- Bere berrikuntza nagusiak dira prestakuntza sanitario espezializatuko aldia emandako zerbitzu gisa aitortzea eta betetzeko zailak diren lanpostuetan puntuazio gehigarria lortzea
- Sinatutako dokumentuak ezartzen du urtero deialdi bat egingo dela eta ordainsari-ondorioak deialdiaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituela
- Gaur egindako Mahai Sektorialean, gainera, Osakidetzak iragarri du kontratazio-zerrenda berriak irekiko direla, zehazki, Erizaintza Pediatrikorako eta Dietetika eta Nutriziorako
Gaur, Osakidetzak akordio bat lortu du Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin, Satse-rekin eta CCOO-rekin lanbide-garapeneko eredu berriaren inguruan. Eredu berriaren nobedade nagusien artean, aipatzekoa da osasun-prestakuntza espezializatuko aldia (BAME, BAEE, BAFE, BAPE…) emandako zerbitzu gisa aitortuko dela. Dekretu berriak, gainera, urtero deialdia egitea ezartzen du, eta deialdiaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira dagozkion ordainketa-ondorioak. Hala onartu da gaur goizean Osakidetzaren Gasteizko egoitzan egin den Osasuneko Mahai Sektorialean.
Akordio hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak hartutako elkarrizketarako, entzuteko eta akordiorako jarreraren beste adibide bat da, profesionalekin eta sindikatuekin etengabe harremanetan, Mahai Sektorialaren bileretan zein aldebiko bileretan, haien proposamenak aztertuz eta akordioak adostuz hobekuntzetan modu iraunkorrean aurrera egiteko eta, azken batean, herritarrei kalitatezko zerbitzuak emateko. Hala ere, Osakidetzak gogorarazi du Euskadiko Mahai Sektorialean horrelako akordioak lortu arren, ez dutela berekin ekartzen euskal osasun-sistema publikoan hainbat greba-egun eragiten ari den lan-gatazka desblokeatzea; izan ere, horren konponbidea Osasun Ministerioaren esku baino ez dago, Estatutu Markoaren negoziazioan eskumena baitu, eta haren proposamenak ez ditu Greba Batzordearen aldarrikapenak asebetetzen.
Gaurko Mahaiarekin, Osakidetzak positiboki baloratzen du lortutako akordioa, lanbide-garapenari segurtasun juridikoa ematen baitio eta mailak esleitzeko eredu bidezkoagoa eta arinagoa ezartzen baitu. Lanbide-garapena ibilbidearen, prestakuntzaren, esperientziaren eta merezimenduen araberako mailak aitortzeko sistema bat da, eta asistentzia-kalitatea hobetzea, langileak motibatzea eta haien konpetentzia profesionala handitzea du helburu. Sindikatu guztiek nabarmendu dituzte, sinatzaileez gain, hemendik aurrera indarrean egongo den ereduaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuan jasotako aurrerapen garrantzitsuak.
Hala, lehen aldiz aitortuko da prestakuntza espezializatuan emandako denbora, eta, beraz, profesionalek denbora hori gehitu ahal izango dute BAME, BAEE, BAFE, BAPE edo beste espezializazio-esparru batzuetan emandako zerbitzu gisa, ibilbide profesionalaren ondorioetarako. Gainera, honako berrikuntza hauek ezarri dira:
- Estatuko oinarrizko araudiaren eredura egokitzea bermatzen duen xedapen gehigarri bat gehitzea.
- Urteko deialdiak, zeinen ordainsari-ondorioak deialdi bakoitzaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko baitira.
- Puntuazio gehigarria, betetzeko zailak diren lanpostuetan zerbitzuak emateagatik.
- Genero-ekitatearekin lotutako faktore zuzentzailea, bateragarritasunarekin lotutako egoeren ondorioz parte hartzeko gaitasun txikiagoa izan duten pertsonentzat.
- Hizkuntza-gaitasunak eta gaitasun digitalak txertatzea lanbide-talde guztientzat.
Dekretua orain hasiko da administrazio-izapideekin, eta Gobernu Kontseiluan onartu eta EHAAn argitaratuko da.
Pediatriako erizaintzako eta dietetika eta nutrizioko kontratazio-zerrenda berriak
Lanbide-garapenari buruzko akordioarekin batera, Osakidetzak Osasuneko Mahai Sektorialean iragarri du kontratazio-zerrenda berriak irekiko direla bi kategoria profesionaletan: Pediatriako erizain espezialista eta Dietetitako eta Nutrizioko Gradua.
Pediatriako erizain espezialistaren kategorian kontratazio-zerrendak irekita, pediatria-arloetako asistentzia-estaldura indartuko da gero eta eskari eta espezializazio handiagoko testuinguru batean. Gainera, bereziki garraitzitsua da Haursareren zabalkunde fase berrian, gaixotasun larriak eta konplexuak dituzten haur eta nerabeei arreta emateko sarearen hedapenean, alegia.
Dietetikako eta Nutrizioko Graduko zerrenden kasuan, profesional horiek Osakidetzan txertatzea ezinbestekoa delako irekiko dira.






