Kongresuaren testuinguruan, NPLD Sarearen Batzorde Orokorra ere ospatu da, eta bertan Jaurlaritzak iragarri du hurrengo Zuzendaritza Batzordea Bilbon izango dela, 2027ko urrian antolatuko diren nazioarteko kongresuen harira
NPLD – Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak eta Stockholm-eko Unibertsitateak elkarlanean maiatzaren 7an eta 8an nazioarteko konferentzia bat antolatu dute, Stockholm-en, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan Aitor Aldasoro, Hizkuntza Politika sailburuordea eta Sonia Rodriguez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
Maiatzaren 7an Stockholm-en Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen Batzorde Orokorra antolatu da, Konferentziaren testuinguruan. Bertan, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordeak iragarri du 2027ko urrian Zuzendaritza Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoan antolatuko dela, zehazki, Bilbon. Bide batez, 2027an Jaurlaritzak antolatuko dituen nazioarteko bi Kongresuetara gonbidapena luzatu die Sareko kideei.
Batzorde Orokorrean parte hartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak maiatzaren 8an antolatutako «25 years of the European Charter in Sweden: Achievements, Gaps and Future Directions in Sweden an Beyond» (Eurokartak 25 urte Suedian: lorpenak, hutsuneak eta etorkizunerako norabideak Suedian eta harago) izeneko nazioarteko konferentzian parte hartu du.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD)
NPLD (Network to Promote Language Diversity) Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea da, maila guztietako informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean gehiago aintzatesteko.
Eusko Jaurlaritza eskubide osoko kidea da Sarea sortu zenetik, 2008 urtetik. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egiten du normalean, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko gobernuak, ikerketa guneak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europako erakunde publiko zenbait, besteak beste, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân), besteak beste.
Konferentziak Europa osoko eskualdeko eta gutxiengoen hizkuntza komunitatetako ordezkariak elkartu ditu Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren ezarpenaren gaineko balorazioak eta hizkuntzen babes eta sustapen esperientziak trukatzeko.
Hizlarien artean, besteak beste, Anna Solé, Europako Batzordeko aditua eleaniztasunaren arloan; Jürgen Pirker eta Jarmo Lainio, Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europar Gutunaren Adituen Batzordeko buruordea eta kidea, hurrenez hurren; eta Eva Pons, Bartzelonako Unibertsitateko ikertzailea.
Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna 1992ko ekainaren 25ean onetsi zen Estrasburgon. Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak konbentzio-izaera eman zion, eta urte horretako azaroaren 5ean, Europako Kontseiluko hamaika estatu kidek sinatu zuten, Espainiakoak, besteak beste, zeinak 2001eko apirilaren 9an berretsi baitzuen.






