Nazioarteko berrogeita hamar bat adituk hartuko dute parte Università Ca’ Foscari Venezia eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko jardunaldi akademikoan
Euskadik Venezian egin du gaur Arte Garaikidearen Bienalaren atarian antolatu diren hiru ekitaldietatik bigarrena. Jardunaldi akademikoak kulturaren, identitatearen eta nazioarteko proiekzioaren arteko lotura jarri du eztabaidaren erdigunean.
Topaketaren goiburua “Euskadi Veneziako Bienalean 1976: etorkizunerako memoria” da, eta Ca’ Foscari Unibertsitateko Santa Margherita Auditoriumean egiten da —Cinema Moderno izandakoa—. Sinbolismoz betetako espazio horretan duela berrogeita hamar urte euskal artisten lanak proiektatu ziren Bienalaren esparruan. Jardunaldian izan dira Università Ca’ Foscari Veneziako errektorea, Tiziana Lipiello eta Francesca Santulli, Università Ca’ Foscari Veneziako Hizkuntza eta Kultura Ikasketa Konparatuen saileko zuzendaria, nazioarteko berrogeita hamar espezialista ingururekin batera.
Testuinguru horretan, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak kulturak eta pentsamenduak gaur egun duten zereginean oinarritu du bere hitzaldia, eta azpimarratu duenez, erakusketa-guneak ez ezik, aztertzeko, eztabaidatzeko eta sen kolektiboa eraikitzeko guneak dira ere.
“Kultura erakutsi ez ezik, pentsatu, aztertu eta eztabaidatu ere egiten da”, adierazi du, eta azpimarratu du horrelako topaketek sakoneko gaiak jorratzeko aukera ematen dutela, tartean narratiba kulturalen eraikuntza eta nazioarteko proiekzioa.
Hortik abiatuta, jardunaldia egituratu duten bi galdera egin ditu lehendakariordeak: Nola eraikitzen da identitate kultural bat nazioartean? eta Zer eginkizun betetzen du arteak eraldaketa sozial eta politikoaren prozesuetan? Bere hitzaldian, gai horiek erabat indarrean jarraitzen dutela eta ziurgabetasunak markatutako testuinguru global batean erantzun berriak behar dituztela defendatu du.
Ildo horretan, egungo nazioarteko eszenarioak, gatazkak, krisiak eta tentsio geopolitikoak tartean, pentsamendu- eta sorkuntza-espazioak indartzea eskatzen duela ohartarazi du. “Begirada akademikoa eta kultura ezinbestekoak dira autoritarismoaren eta populismoaren gorakadaren aurrean”, adierazi du, eta erakunde kulturalek eta akademikoek balio demokratikoen defentsan duten erantzukizuna azpimarratu du.
Bestetik, lehendakariordeak Euskadik nazioartean bere berezitasun kultural eta linguistikotik proiektatzeko duen gaitasuna jarri du balioan, eta euskara elementu identitario gisa ez ezik, sorkuntza garaikiderako eta beste testuinguru kultural batzuekin hitz egiteko tresna gisa ere nabarmendu du.
Bienalarekin lotura
Jardunaldia Biennale Sessions programa ofizialarekin lotzen da: Veneziako Bienalaren esparru akademiko ofiziala, eta arte garaikidearen nazioarteko ekitaldi nagusia. Ardatz horren bidez, Euskadik 2076ko Bienalean izandako presentzia artikulatzen du, pentsamendua, sorkuntza eta nazioarteko proiekzioa lotuta, Universidad Ca’ Foscari Veneziarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan.
Programaren edukia
Jardunaldiak nazioarteko berrogeita hamar aditu inguru biltzen ditu eta Universidad Ca’ Foscari Veneziak eta Etxepare Euskal Institutuak zuzendu dute,Monika Madinabietiak (Etxepare Euskal Institutua), Elena Roserasek (Artium Museoa) eta Miren Vadillok (EHU) osatutako batzorde akademikoarekin batera.
Biharko saioan, Euskadik testuinguru globalean duen posizioa eta eraldaketa sozialak jorratuko dira, Joseba Zulaika antropologoak emango duen hitzaldian. Ondoren, 1976ko Bienala ikuspegi historiko eta kulturaletik aztertuko da, Miren Vadillorekin, eta sistema artistikoaren ikuspegi kritikotik, berriz, Peio Aguirrerekin.
Arratsaldeko saioak lengoaia artistikoetan eta sortze-prozesuetan oinarritutako ikuspegia izango du, estetika, zinema eta praktika esperimentalei buruzko esku-hartzeekin, Beñat Sarasolaren eta Leire Vergararen eskutik. Jardunaldiaren amaieran, Tripak taldearen performance bat izango da, espazio berean pentsamendua eta praktika artistikoa uztartuta.
Memoriadun espazioa eta herri proiektua
Cinema Moderno zaharrean jardunaldi hau egiteak iraganaren eta orainaren arteko lotura indartzen du. Izan ere, 1976ko Bienalean euskal parte-hartzearen memoria aktibatzen du analisi garaikidetik abiatuta.
Topaketa honek jarraitasuna ematen dio aldez aurretik Venezian egindako ekitaldi instituzionalari, eta ardatz artistikoarekin osatuko den programa zabalago batean txertatzen da, Bienalaren testuinguruan memoria, pentsamendua eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen proposamena osatuz.






