu zuenetik onartzen den seigarren plana da. Delituen prebentzioa, 14 eta 18 urte bitarteko adingabe arau-hausleen eskubideen bermea eta haien gizarteratzea ditu ardatz estrategiko nagusi.
Sailburuak planaren ildo nagusiak zehaztu ditu. Ildo horiek aurreko planaren ekintzak sendotzen dituzte, eta San Josek joan den abenduan Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako ebaluazioaren ondorioei erantzuten diete.
Plana honako printzipio hauetan oinarritzen da: erakundeen arteko koordinazioa, gardentasuna eta kontu-ematea, pertsonarengan zentratutako arreta, prebentzioa eta gizarteratzea eta etengabeko ebaluazioa. Guztira, 30 ekintza baino gehiago jasotzen ditu, lau ildo estrategikoetan egituratuta, aurreko planak hasitako ibilbidearekin jarraitzen eta sakontzen xede dutenak.
Lehen ildo estrategikoa zigor-legea urratzen duten jokabideak saihesteko prebentzioan oinarritzen da, arrisku faktoreak aurretik detektatzera, haurren eta nerabeen ongizatea sendotzera eta justizia errestauratiboa sustatzera bideratutako ekintzen bidez. Bigarren ildoak politika publikoak integratzearen aldeko apustua egiten du, erakunde publikoen, elkarteen eta gazte justiziaren eremuan esku hartzen duten beste eragile batzuen arteko ekintzak koordinatuz. Hirugarrena esku-hartzearen kalitatea hobetzera bideratuta dago, ebidentzian, protokoloen berrikuspenean, askotariko profiletara egokitzean eta profesionalen prestakuntza espezializatuan oinarritutako programen bidez.
Azkenik, planak erantzukizun publikoa eta kudeaketa eredua sendotzen ditu. Nahiz eta gazte justizia arloko jardueren kudeaketa Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritzari dagokio, ekintza horiek beste sailekin eta eragile publiko-pribatuekin elkarlanean egiten dira.
Planaren helburuak eta koordinazio bateratua
Gazte Justiziaren VI. Planak hezkuntza-, gizarte- eta gizarteratze-neurriak uztartzen ditu, adingabe bakoitzaren beharretara egokituta. Bederatzi helburu estrategikoek ikuspegi integral eta egokitzaileari eusten diote, eta haien helburua da gazte justiziaren sistema hobetzen jarraitzea. Zehazki, helburuak honako hauek dira: ebazpen judizialen exekuzioen hasierako epeak murriztu; justizia errestauratiborako sarbidea areagotu; neurriak betetzeko zentroetako protokoloak berrikusi eta bateratu, kalteberatasun egoerei aurre egiteko; erantzunak erabiltzaileen profil eta testuinguruetara egokitzea; gizarte-eta hezkuntza-esparruko arrisku eta babes faktoreak detektatzea; berrerotzean eragina duten faktore kaltegarriak aintzat hartu, administrazio bakoitzaren erantzukizun-esparrutik; inplikatuak dauden eragileei prestakuntza espezializatua eskaintzea; erabiltzaileari buruzko informazioaren bilketa hobetzea, eta, azkenik, gainerako erakundeen sarearekin koordinatzea.
Euskadiko gazte justizia esku-hartze publiko hezitzailean oinarritzen da, zigor penal hutsaz harago, eta delituak egin dituzten adingabeen erantzukizuna eta gizarteratzea ditu ardatz. Ikuspegi horretatik, sailen arteko koordinazioa funtsezkoa da delituak prebenitzeko eta haurren eta nerabeen ongizatea babesteko. Koordinazio horrek balio du gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak eraikitzeko, familia eta komunitate inguruneak indartzeko eta gazte justiziaren eredu koherentea, iraunkorra eta adingabearengan zentratua garatzeko.
Euskadin, gazte justiziaren politika publikoa Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gidatzen duen arren, neurrien ezarpenak beste sail batzuei ere eragiten die. Gauzak horrela, VI. Planak jasotzen ditu Segurtasun Sailak; Osasun Sailak; Ekonomia, Lana eta Enplegu Sailak; Hezkuntza Sailak eta Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak bere gain hartzen dituzten ekintzak ere.
Era berean, plana XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programan jasotzen da —bizikidetzari, memoriari eta giza eskubideei eskainitako ardatzean—, eta beste plan estrategiko batzuekin lotzen da, hala nola Justiziaren Plan Estrategikoarekin, V. Gazte Planarekin, Osasun Plana 2030ekin, Immigrazio Euskal Estrategikoarekin edo Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin.
Aurrekontua eta zentroen sarearen sendotzea
Justizia eta Giza eskubideen Sailak 12,5 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu ingurune irekiko zerbitzu eta programetara. Azken horietan neurri judizialak barneratzerik gabe betetzen dira. Hezkuntza zentroei dagokionez, Ibaiondo zentro publikoak, I. mailako bakarrak eta neurri murriztaileenak betetzen dituenak, ia 43 milioi euroko aurrekontua izango du.
I.eta III. mailako zentroek —irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutakoak— 57,7 milioi euroko aurrekontua izango dute. Segurtasunari dagokionez, arlo horretara bideratutako 14,7 milioi euroetatik erdia Ibaiondo zentrora bideratzea aurreikusten da.
2025-2029 aldirako, planean aurreikusten da ingurune irekiko zerbitzuetan zein hezkuntza zentroetan behar beste profesional espezializatuak izatea. Ingurune irekian 15 adingabeko profesional bateko ratioa ezartzen da, baina langileen aurreikuspena handiago da. Hala, Bizkaiak 16 profesional izango ditu, Gipuzkoak zortzi eta Arabak bost.
Bestalde, gazte justiziako hezkuntza zentroek diziplina anitzeko profesionalak dituzte, arreta integrala eta pertsonalizatua bermatzen dutenak. Lantalde horiek osatzen dituzte zuzendaritzako eta administrazioko langileek, teknikariek eta koordinatzaileek, hezitzaileek, irakasleek eta zerbitzuetako laguntzaileek.
Ibaiondoren kasuan, adibidez, 39 plazari erantzuteko honako langile taldea dago: zuzendaritzako eta administrazioko bost pertsona, bi psikologo, bi gizarte-langile, 65 hezitzaile, 13 irakasle eta zaintzako, sukaldeko, garbiketako eta mantentze-lanetako langileak.
I.eta III. mailako hezkuntza-zentroek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutakoek, beren langileak zentro bakoitzaren edukierara eta erabiltzaileen beharretara egokitzen dituzte.
Joera berriak
Gazte Justiziaren V. Planaren ebaluazioa, iaz, EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egina, Gazte Justiziaren VI. Plana egiteko oinarria izan da, eta gazte justiziaren Euskal ereduaren emaitza positiboak nabarmendu ditu.
Horien artean, berrerortzearen beherakada nabarmentzen da; izan ere, egun, %11koa da, aurreko plana bukatu zenean %13koa zenean. Datu horrek berresten du esku-hartze hezitzaile, errestauratiboa eta erantzukizuna sustatzen duten neurrien eraginkortasuna.
2020-2024 aldian, adingabeek egindako 11.751 arau-hauste erregistratu ziren; horietatik, 9.784 delituak izan ziren —nagusiki, ebasketak, lesioak eta etxeko eta genero indarkeria— eta 1.967 delitu arinak izan ziren. Hori dela eta, 3.611 neurri ezarri ziren, eta, horietatik, %75 ingurune irekian bete ziren, hala nola zaintzapeko askatasuna, barneratzeak, komunitatearen aldeko prestazioak eta gizarte- eta hezkuntza-jarduerak. Era berean, 2.738 zigor-epai eman ziren eta 222 absoluziozkoak izan ziren.
Profilari dagokionez, adingabe arau-hausle gehienak 16 eta 17 urteko mutilak dira, lehen delitu egin dutenak eta Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak.
Ebaluazioak, halaber, justizia errestauratiboaren garrantzia erakusten du. Aztertutako aldian, 2.470 bitartekaritza egin ziren, eta, horietatik, %73k emaitza positiboak izan zituen. Erantzukizuna, kaltearen ordaina eta adingabeen konpromiso pertsonala sustatzen dituen mekanismoa da.
Planaren lorpen nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira: neurrien betearazpen eraginkorra, adingabeen eskolatzea eta lanbide heziketa hobetzea, banakako arreta proportzionaltasun irizpideetan eta hezkuntzaren kalitatean oinarrituta, eta profesionalen etengabeko prestakuntza.
Hala ere, erronka garrantzitsuek indarrean jarraitzen dute; adibidez, teknologia berriek gazteen delitu profilaren eraldaketan duten eragina, sustantzien kontsumoa, osasun mentaleko arazoen gorakada, sexu-askatasunarekin lotutako delituak, aisia egituratuaren gabezia eta adingabe batzuen familia-prekarietatea. Erronka horiek guztiek indartu egiten dute datozen urteetan prebentzioa, hezkuntza esku-hartzea eta laguntza psikosoziala uztartuko dituen ikuspegi integral bati eusteko beharra.






