Euskadiko LGTBIQ+ Familien Jardunaldien bigarren edizioa hasi eta amaitu da Bizkaia Aretoan (EHU) Bilbon. Topaketan ikertzaileak, erakundeetako ordezkariak eta familiak bildu dira. LGTBIQ+ familien ahalduntzea ikusarazteko eta sustatzeko helburuarekin SEHASKA elkarteak antolatutako jardunaldiak nazioarteko hizlariak batu ditu.
Jardunaldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasuneko zuzendari Txema Ezkerrak jardunaldi horren balioa nabarmendu du, elkarrizketa eta LGTBIQ+ familiek egunez egun duten errealitatearen ezagutza sustatzeko. «Erabateko aniztasunean bizitzeko behar zaituztegu, baita bizikidetzan aurrera egiteko eta belaunaldi guztiek beren bizi-proiektuak bete-betean egin ahal izatea bermatzeko ere» adierazi du Txema Ezkerrak.
Belaunaldien arteko elkartasuna familia, komunitate eta erakunde guztien arteko aliantza bat dagoenean bakarrik posible dela gaineratu du Ezkerrak. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa indartu du, LGTBIQ+ familien ingurune seguruak gero eta zabalagoak izan daitezen eta segurtasunik gabeko inguruneak gero eta gehiago murriztu daitezen.
SEHASKA elkartearen izenean, Pablo Bilbaok adierazi du gizarte tolerantean eta inklusiboan bizi garela, baina oraindik ere erne ibili behar dela. «Gure helburuen artean daude gorroto-delituen artean beren familien osaketagatik edo egituragatik haurrek jasan lezaketen diskriminazioa sartzea , eta estatuko autonomia erkidegoetako adopzio eta harrera-gida bat bultzatzea eta aukera horietara jotzen dutenen datu estatistikoak biltzea», azaldu du Pablo Bilbaok.
Bestalde, Asier Molleda, Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak, «Familia Homoparentalen Barne Dinamikak Ikuspegi Sistemiko batetik esploratuz» izeneko bere ikerketa-lanean sakondu du bere hitzaldian. Familia homoparentalen erresilientzia eta sozializazio emozionala aztertu ditu 135 familiarekin egindako landa-lanean. «Sexu-orientazioak ez du eraginik guraso onak izateko gaitasunean. Familia horiek ageriko estigma pairatzen dute (lege-oztopoak, aurreiritziak eta erronka burokratikoak seme-alaben erregistrorako), baita estigma ikusezinak ere (mikroerasoak eguneroko bizitzan edo armairutik irten behar izatearen nekea etengabe). Estigma horrek zuzeneko eragina du ez bakarrik gurasoengan, baizik eta baita seme-alabengan ere» adierazi du Asier Molledak.
Jardunaldian, Francesca Re, Italiako Associazione Luca Coscioniko abokatua, LGTBIQ+ familien egungo egoera legalean eta politikoan arreta jarri duena; edo Nicola Carone, Psikologiako ikertzaile eta irakasle elkartua, gurasotasuna eta egokitzapena eratzen duten faktoreetan zentratu dena gurasoak LGBTQ+ dituzten familietan.






