Lehendakariordeak kultura askatasunaren adierazpen gisa aldarrikatu du Venezian eta 2028an Euskadik Bienalean espazio propioa izateko helburua iragarri du

0

“I Baschi allá Bienale” proiektuaren lehen ekitaldiak Euskadiren nazioarteko proiekzioarekin lotzen du memoria, 1976ko Bienalean euskal artistek askatasunaren balioak defendatu zituzten leku berean

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kultura askatasunerako, identitaterako eta balio demokratikoen defentsarako tresna gisa aldarrikatu du gaur Venezian, Scuola Grande San Giovanni Evangelistan izan den ekitaldi instituzionalean, Bienalean lehen euskal presentziaren 50. urteurrenean.

Lehendakariordeak hasiera eman dio Veneziako agenda instituzionalari “I Baschi allá Bienale” proiektuarekin. Bere hitzaldian esan duenez, bere identitatea eta ahots propioa adierazteko gaitasuna da herri bat definitzen duena, euskara espresio kolektibo horren ardatz nagusi gisa kokatuta. Ildo horretan adierazi duenez, kulturak, gizarte bat islatu ez ezik, gizartea eraikitzen laguntzen du, eta ohartarazi duenez, bakea, giza eskubideak, demokrazia eta justizia soziala bezalako balioak “ez daude bermatuta”, egunero defendatu behar dira.

Bengoetxeak hiru une garrantzitsu —1936, 1976 eta 2026— lotzen dituen ibilbide historiko baten barruan kokatu du bere hitzaldia, kontrako testuinguruetan askatasuna, demokrazia eta autogobernua defendatu zutenen ondarea balioan jartzeko. Gaur egun, konbikzio eta ardura bereko belaunaldi berri batek bere gain hartzen du jarraitasun hori.

Euskadi 2028ko Bienalean

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikoa iragarri du, Veneziako Bienalean Euskadiren nazioarteko presentzia sendotzeko: “Lanean ari gara Euskadik espazio propioa izan dezan 2028tik aurrera Bienalean. Espero dugu lortzea”. Urrats hori emanda, euskal sorkuntza artistikoa etengabe proiektatu ahal izango da munduko erakusleiho kultural nagusietako batean.

Memoriari begira

Topaketak memoriari ere zuzendu dio begirada bat, gogorarazteko espazio horretan bertan bihurtu zela kultura askatasuna defendatzeko modu bat 1976an. “Duela 50 urte, toki honetan bertan, askatasuna defendatzeko modu bihurtu zen kultura. Gaur borondate hori bera berresteko itzuli gara”.

Askatasunik ezak markatutako testuinguru hartan, euskal artistek eta erreferente kulturalek herri baten ahotsa eraman zuten Veneziara, ikurrinari —garai hartan debekatua— ikusgarritasuna emanez, eta artea adierazpen demokratikorako eta berrespen kolektiborako bide gisa erabiliz.

Berrogeita hamar urte geroago, ekitaldiak une hartan protagonista izan zirenak eta haien familiak aitortu nahi izan ditu, gaur egun memoria horren parte bizia baitira. Beren presentziari esker, belaunaldien arteko lotura bat ezarri ahal izan da, eta gaur egun oraindik ere hedatzen ari den ondare kultural eta demokratiko baten jarraipena indartu da.

Nazioarteko eta artearen munduko eragileen presentzia

Topaketak euskal ekosistemaren funtsezko eragileak bildu ditu lehen mailako nazioarteko testuinguruan, besteak beste, Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendaria; Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendaria; eta proiektuan parte hartu duten artistak (Jose María Zabala, Damaris Pan, Mari Puri Herrero, TRIPAK kolektiboa). Era berean, bertan izan dira 1976ko Bienaleko protagonisten senideak bai eta Nazioarteko eragileak ere.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan dira.